Urteetan aditu dugu esaldi hau: «Espainian, aukera politiko guztien alde egin daiteke, betiere modu baketsu demokratikoan arituz gero». Txit esaldi ederra da, baiki. Ederregia, egia izateko, batez ere kontuan harturik nork esan ohi duen. Egiaz, egun hauetan ikusten ari garen bezala, tranpaz betea dago esaldi hori, Espainiako Parlamentuko aritmetikaren arabera pentsatua, eta aritmetika horrek nahieran menderatzen du Eusko Legebiltzarraren eta Kataluniako Parlamentuaren borondatea. Beraz, ez du inportarik bi ganbera horietan zer erabakitzen duten: Espainiako Parlamentuak du egiazko subiranotasuna, eta, jakina, parlamentu horretan, sekula ez dute gehiengorik izango ez euskaldunek eta ez katalanek. Dena dela, amorragarriena ez da lege amarru horrek dakarren bidegabekeria: okerrena da tranpa egiten duena ez dela lotsatzen. Horregatik mintzo dira lasai asko; Patxi Lopez esana da, Juan Jose Ibarretxeri buruz: «Eusko Legebiltzarraren zilegitasuna onartzen du, baina, agidanean, Kongresuarena ez».
Patxi Lopezek, alderdi nazionalista espainiar bateko kide izanik, arbuiatu egiten du behe mailako parlamentu bat esaterako, Eusko Legebiltzarra goi mailako parlamentu baten mende ez egotea. Arazoa eta ez dakit Patxi Lopez ohartu den hau da: nazio parlamentu bateko gehienen borondatea nazio horretako gehienen borondatearen ispilu da; beraz, borondate hori beste baten menpe jarriz gero, onartzen da bi kategoriatako borondateak daudela: nagusiak eta menpekoak. Eta, parlamentuez ari garela, hori onartzeak esan nahiko luke, eta hau larriagoa da, bi kategoriatako herriak daudela: nagusiak eta menpekoak.
Autoritatea oraindik ere indarrean oinarritzen duena bakarrik da kapaza bere existentziaren partetzat jotzeko besteren existentzia. Horregatik da okerra Rodriguez Zapaterok Eusko Legebiltzarraren subiranotasuna ez onartzea. Eta horretan tematuz gero, oker historikoa izango da, gatazkak irautea ekarriko baitu, eta frogatuko baitu norbaitek oraindik dudarik balu alferrik dela Espainia noiz gogoberrituko den zain egotea. Alde horretatik, ez da harritzekoa Espainiako Gobernuak Ibarretxeren Plana deabrutzeko erabiliriko argudiorik sendoena hau izatea: euskaldunak zatitu egiten dituela. Jakina da nazionalismo espainiarrarentzat politika integratzailearen eredu dela Euskal Herria Espainiaren menpeko izatea. Liskarra sortzen da Euskal Herriak, subjektu juridiko den aldetik, erreferendumean iritzia ematea erabakitzen duenean. Orduan, Espainiak ahoa tapatzen dio. Beharbada, norbaitek, tolesgabe eta zintzo, bere buruari galdetuko dio zergatik dion Espainiak halako beldurra euskal erreferendum bat egiteari, azken batean ez da-eta bete beharrekoa. Deigarria da, bai horixe, bozkalekuetan galdeketa baketsua egiteak halako amorrua eta halako gorrotoa piztea. Baina hori guztia errazago ulertzen da bi kontu aintzat hartuz gero: bata, bete beharrekoa ez izateak ez dio kenduko plebiszitu morala izateko balioa; bestea, ezezkoa nagusiturik ere eta zaila izango da hori gertatzea, aurrekari bat izango da, eta horrelakorik ez du nahi Espainiak. Dena dela, ez bata eta ez bestea ez dira kezka nagusia. Izan ere, herri galdeketa horren irudiak galarazten dio loa Espainiari: Euskal Herriak, nazioarteko begiratzailez beterik, munduari erakustea zer den, hots, nazio kontzientzia duen nazio bat. Beraz, gezurra da galdeketa egiteak euskal herria zatituko lukeela esatea. Euskal herria aspalditik dago zatiturik. Horregatik da hain premiazkoa galdeketa egitea: horrelaxe erabakitzen dituzte herri zibilizatuek beren desadostasunak.Honetaraz gero, zentzuzkoa da galdetzea: Eta zergatik ez egin argi eta garbi independentziaren alde? Espainiak bere izaerari ezin diola uko egin ados baldin bagaude, zertarako segitu hango koroaren menpe? Ezertarako ez, niri ustez. Ibarretxeren Planak gogora ekartzen du zenbait bikotek, harremana salbatu nahian, erdibidea aukeratzen dutela: etxe berean bizitzea baina logela banatan. Harreman horiek ez dute askorik irauten; izan ere, lehenago edo geroago, sen onak esaten dio batari edo besteari guztiz banatzeko. Dena dela, egia da tarteko fase hori pasatu beharra dagoela azkeneraino iristeko. Nazioekin beste hainbeste gertatzen da: beren tempo-a dute, eta hobe da tempo hori errespetatzea.Iritsiko da Euskal Herriaren independentzia, eta Kataluniarena. Eta iritsi aurretik ez da izango epe luze korapilatsu bat, baizik eta epe labur koiunturala. Horrelako gaietan Espainiak duen erantzun atzerakoiak argi eta garbi erakusten du haren ahultasuna. Espainiak muzin egin dio beti demokraziari, eta orain, izan nahi zuen baina sekula izan ez den nazioa banatu egingo dela susmatzen duenean, hasia da ulertzen zergatik