Iritzia
27Martxoa
2005
27 |
Iritzia

Aberri eguna aurrera bidean

Iritzia
Martxoa 27 | 2005 |
Iritzia

OSPAKIZUN asko da gaur. Hartarako eta hontarako egunak ere asko. Baina gaurkoa gure nortasunari dagokion eguna da, herri bereko herritarrak garela gogoratzeko eta gure lokarriak sendotzeko eguna. «Euskadi da euskotarren aberria», lotsarik gabe aitortzeko eguna. Norbere sorterriarekiko atxikimenduak eta maitasunak ez baitute lotsatzekorik ezer. Beste herriak menperatu eta desegin nahi dituen abertzaletasun erasokorra bakarrik da gaitzesgarria. Norbere herriarekiko eta herritarrekiko atxikimendu hori gabe, ordea, norberekoikerian kiribiltzen da gizakia. Norbere herria jasotzeko eta eraikitzeko gogoari eta burubideari esker egiten dute aurrera herriek.
Ohiturak aldatu direnez, gaur nekez bil daitezke toki batera jendetzak. Asteburuetan eta oporretan batera eta bestera sakabanatu ohi gara. Esku artean dut Roman Berriozabalek 1934an Gasteizen antolatu zen «Aberri Eguna»ren inguruan argitaratu duen liburua. Antolatzaileen kontaduriaren arabera 50.000 bildu ziren 40.000 biztanle besterik ez zituen Gasteizen. Beroarena kendu zion egunkariak ere 30.000 aitortzen zituen. Izan ere, arabar gehienek euskotartzat dute beren burua. Oriolek, Mosquerak eta kanpotik joandako batzuek erein ohi dute beste eusko lurraldeen kontrako hazia, euskaldunen batasuna eragozte arren. Baina Roman Berriozabalek idatzitako liburua irakurtzen duena ederki jabetuko da nolako indarrez itsatsi eta barreiatu zen abertzaletasuna Araban.

Gauden tokian gaudela, familian edo lagunartean bildurik, euskal sentimendua pizten eta Euskal Herriaren aldeko ekinbideak eta egitasmoak bultzatzeko erabakiak irmotzen saiatu behar dugu. Ez da kikiltzeko garaia, are gutxiago lokartzekoa. Erabaki garrantzitsuak ditugu eskuartean. Gure erabakimena, gure bakea, gure etorkizuna, bideratzea edota zailtzea eta atzeratzea jokatzen dugu. Une garrantzitsua bizi dugu euskaldunok. Geuk nahi dugun etorkizuna erabakitzeko aukera izango baitugu. Aurrera, beraz.

PARTEKATU