Iritzia
16Urtarrila
2005
16 |
Iritzia

Besteen txiringitoak

Iritzia
Urtarrila 16 | 2005 |
Iritzia

ELKARBIZITZARAKO, Espainian eta Espainiari atxikirik jarraitzeko, den egitasmo batek horrelako aztoramena eta asaldura nola sor ditzakeen sinesteak lan du. Izan ere, Espainiari dagokionez, gotzainek ere ez dute «hetero»rik nahi. Eta «hetero» aldera egite den urratsik ttikiena ere gaitzetsi eta zapuztu egin nahi izaten dute. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarekin elizbarruti bat egin nahi izan zenean, euskaldunen independentziarako bidea zela eta gogor atera ziren kontra. 1936ko gerra ez al zen, besteak beste, autonomiak ezabatzeko egin? Gernikako Estatutuari ez al zioten independentziara garamatzalako muzin egin? Estatutu berria ere independentziarako egitasmoa omen delako nahi dute eragotzi, onez edo txarrez.

Hori bai dela gezur ikaragarri baten gainean eraikitako erasoa. Eta gezurretan ari dena berehalaxe hasi ohi da gaizki-esaka, ez baitu eztabaidan jarraitzeko egiazko arrazoirik izaten. Emilio Guevara dugu adibiderik garbienetakoa. Ez nuen uste horren gizatxarra zenik. Sozialistek itsumutil ederra hartu dute elkarbizitzarako plana egiteko. Lehendakaria, jakina, «mentiroso», «farsante» eta abarrez gainera, «iluminado» ere bada. Beste guztiok, onenean ere, hiltzaileak eta aprobetxategiak gizentzen ari garen xanoak, epelak eta axolakabeak gara. Ez du inor zutik uzten. Emilio Guevara baino iluminatuagorik ba ote? Lehen, Arzalluzen kontrako matxinada eskatu zien alderdikideei. Orain, gizarte osoari Legebiltzarreko egitasmoaren kontra.

Salatzen hasi eta nola ez zituen, bada, euskalgintzan sortu omen diren txiringitoak salatuko? Bakarren bat sortuko zen premia handirik gabe. Ez, ordea, Guevarak duen bezalako txosnarik. Autonomiak sortuko zituen txiringitoak. Emilio ez da, jakina, horietan ezer xurgatu gabea. Lehen abertzaletasunari esker eta orain abertzaletasunari kontra eginaz bizi dira, alajainkoa. Emilio Guevarak esango al digu abertzaletasunari kontra egiteko zenbat txiringito sortu dituen Estatuak?

 

PARTEKATU