Bada abertzale sutsu eta jator batzuen artean tentazio nabari nabaria, hots, euskara bera helburu eta xede bihurtzeko joera duena hain zuzen. Toki sekretu eta ezkutu batean, han, bihotz hondo hondoan euskararentzat gordez, baina aldi berean komunikaziorako mintzabide, tresna eta adiera-gailu erdara, gaztelera gehienbat, hartuz. Edo itxurarako bakarrik erabiliz bere euskara maitea, erakustoki batean ohorez horniturik aurkezteko gisan: «Idioma Heráldico» esan zuen inoiz irriz Krutwig euskaltzainak, paparrean arro erakutsi eta eramateko erabiltzen den edonor itsutzeko domina distiratsua. Pertsona eta herrien izenak erabat autoktonoak eta guztiz garbiak izan daitezela. Ageri dena, ofizial dena, jende aurrekoa denaren jokamoldeari hiperbaloratu eta lehentasuna emanaz. Euskaraz aritu pittintxo bat kanpotarrak lilurazteko baina erreminta arrunt eta egiazkotzat gaztelania erabili. Bide txarra da hori. Zeren tresna jakin baten alde egiten da noiz eta tresna hori erabiltzen baita... baina ez gertakari bakan eta ospetsu batzuetan bakarrik. Asko hitz egin da euskarari buruz, ikerketan objektu bezala hartu ere bai, eta ongi da, baina tresnari esker ona emateko modua berau erabiltzea da, hiritar arruntak izan ditzakeen esan-beharrekoak adierazteko erremintatzat hartzea.«Baina hizkuntza ez ote da, gero, tresna huts soila baino besterik?» galdetu dezake zenbaitek, «Ez ote du pertsonak hizkuntzan beste baliorik ere aurkitzen?», «Ez ote da gure identitate eta nortasunaren ezaugarri nagusia euskaldun bezala, gure arimaren odola?» ...edo beste horrelakorik. Bai, nahi baduzu. Bai halaxe ulertu, nahi eta desio izan ezkero. Ni neu ere adiskide hartantxe nauzu zalantzarik gabe, bada bai zerbait gehiago hizkuntza batean. Bada gehiago euskaran. Baina, bere egitez eta sortzez, ordea, beste hori da, komunikatzeko tresna eta erreminta, mintzabide eta adiera-gailu. Eta beste balio horiek erantsiak dira, gainetiko bat bezala dira, hots, gehigarri gisa emanez hizkuntza berak bereganatzen dituenak. Baina hizkuntzaren berezko zertarakoak huts egin baleza, beste horiek neurri handi batean bederik galdurik lirateke. Jakin, badakigu gizakiz osatutako komunitate batek hizkuntzan bere nortasunaren ispilu edo irudia ikusi ohi duela eta herri kontzientzia pizteko bide eraginkorrenetakoa dela mintzaira. Hori hala da. Egia. Eta egiago bereziki, administrazio ezberdinetan zatiturik eta beraz estaturik gabeko nazio eta herrietan. Euskadi kasu. Eta beraz, ezin esan inolaz ere baztertu behar denik hizkuntzaren beste aldarrikapen, esanahi eta aurpegi hori. Baina hizkuntzaren alderdi hau berezian, bereziki eta bakarrik bilatzen eta praktikatzen denean, hizkuntzak bere egitez eta sortzez duen xedeaz kontu gutxi eginik ez goaz bide onetik. Ez. Azkenean esku hutsik gelditzeko bidea hartzen dugu eta. Agustin Paskual Iturriaga euskal pedagogo aurrerakoiak orain dela mende pare bat adierazi zuena datorkit gogora, beleari gertatua guri ere gerta dakigulakoan hain zuzen, «azkenean harroputz eta gazta gabe gelditzea».
