EUROPAKO Itun honek ez gaitu asebetetzen, jakina. Iskintxo ez ezik muzin egiteko ere arrazoirik bada, noski. Zer lortzeko? Nizara itzultzeko. Eta Nizara itzulirik, gaurkoa baino hobea lortzeko indarrik izango al dugu? Dena den, Eusko Alderdi Jeltzaleak asmatu egin du «bai» esatearekin. Begiratu besterik ez da PPk eta PSOEk nolako mina duten. Beren gezurra bistan geratu baitzaie. «Hesiak, itxiturak, mugak, ezarri nahi ditu EAJk», errepikatzen zuten. Eta EAJk ez duela hesiz inguratutako eta bakarturik bizi den Euskadirik nahi, erakutsi dio Europari, argi eta garbi. Estatuen nazionalismoak eragotzi du itun hobea. Nola onartuko dute, bada, Espainiak eta Frantziak beren Estatuetan onartzen ez dutena Europak onartzerik?
Ez dute herri, kultura eta hizkuntza ttikirik babesterik nahi. Baina ttikia hiltzea onartzen duenak berea ere laster ikus dezake arriskuan. Beti izango baita besteak ttiki egingo dituen handiago bat. Dagoenekoz hasiak dira hizkuntza handiak norgehiagoka, munduko hizkuntza bakarra izan nahian. Kultura, hizkuntza eta kolore bakarreko mundu zozo bat nahi ez badugu, ordea, lekuan lekuko hizkuntzak gordetzetik, babestetik eta garatzetik hasi behar dugu, ttkienetik eta ahulenetik hasita alegia. Nik ez dut Madrilgo, Parisko eta Estrasburgoko parlamentuetan euskara erabili behar denik esaten. Euskal Herrian euskara indartzeko, garatzeko eta erabiltzeko neurriak, laguntzak eta babesa nahi ditut.
Gutxienez, erasorik ez lioteke egin beharko. Euskararen inguruko guztia susmopean jartzeari uko egin beharko lioteke. Agirre-Etxehandi beneditarrak dira azken kaltetuak. Jakina, hemen bizi garenok arreta piska bat ipini beharko genuke arlo eta une guztietan euskaraz mintzatzeko eta euskara hutseko hedabide, jardunaldi eta abar bultzatzeko. Integrazioaren izenean ez ditugu euskara hutsekoak elebidun bihurtu behar, erdara hutsekoak baizik. Bestela, ekimen integratzailea izateko ordez irenslea da, handiak ttikia jaten duena.