Iritzia
20Martxoa
2005
20 |
Iritzia

«GEROTIK GERORA galdu denbora»

Iritzia
Martxoa 20 | 2005 |
Iritzia

AUKERA GUZTIAK izateko, baldin badaitezke behintzat, eskueran ditugun aukera bakanez baliatzen jakin behar da. «Gerotik gerora ibiltzeaz galtzen» baititugu aukerak. Hamaika barre egin zitzaion «parlamentu bazkongadoari» ateak zabalik zituen bitartean. Horrelako zerbait gertatu zaie euskaraz ikasi ez duten irakasle batzuei ere, antza denez. Bizpahiru urte izan dituzte beste zereginik gabe, soldata osoa jasoz, euskara ikasteko. Beste lagun askok ikasi dute baldintza berdinetan. Eta aukera hori gabe, eskola orduetatik kanpora, beren patrikaren kontura, behar zituzten ikasketak egindako irakasleak ere asko dira. Ingelesa sartzea erabaki zen hartan kalean geratu zen frantseseko irakaslerik ere izan da.
Dena den, legeak lege, lanpostu iraunkorrari eusteko egiten diren protesten kontra ez dut ezertxo ere. Bakoitzak ahal duen eran heltzen dio ogibideari. Horrelako itxialdi eta manifestaldien kontra jo izan dutenen bisita eta babesa dira harrigarriak. Euskara ikasteko laguntzak murriztu zaizkien ikasle batzuk sartu balira, laster eskatuko zizkioten kontuak Balzari: «zer egiten duzu ikastetxeko martxa eragozten eta legea hausten ari direnak kanporatu gabe?». Patxi Lopezek ere irakasle ezgai horiek beren orainarteko lanpostuetan jarriko omen ditu lehendakari den lehenengo egunetik. Eta horien ikasleek euskara ikasteko duten eskubidea non geratzen da? Eta ume horien gurasoen nahia hankaperatu al daiteke, besterik gabe?

Eta Hezkuntza Sailaren arduradunek hartu duten erabakia ez al da legearen arabera hartua? Eta legea, aldatzen ez den bitartean, ez al da bete beharrekoa?

Hala ere, konponbideren bat aurkitzeko adina malgutasun beharko litzateke, bai irakasle horientzat eta bai Batasunarentzat. «Aukera guztiak» aldarrikapen on bat da, ez da aukera politiko bat. Aukera politikoa ez denez, endredamakil bihur daiteke. Batasunak behar du aukera, beraz, nahiz eta «benturaren benturan benturaturik» galdu dituen orain arteko aukera guztiak.

PARTEKATU