Eta oraingoz aipatutako orok badu zerikusirik, zoritxarrez, batzuen batzuk eta behin eta berriro hizkuntza gatazkan oinarritzen dutenekin beraien hizkuntza politika euskararen alde. Zoritxarrez diot zeren hizkuntza gatazkan oinarritutako politikak bere buruaz beste egitera eramango luke euskara. Gainera, egiaz, zenbateraino da hizkuntza gatazka hizkuntzen arteko borroka? Baina horrela bataiatu arren, ez ote benetan aipaturiko gatazka zoritxarreko ideologia ezberdinen arteko arazoa itsu eta antzua? Hizkuntza gatazkaren gerizapean ezkutatzen direnak borroka ideologikoak direlakoan nago, euskararen normalkuntzarekin zerikusi gutxi eta setakeriarekin eta esentzialismo gordinekin asko duten borroka ideologikoak, ororen gainetik gaztelania jarri nahiko luketenen eta gaztelera desterratu nahiko luketenen arteko mutur-jotze itsu eta antzua (berriro diot). Azken batean, inolako zalantzarik gabe, euskararen normalkuntzarako oztopo galanta diren borrokatxo ideologikoak eta instrumentalizazio juridikoak dira hizkuntza gatazka izeneko azalak estaltzen duen mamia. Nekez pentsa liteke gure gizarte honetan, herritarren gehiengo nagusiak euskara positiboki baloratzen duenean, ematen diren tentsioak hizkuntza gatazkak direla. Herri baten ondarea den euskara ez dadila ideologia politiko batzuei lotua dager; bestela zatiketa gertatuko da eta euskara bera aterako da kaltetua. Tamala da behin eta berriz behaztopa harri berean jotzea. Zuhurtziaz, buru argiz eta jakitatez egin beharreko den lana da euskararen salbamendua! Horra obra berez ona, justua eta beronen alde lan egitea merezi duena. Badira, bai, arrazoi errutsuak helburu honen alde lan egiteko. Absolutu ez dena, absolutu bihurtu gabe.
Alternatiba batek hizkuntzaren jabegoa hartuko eta hori hizkuntzarentzat kaltegarri baino ez da. Eliz gizonak konturatuko dira euskara harresi bat izan daitekeela herria kanpoko pozoitik begiratzeko. Hori tresnakeria litzateke.Tresnakerian geundeke. Karlisten eta liberalen arteko gerra sortzen denean, karlistek badaude halaz ere salbuespenak, Bilintx bertsolaria eta Iturriaga pedagogoa, adibidez karlistek aukera bat egin zuten, liberalek bestea. Euskal Herria zatiturik. Bilbo eta Donostia liberalekin geratu ziren. Liberalen artean euskaltzaleak baziren, bai, baina euskararen bandera karlistek bereganatu zuten. Guda zibilean ere berdin; baziren errepublikano, sozialista eta komunista euskaltzaleak baina gehienetan euskara alde batera utzi zuten, arma hau besteen eskutan ikusten zutelako. Ondoren abertzaleek karlistei kentzen diete euskararen bandera. Berriz ere euskararen auzia aukera politiko jakin batekin egiten da berriz ere. Benetan beldurgarritzat jotzen ditut bat egite hauek. Laguntza baino kalte gehiago dakarte hizkuntzari epe luzarora, ideologi hori onartzen ez dutenak euskara arbuiatzera lerratzen direlako. Ez ditzagun lotu euskararen auzia eztabaidagarri diren ikusmoldeekin. Euskararentzat hilgarri gerta daiteke.
Euskarak ahalmen funtzional murritza dauka, ez da egunoroko bizitzarako arlo guztietan erabiltzen. Gaur egun euskara hedatu eta indartuko bada, gizarteak aintzakotzat jotzen dituen arlo eta maila guztietan tresna baliagarri gertatzen zaiola sumatu behar du txikitandik haurrak. Hau lortu behar da. Hau lortzen ez bada neurri handi batean alferrikakoak gertatuko dira geroago har daitezkeen neurriak eta emango diren urratsak. Haur txiki batek euskara ikasiko badu, hizkuntza horren funtzionaltasuna sumatu behar du; hizkuntza hori zerbaitetarako beharrezko dela sumatu behar du. Koldo Mitxelena zioen bezala «Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, hizkuntzak ere berea aurkitu behar du hizkuntza artean: handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia. Diglosiaren purgatorioetatik ihesi goazela, ez gaitezela ghettoaren infernuan eror. Hizkuntza integrazioa beste ezein bezain beharrezkoa dugu». Hala bedi.