Iritzia
29Maiatza
2005
29 |
Iritzia

Seko utzi edo ondo bukatu

Iritzia
Maiatza 29 | 2005 |
Iritzia

SEKO UTZI edo ondo bukatu. Hori da kontua. Eta ez, menderagarria den ala menderaezina. Herri honen bakerako eta normalizaziorako hobena zer litzatekeen erabakitzea da kontua. Ajuria-eneako ituna hautsi arte garbi zuten denek, itxuraz bederen: elkarrizketaren bidez amaitu behar da ETArekin, bere burruka armatua uzteko prest dagoenean. Aldi berean, Gernikako Estatutuaren ahalbideak eskuratu eta gehiengoak eskatzen zuena lege bihurtu behar zen.
Denok badakigu itun hura zertan amaitu zen: ez ETAk agertzen zuen bere borroka bortitza uzteko gogorik eta ez Espainiako gobernuek euskal gatazka konpontzeko asmorik. Izar argi bat agertun zen orduan Euskadiko ortzian: Mayor Oreja. Menderatu, txikitu, apurtu, zukutu, suntsitu, egin behar da ETA. Eta izar argi haren distirak lausoturik, Redondo eta PSE ezezik, Zapatero eta PSOE ere segizioko leialenak bihurtu ziren. Are okerrago, segizioaren buru jarri, abertzaletasun oro gaitzetsi eta ezker abertzalea legez kanpora uzteko. Bortizkeriaren kontrako borrokan edozer zen zilegi: gezurra, nolabaiteko legeak, nolabaiteko auziak, biktimen erabilera eta abar. Eta edozer egitea ontzat ematen ez zuen guztia ere salatu, gaitzetsi eta zigortu egin behar zen.

Behin ere ihes egin behar ez zuen demokraten sailera itzuli da orain PSOE, bat-batean, bakea moko-mokoan dagoelakoan. Barruko txitxareek besterik eskatzen badigute ere, harik eta zauririk gutxien eta ttikienak utziko dituen bukaera da onena, noski. Hala ere, Ramon Jauregiren ustez, ez zuen «PPrekin hautsi duen bezala hautsi behar». Arrazoi izan dezake. Elkartu zen bezala ez zuela elkartu behar, egiago da, ordea. Ez dakit ETAk onez-oneko bakerik nahi duen. Ez da itxura handirik. Dena den, bakea ahoan, bake nahia baino EAJ baztertu nahia ez ote da nabarmenagoa? Eta horretan dihardute, irteerarik gabeko zuloan EAJ bakarrik itoko delakoan. Beste guztiak baino argiagoa dela eta arrazoi osoa duela uste izatea da ezkerraren gaitza. Eta axkarkerietan galtzen ditu aukera guztiak.

PARTEKATU