Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna
25Otsaila
2005
25 |
EBBren agiriak

Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna

Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna
Otsaila 25 | 2005 |
EBBren agiriak

EBBren agiriak


Emakumeen Nazioarteko Egunean kontinente guztietako emakumeek, sarritan nazio mailako muga eta desberdintasun etniko, linguistiko, kultural, ekonomiko eta politikoen bidez bereiztuta, bat egiten dute euren lorpenak ospatzeko, balantzea egiteko eta etorkizunari begi dituzten erronkak planteatzeko. Ospakizun honek gutxi gorabehera berdintasun, justizia, bake eta garapenaren aldeko borrokan egin diren 90 urte ditu.

Egun honek esan nahi du emakumeak historiaren egile moduan aintzatesten direla eta emakumeek gizarteari dagokionez egiten duten ekarpenaren borrokan sustraituta dagoela, gizonezkoekin berdintasunean esparru publikoan esku hartzeko duten eskubidea aldarrikatuz. Eguna Nazio Batuetan ospatzen da eta jai nazionala da munduko herri askotan.

EUSKADIN azken bi hamarkada hauetan guretzat historia osoan ezezagunak ziren parametroetara ekarri gaituen garapen ekonomiko eta soziala izan ditugu. Europar Batasunarekiko errenta-konbergentzia gainditu dugu (EB-25 kontuan hartuta %119koa dena). Etenik gabe eta apurka-apurka emakumeak lan-merkatuan integratu dira eta emakumeen langabezia tasa %8tik beherakoa da.

 

Baina aurrerakuntza horiek gorabehera aldea handia da artean gizon eta emakumeen artean:

 

- Emakumeen batezbesteko ordainsaria estatuan, oro har,  gizonezkoena baino %34,7 baxuagoa da. Egoera hori faktore batzuei hertsiki lotuta dago: emakumeen okupazioa gutxien ordaintzen diren jardueretan pilatzen da, prekarietate-indizerik handienak pairatzen dituzte eta artean etxeko lan guztien arduradun izaten jarraitzen dute, faktore honek izugarri eragozten duela sustapen profesionala, jakina, familiako bizitza eta lanekoa biltzeko zailtasunak  ahaztu gabe.

 

- Emakumeen pobrezia. Nazio Batuen datuen arabera pobrezian bizi den munduko biztanleriaren %70  emakumeak dira, eta fenomeno hori gure gizartean ere gertatzen da. Euskadin 100.000 emakume alargun baino gehiago daude pobreziaren indizeetara iristen ez diren batezbesteko pentsioekin bizi direnak. Pobrezia eta gizarte desberdintasunei buruzko 2000ko inkestaren arabera pobreziaren eragina ia lau bider handiagoa da burutzat emakume bat duten etxeetan. Gizarte bereizkerian dauden erkidegoei buruzko datuek argi adierazten dute pobrezia egoerak gehiagotan azaltzen direla emakumeen kasuan, bereziki guraso bakarreko familietan.

- Halaber, ia egunero gizarte aurreratu batentzat, XXI. mendean murgilduta gaudenean, benetako itxuragabekeria bizi dugu, hau da, emakumeen aurkako biolentzia kasuak egotea.

- Esku hartze sozio-politikoari dagokionez Parlamentuen Arteko Batasunaren arabera munduko Parlamentuetan, batezbeste, emakumeen portzentaia %6koa da Gobernuetan  eta %10ekoa Parlamentuetan. Horrek esan nahi du Gobernuetan posturen bat dutenen %94, eta Parlamentuetan  dutenen %90, gizonezkoak direla. Euskadin Gobernuko goi-karguen %25 emakumeak dira; parlamentuan jarleku guztien %37,3 dira; Batzar Nagusietan portzentaia hori %30ekoa da; zinegotzi guztiak kontuan hartuta %28,4 dira, eta alkateen %14,8.

Mentsa demokratiko hori gainditzea XXI. mendean berdintasunean dugun erronkaren atala da, eta beharrezkoa da eredu ekonomiko eta sozial doiagora iristea, hain zuzen ere erantzukizunak, hala profesionalak nola publikoak eta familiakoak, gizon eta emakumeen artean banatuta izango dituena. Berdintasuna demokraziak ezartzen duen beharkizuna da. Nahitaez gogorarazi behar da gizarte eta politikaren arloetan emakumeen eskuordetzarik handiena duten herrietan garapen ekonomiko eta kultural handiagoa dagoela eta herri horietan bermerik eta zaintzarik handiena izaten dela Giza Eskubideei dagokienez.

Soziometroetan eskuratu ditugun datuen arabera euskaldunontzat oso garrantzitsua da gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren gaia; euskaldunok uste dugu  berdintasun horrek hobetu egiten dituela gizakien arteko harremanak, gizon eta emakumeen garapen pertsonala errazten duela eta demokrazia sendotzen duela.  Testuinguru honetan, Emakume eta Gizonen Arteko Berdintasunari buruzko Legea euskal gizartea berdintasunaren eztabaidaren abangoardian kokatzeko bultzada eta funtsezko tresna da, derrigorrezkoa gizarte integratua eraikitzeko, hain zuzen ere  gizakien garapenaren indizeetan eta generoaren garapenean Europako aitzindaritzan jarriko dena.


Eusko Alderdi Jeltzalearen Euzkadi Buru Batzarrak, martxoaren 8a ospatuz, berdintasunaren alde duen konpromisoa aldarrikatzen du  eta bat egiten du egun honetan gobernuko eta gobernuz kanpoko erakundeek eta, batez ere, gizarteko emakumeen mugimenduek egingo dituzten jarduerekin, talde horiek, euren eguneroko lanarekin gizon eta emakumeen   berdintasunera iristen eta desberdintasun horrek eragiten  duen bidegabekeria desagertarazten laguntzen dutelako. Egun honetan gogoan izan behar dugu berdintasuna herritar guztiontzako onura dela  eta berdintasun hori lortzeko pertsona eta erakunde guztien laguntza behar dela

PARTEKATU