Iritzia
05Martxoa
2005
05 |
Iritzia

Euskadi eta palestina

Iritzia
Martxoa 05 | 2005 |
Iritzia

Iritzia

Deia


Orain dela gutxi lagun batek bidalita, "The Jerusalem Post" izeneko israeldar egunkarian argitaratutako Hillel Halkin kazetariaren lan oso mamitsua irakurtzeko aukera izan dut. Bertan esandakoa euskaldunentzat interesgarria izango delakoan, hemen lan horren laburpen bat argitaratzea egoki iruditu zait.

Bertan, Ibarretxe lehendakariak Erkidego Autonomoaren eta Espainiaren arteko erlazio mota berri bat, hots, "elkartasun askeko estatusa" izenekoa proposatu duela gogoratzen da eta proposamen hau bertako Parlamentuan gehiengo absolutua izan ondoren Madrileko Espainiako Parlamentuak atzera bota duela; gainera, Espainiako Gobernuko presidenteak, inoiz ez duela bere onespena emango euskal estatu independiente bati, nahiz eta euskaldunen gehiengoak honela eskatu: Espainiaren lurralde osotasuna arriskuan jar daitekeen ezerk ez du sekulan bere baimena lortuko, esan zuen Rodriguez Zapaterok. Hau dela eta, Espainia, nahiz inguruko estatuak, palestinar estatu baten aldeko jarrera eta Israeli egindako eskaera gogoratzen du idazleak. Nola izan daitezke israeldarrak hain entzungor palestinarren nazio-autodeterminaziorako eskaeraren aurrean? Idazlearen iritziz, nonbait, palestinarrentzat hain premiazko dena euskaldunentzat ez dago plantetzerik.

"Dirudienez, autodeterminazio eskubidea ez da Europan gauzatzen. Zu espainola izango bazina honek bere logika baduela esan zenezake. Palestinarrak ez bezala, euskaldunak ez daude zapalduta, beren lurraldean libre bizi dira eta espainolek dauzkaten eskubide berberak badauzkate, ez barrikadarik, ez kontrolik, ez mespretxurik, tanke edo kaleetatik patruilak. Palestinarrek, israeldarren menpean, beren bizitza ezin dute aurrera eraman eta estatu independiente bat behar dute. Zertarako behar dute hori euskaldunek?"

Denok dakigu, gaur egun ez duela inork zalantzan jartzen Europako herriek autodeterminazioaren printzipioa erabiltzeko duten eskubidea; besteak beste, hor daudelako azken urteotan independizatu diren hainbat nazio. Beraz, Euskal Herrikoek desiratzen dutena, ez dute espainolek ezer esan behar. Hemen kazetariak beste gogoeta bat egiten du: Israelen kontrako dagoen giroa dela eta, palestinar estatu independiente bat, tamainaren aldetik Israel beraren herena, erdi-erdian kokaturik, arrisku oso handia suposa daitekeela pentsa dezakete israeldarrek. Besteak beste, gero batean lursail gehiago eska dezaketelako, Israelen bizi diren palestinarren artean giro nahasia sortu daitekeelako. Bestalde, beste arabiar herrien laguntzarekin, ekintza terroristak eta mugetan erasoak izan daitezke. Hauek eta beste mila arrazoi badaude Israelek honelako estatu independente batekiko beldurra izatea.

Baina, Espainia herri oso handia da. Aldiz, Euskadi zati txiki bat baino ez da eta mutur batean dago. Euskal estatu independente batek Espainiaren oinarrizko intereserako ez luke inongo arriskurik suposatuko. Zein da ba arrazoia, maila arbuiagarriko harrokeria edo urguilo espainiar nazionalista edo besterengan (agian, katalandarren artean) piztu daitekeen asmoa, ez badira dauden zioak euskaldunen autodeterminazioaren aurka hain gogor jartzeko?

Gainera, Palestinako arabiarrak eta Siriakoak nahiz Jordaniakoak edo gainontzeko hogei arabiar estatu independentekoak berdinak dira erlijio, kultura nahiz hizkuntza aldetik. Beraz honelako beste estatu batek ez da erabat beharrezkoa arabiar bizimodua segurtatzeko, hau arriskutan ez dago eta. Aldiz, euskaldunak kontrako egoeran daude, dio egileak. Beren hizkuntza bakarra da munduan, beren historia oso berezia da: gaur egun onartzen diren teorien arabera, orain dela 40.000 urte Europan bizi zen lehenengo homo sapiensaren ondorengo zuzenak dira. Beraiekin alderatuz, beste gainontzeko europar herriak etorkin "berriak" baino ez dira. Baina tamalez, beren hizkuntza ez dute bertako guztiek hitz egiten eta beren kultura nahiz folklorea desagertzeko arriskutan daude. Euskadik Espainiako zati bezala jarraitzen badu arrisku handia dauka bere uretan urtzeko eta desagertzeko. Zein da bide bakarra hori gerta ez dadin? Bertako erakunde guztiak -hezkuntza-sistema, komunikabideak, burokrazia osoa- bere zerbitzutan dauden euskal estatu independente bat eraikitzea.

Oso tristea da, baina erakunde guztiak ez badira bere zerbitzutan jartzen, gaurko mundu honetan hizkuntzak eta kulturak aukera txikia daukate jarraitu ahal izateko. Eta zein dago euskal estatu baten aurka? Palestinar estatu independente baten alde aldarrikatzen duen, munduko beste zenbait estatu bezala, Espainia bera. Hipokresia ikaragarri hau ez da palestinar eta euskaldunekin amaitzen, Kurdistan independente bat? Ez, inolaz ere. Nahiz eta 25 milioi kurdo urtetan zehar baztertuak eta zapalduak izan, Turkia eta Iraken aldetik, batez ere. Gainera, turkiarrak Israelen kontra aritu dira beraiek kurdoei ukatzen dietena palestinarrei ukatzen zaielako. Eta Tibet independente bat? Ez eta pentsatu ere. Txinatarrek tibetar kultura birrintzea eta bertako tibetarrak txinatar etorkinen bidez itotzea erabaki badute ere.

Berez, Europari autodeterminazioa bost axola zaio. Bere agintariei axolatzen zaien gauza bakarra beren interes politiko-ekonomiko baino ez da eta hau etika politiko baten maindirapean saltzen dute. Benetan, poza handia hartuko nuke baldin apirilaren 17an, hots, Eusko Jaurlaritzak ipini duen eguna, hauteskundeen bitartez, Espainiako parlamentuaren botoari erantzuna emateko, "elkartasun askeko estatusaren" aldeko indarrek garaipen argi eta garbia lortuko balute. Orduan, Gobernu espainiarrak zer egingo du? Euskaldunen botoa ilegaltzat hartu? Armada bidali eta lege martziala indarrean ezarri? Hauteskundeak hor daude eta emaitzak berehala izango dira. Benetan, ez dago gauza politagorik Estatu hipokrita bat bere argudio berdinekin oldartuta ikustea baino.

Hona hemen beraz, hasieran esandako lanaren laburpena. Ez al duzu uste interesgarria dela?

PARTEKATU