Iritzia
19Ekaina
2005
19 |
Iritzia

‘‘ezkontza’’ oparitzat

Iritzia
Ekaina 19 | 2005 |
Iritzia

EUSKARAK ere ematen dizkio gaztelaniari hitz bakar batzuk. "Zulo", "talde" eta "kale borroka" izango dira hogeigarren mendean eman dizkion errepikatuenak. "Ezkontza" izan beharko luke mende honetan opari egin beharko geniokeen hitza. Euskaldunok ez dugu, hitzean bederen, homosexualen ezkontzari buruz latinetik sortu diren hizkuntzetakoek duten eragozpenik. Latinkume horietan amaren eginkizuna nabarmentzen denez, ez omen egokia sexu bereko bikoteentzat "matrimonio" hitza. Eta zergatik onartzen dute adineko bikoteentzat? Har bezate "ezkontza". Eta kitto.

Baina izenean baino izanean ez ote dute eragozpen gehiago. Gotzainei, behintzat, sexu bereko bikoteen harreman antzuetatik familiaren bukaera datorrela iruditzen zaie, ar-emeen harreman jorietatik bakarrik sortu izan baitira seme-alabak, ia oraintsu arte.

Homosexualak beste bikoteen eskubide berdinak ari dira aldarrikatzen eta eskatzen. Baina aldarrikapenaren harroaldia itzali ahala bere onera etorriko dira ezkondu beharra eta seme-alabatzakoen beharra. Bikote homosexualen ezkontzak ez du familia hondatuko. Beste zerbaitek hondatuko du herri aurreratuetan familia. Ikus, bestela, umerik gabeko zenbat bikote heterosexual dauden. Ikasketak bukatu, mundua ezagutu, lana aurkitu eta etxea erosterako joan zaizkie emakumeei seme-alabak izateko urterik onenak eta gogorik handienak. Bat gehienez ere, gutizia artean gaizki hazteko. Herri atzeratu eta behartsuetan bakarrik dituzte emakumeek umeak, untxien pare. Herri aurreratuetan haurrak hazi behar dituen amari ez bazaio beste lanbide bat duenari bezala ordaintzen, bukatu da herri aurreratuetan familia, euskaldunona behintzat bukatzear da. Eta bukatzear dira anaia, ahizpa, neba, arreba, osaba, izeba, izeko, otto, ttantta eta iloba hitzak ere, nekazaritzako asko bezalaxe.

Eskuin-eskuineko alderdia indartzea bakarrik lortuko dute gotzainek beren jokabidearekin. 

PARTEKATU