Egia osoaren jabe da Arregi. Zorionez, inor gutxi liluratzen du bere egiak. Hainbeste eman dion alderdia agintetik bota arteko onik ez du. Isildu gabe aritu da «aldaketa» kanpaiak jotzen egunero, egunkari batean edo bestean, irrati batean edo bestean, telebista batean edo bestean. Hala ere, zenbat boto eraman dizkiete Arregik eta Guevarak sozialistei? Bat bera ere ez, noski. Jendeak antzeman egiten baitio arrazoiz eta zinez aldatu denari eta, Mosquera bezala, ezkur bila dabilenari. Jendea berehalaxe jabetzen da nor aldatu den iritziz eta nor txaketaz, nor dagoen iritzia aldatzeagatik dena galtzeko prest eta nor abantailengatik edo zaputzagatik besteak saltzeko prest.
Gauza on bat sumatu dut hauteskunde hauetan: alderdi batean edo bestean «zikintzen» ikusi ditut euskal idazleak. Laino guztien gainetik zelatan eta marmarrean baino nahiago ditut horrela. Hala ere, plataformetan baino nahiagoko nituzke alderdikidetuta ikusi, Lizardi, Lauaxeta, Koldo Mitxelena, Martin Ugalde, Txillardegi eta abar bezala. Plataformak alfer dira, bistakoa denez. Eragin nahi duenak barrutik egin behar du lan.