BAGENEKIEN PSOEren zati eta ordezkaritza besterik ez dela PSE. Bai PSE, izen batzuk gorabehera, ezer berririk ez baitio EE luzagarri horrek erantsi. Hemengo sozialistek ez zutela Euskadik Espaniarekiko duen autonomiarik ere egozten zien orduko EEk. Eta horretan dihardu. Ez dakite bakarrik plazaratzen. PSOEren haur besoetakoak direnez, aitabitxi- amabitxiak behar dituzte. Haserretu egingo lirateke sukurtsalistak deituko bagenie. Eta horixe esan dio Patxi Lopezi Jose Blancok «Zapatero vasco» deitu dionean. Estatuko gobernuan agintzen duten berberek agintzea falta zaio «a la España de las autonomías» autonomiak ezerezean geratzeko.
Zapaterok besterik badio ere, Euskadi aspaldi askatu zen ETAgandik. Gezur beltza da ETAri loturik gaudela adieraztea. Sozialista askok baino lehen egin zion muzin Eusko Alderdi Jeltzaleak. Hobe lukete hemengo sozialistek PSOEgandik eta PPgandik gehixeago askatuko balira. Katean dagoen zakurrak adinaxe askatasun dute. Eta hutsa katea luzea balute. Abelera horrekin Patxi ez genuke lehendakari izango, Patxi Zapatari baizik. Eta aldaketa oihuz datozkion gehienak ere aldapeta gertatuko baitzaizkio.
Bi lagunek topo egiten zuten Azpeitiko ferian. Kiloko txuletarekin eta botila ardoarekin bapo jarritakoan, kontu aspertu handia egin ohi zuten. Premiak hizpidea dakarrenez, maiorazkoa ezkongai zeukanak «zuen Patrixik ba al du senargairik?» galdetu zion lagunari, bere semearentzat andre egokia iruditurik. «Gure Patrixik! Ez. Eta ez izatea hobe. Hori hartzen duenak laster itzuliko zidak berriro». Oso petrala zen, nonbait.
Aldaketa taldeko botorik gehienak lehendik ere bereak ditu PSEk. Berri batzuk, berriz, Patrixi bera baino petralagoak izaki. Gose antzean geratu ziren, nonbait, beren lehengo lekuan. Aldaketa hitz dotorearekin txanda eske datoz, beraz, lehen sekula ezertan agindu ez balute bezala. Eta politikan Patrixiren aita bezain leialik ez denez, auzora joan direlako lasaitu ederrik hartu dute etxean.