Iritzia
09Urtarrila
2005
09 |
Iritzia

Bi mila eta bost baketan plost

Iritzia
Urtarrila 09 | 2005 |
Iritzia

Mikel Atxaga

Iritzia

Deia


HERIOTZA bera baino ankerragoak eta beldurgarriagoak dira, zenbait aldiz, tortura, torturaren mehatxua eta mehatxuaren tortura. Egunotan bertan entzun ditugu emakume bati egindako torturak, hozkia ematen dutenak. Ezagutzen ditugu torturagatik bere buruaz beste egiten saiatuak, berriro guardia zibilen atzaparretan ez erortzeagatik bakarrik ihes egin dutenak eta ETAren mehatxuaren torturaz ezkutatuta eta deseginda daudenak.

Baina hala eskatu bazaigu ere nik jasan ez ditudalako ez diet jasaileei barkamenik eskatuko. Edo martxoaren hamaikan islamiarrek kongresua eta justizia jauregia txikitu ez zituztelako barkamena eskatu behar ote diete diputatuek, senatoreek eta epaileek trenean hildakoen etxekoei edo elbarrituei? Jipoituak ez diren andreek barkamena eskatu behar ote diete jipoituei? Hain basak ez diren gizonei eskerrak ematea bezalatsu litzateke.

Gehiago horrelakorik gerta ez dadin neurri guztiak hartzeko eskatu behar diegu agintariei. Nik ez diet Rodriguez Ibarrak gustokoa duen zuloan beren hildakoak sartzeko mehatxurik egingo, Madrilen egin zitzaien bezala. Ederki ikusi baitugu biktimei nolako errespetua dieten Espainiako bi alderdi nagusiek. Nor dotoreago edo nor zikinago geratu lehian aritu baitira, egun haietan gertatu zena argitzen saiatzeko ordez. Eta ganoragabekeria eta narraxkeriak estaltzeko bere alderdiko ospetsu bat, Peces Barba, jarri du Zapaterok biktimen arduradun. Hortxe bakarrik ere bapo nabarmentzen da Eusko Jaurlaritzaren jokabidea, Ibarretxek biktima bat eta alderdikoa ez den bat izendatu baitzuen horretarako.

Biktimei laguntza eta babes guztia eskaini behar diegu. Eta laguntza eta babes hori bideratzeko izendatu du Jaurlaritzak zuzendari bat. Eta zuzendariak behar bezala lan egiten ez badu, kontuak eskatzea dagokigu, ez biktimei barkamena eskatzea. Batez ere, behingoz, indarkeria oro buka dadin eginahalak egitea dagokigu. Ea, bada, hasi berria dugun urte honetan bakea egiten dugun. Bi mila eta bost, baketan plost.

PARTEKATU