ZERUKO ARGIA astekariko kazetari batzuk bildu ginen Donostiako soziedade batean Koldo Mitxelenarekin. Emakumeek sarrera debekatua zutela konturatu gabe joan ginen Miren Jone Azurtza zuzendariarekin. Bertako nagusiak ere afaltzen ari ginela ohartu ziren hoben horretaz. Ez ziren kanporatzera ausartu. «Zaude geldi-geldirik inor kontura ez dadin», bakarrik eskatu zioten. Frankismoaren azkenak, politika genuen hizpide afalondoan. Sozialistekin konponbideren egitearen aldekoa agertu zen Koldo Mitxelena. «Gerra galdu zenutenok traumatizatuta zaudete», erantzun zion solaskide batek. Esan bazion esan zion, zintzurretik hartuta itoko xukeen: «Aixkiria, egin genuenok galdu genuen». Inork ez zuen bide hartatik jarraitu, talde hartan ez baitzen gerra egin zuen beste inor.
Hauteskundeak ere norgehiagoka jokatzen dutenek bakarrik irabazten eta galtzen dituzte. Txanda pasa egiten duenak ez baitu ezer erabakitzen. Txanda pasa arrazoi askorengatik egin daiteke, jakina. Erreferenduma bazenik ere ez zekielako, horrelako kontuak besteren esku utziak dauzkalako, jokoan zer zegoen ulertzen ez duelako, botoa ematera joatea ezinezkoa gertatu zaiolako eta abar. Jokatzen dutenek, botoa ematen dutenek, erabakitzen dute auzia, ezpairik gabe. Europako Itunari baietz esaten diotenak ezetz esan diotenak baino askoz gehiago direnez, «Bai»koak dira irabazle. beraz.
Txanda pasarik handiena Europako ate diren Hego Euskal Herriak eta Kataluñak egiteak zerbait esan nahi du. Baita ezezkoak baiezkoen erdiak baino gehiago izateak ere. Askoren aldetik «bai» beroagorik izan ez bada eta hainbestek iskintxo egin edo ezezkoa eman badiote, ez al da, besteak beste, herrien nortasuna, burujabetza, kultura eta hizkuntza hobeto babestu eta lagunduko dituen Europa nahi dugulako izango? Parte hartzaileek erabakitzen dute, jakina. Baina Euskadikoari gehiengo osoa ere onartzen ez diotenek bai gutxi eskatu diotela Europakoari.