Iritzia
05Ekaina
2005
05 |
Iritzia

Bi adiskideren oroitzapenetan

Iritzia
Ekaina 05 | 2005 |
Iritzia

HILETAK ditugu topaleku behin urte batzuk ezkero. Eta denetara iristerik ere ez dugu izaten, zoritxarrez. Hori gertatu zitzaidan joan den asteartean, ez baitut denbora berean bi lekutan izateko dohainik, oraingoz. Hondarribira joatea erabaki nuen, Joan San Martini azken agurra egitera. Baina penaz geratu nintzen Balentin Aldalur «Zialtzeta» trikitilariaren hiletara Usurbila azaltzerik izan ez nuelako.

Ez dakit Joan San Martinek eta Balentin Aldalurrek mundu honetan elkar ezagutu zuten. Baina seguru nago Zialtzetaren trikitixarekin dantzan joan zirela biak izarretan barrena.

Balentin umorea jartzen saiatu zen bere bizitzan. Hamaika jai arratsalde eder pasa zuten garai bateko gazteek soinu-joleei esker. Hamaikatxok ere aurkitu zuen erromeria horietan bere bizitzako laguna. Zialtzetak ere, Primi Erostarbe panderojole eta koplari zuela, gozatu ederrik eman zien orduko neska-mutilei. Ez zen orain aina festa aukera eta musika tresna, baina jai arratsalde alaiagoak eta zoriontsuagoak bizitzen ote zituzten deritzat.

Joan San Martinek euskarari, euskal kulturari eta Euskal Herriaren aztarna eta sustrai zaharrak aurkitzeari eskaini zion bere bizitza. Horretan gozatu zuen, noski. Baina gozamen hori ez zuen beretzat bakarrik gorde, besteren jakinmina asetzen saiatu baitzen. Zenbati ez ote zizkion edozein alorretan ikerketarako aztarnak erakutsi. Etenik gabeko formakuntza egin zuen gure eibartarrak. Baina ez zen ikasketa eta ikerketa hutsean geratu, ekinbide askotan hartu baitzuen parte: Euskaltzaindiaren antolaketan, bertsolarien txapelketetan, euskalduntze-alfabetatze eskoletan, itzultzaile eskolan, herriaren erakundetzean eta abarretan.

Bidegabekeriak, bortizkeria, gorrotatzen zituen, ez beste ezer, besteren iritziekiko begirune handia baitzuen. Ez zituen ertzak eta koskak maite, haitzetan igotzeko eta leizeak arakatzeko izan ezik.

PARTEKATU