Jakin, badakigu, elebitasun dekretu bat lortu zela 1968an. Euskaraz irakasteko lasapide apur bat ekarri zuen horrek, noski. Baina 1975ean ere legez kanpo ikastola asko zeuden. baimena eskatu zuten 27tik 4k bakarrik lortu zuten baimena. Gipuzkoakoen aurrekontua 180 milioi pezetakoa zen urte horretan; Madrilgo subentzioa, berriz, 50 milioitara ez zen iritsi. Franko hil eta handik bost urtera, 1980an, lortu zuten ikastolek «Titularitate Ofiziala» Eusko Jaurlaritzaren bidez. Horri eskerrak legeztatu ziren 1.738 gela.
Gehienak 1978an hasi baziren Gizarte Segurantza ordaintzen erretirorako okerra 140ri baino gehiagori ez al zaie aterako? Izan ere, urte horretarako 50.000 ikasle bazituzten ikastolek. Baina oker guztiak ez dira Gizarte Segurantza bere garaian ez ordaintzetik bakarrik sortzen, funtzionarien mutualitatekoek eta segurantza orokorrekoek ez dituzte abantaila berdinak, ezta pribatukoek eta publikokoek ere. Pribatukoak 60 urterekin erretira daitezke ehuneko ehun jasoz; publikokoak, berriz, 65 urterekin erretiratu behar dute ehuneko ehun jaso nahi badute. 60 urterekin erretiratzen den publikoko andereñoari, beraz, bi aldetatik lermatzen zaio zahar saria: Gizarte Segurantza ez ordaintzeagatik eta erretiroa aurreratzeagatik.