Hitzaldia
31
Abendua
2004
Hitzaldia

JUAN JOSE IBARRETXE
2004. urte bukaerako Mezua

Hitzaldia
31
Abendua
2004
Hitzaldia

Arratsaldeon denoi eta Urte berri on! Hau izango da legegintzaldi honetako azken Gabon-mezua, eta aitortu nahi dizuet, lau urte hauetan zehar ezerk ez nauela gehiago poztu, nire oinazeak eta pozaldiak, nire itxaropenak eta nire ilusioak, nire bake nahia eta sufritzen ari diren pertsonekiko elkartasun sentimendua, zuekin konpartitzeak baino.


Gabon egun hauetaz baliatu nahi dut, bidean geldiunea egin, eta eguneroko zeregina alde batera utzita, zuen begietara begiratu, eta soil-soilik eskerrik asko esateko. 

Eskerrik asko, heldutasuna eta zuhurtasuna erakutsi duzuelako, krispazio politikoa handiena izan denean.

Eskerrik asko, egin ditugun akatsak ulertzen jakin duzuelako.

Eskerrik asko, pazientzia eta lasaitasuna erakutsi dituzuelako, ordezkari politikook behar zen maila eman ez dugunean.

Eskerrik asko, Herri hau aurrera ateratzen egin duzuen ahaleginagatik.

Eskerrik asko, bereziki, Bakearen bidea bilatzeko adorea eman diguzuelako, kikildu gabe.

 

Horregatik guztiagatik, eskerrak eman nahi dizkizuet bihotz-bihotzez. Izan ere, legegintzaldi honetan, gure Herriaren etorkizunaren oinarriak ezarri ditugu, zuen laguntzari esker. Gaur, pozik esan dezakegu, duela lau urte baino hobeto gaudela.

Euskadi, berriro ere Estatuko lehenengoa da biztanleko errentan, eta inoiz izan dugun okupazio mailarik altuena daukagu, 900.000 pertsona baino gehiago ari baitira lanean; eta horretaz gain, inoiz baino bisitari gehiago izan ditugu aurten.

Gauza asko dauzkagu oraindik egiteko, baina aitortu behar dugu, aurrera goazela. Gero eta erakargarriagoa da gure herria. Labur esanda, hobeto bizi gara!

 

Baina nahiz eta hori guztia garrantzitsua izan, esango nuke, legegintzaldi hau historian sartuko dela; izan ere, euskal auzia desblokeatzeko oinarria ipini dugu. Bidean, irainak eta mehatxuak jasan behar izan ditugu; zailtasun ugari gainditu behar izan ditugu; baina ausartak izan gara, eta Proposamen Politikoa aurkeztu dugu, euskal gizarteari erantzunak eta irtenbideak eskaintzeko.

 

Atea zabaldu diogu itxaropenari, eta ate hori ezingo du inork itxi, euskal gizarteak ez duelako inoiz, horrelakorik onartuko.

 

Gure etorkizuna, eta gure seme-alaben etorkizuna bideratzeko, lema hartu dugu eskuetan, eta ez dugu onartuko, ez indarkeriak, ez intolerantziak, kentzea, bakean eta askatasunean bizitzeko dugun eskubidea.  Sekula ere ez.

 

Gaur pozik diotsuet: etorkizunaren trena, abian jarri dugu. Dakizuenez, Eusko Legebiltzarrean atzo, Estatutu Politiko Berriaren  Proposamena eztabaidatu genuen. Proposamenak, Espainiarekiko elkarbizitzarako esparru berri bat planteatzen du, askatasunez elkartzean, eta elkar errespetatu eta onartzean, oinarritzen dena.  Proposamenak, gehiengo osoa lortu zuen: hogeita hemeretzi boto alde. Gehiengo nahikoa, Gernikako Estatutuan jasotakoaren arabera,  Estatutu Berria  tramitatzen jarraitzeko, espainiar Gorteetan.  

 

Legebiltzarkide bakoitzak, uste eta nahi izan duen moduan bozkatu du, askatasun eta errespontsabilitate osoarekin. Ez da hau, Estatutu Berriak lortu duen, babesaren legitimotasuna, zalantzan jartzeko garaia. Halakorik  egingo ez genukeen bezala,  Sozialista Abertzaleen  talde osoak PP eta PSOErekin batera  botoa eman izan balu, Estatutu Berriaren proposamena eragozteko.

Orain Batasunaren botoen zilegitasuna zalantzan jartzen dutenak Parlamentuan, inoiz ez dute hitzik ere esan PP, PSOE eta Batasunak askotan, botoa eman dutenean elkarrekin, Gobernu honen ekimenen kontra, azkena, joan den asteartean, aurrekontuen gainean.

Gauzak horrela, Estatutu Berria,  bi zutabeen gainean eraikia dagoela azpimarratzeko garaia da: pertsona guztien giza eskubide guztien errespetuaren gainean, eta euskal gizartearen nahiaren errespetuaren gainean. Estatutu Berria, ETAren behin betiko amaiera eskatzen duten hiru alderdien inguruan gauzatzen da. Hiru alderdiok, euskal gizartearen gehiengo osoarekin batera, ETAri, behin betiko desagertu dadila exijitzen diogu. Horrela bakarrik eman ahalko baitu Euskal Herriak, bere hitza eta erabakia, askatasunean.

 

Horixe da herritarrei, Lehendakaria naizenez,  eman nien hitza eta une honetan, Euskal Herriaren aurrean, hitz hori berresten dut. Erabaki nahi dugu eta erabakiko dugu. Herritar eta pertsona gisa dugun eskubidea da, herri moduan dugun eskubidea; eskubide demokratikoa, askatasunez eta gogorkeriaren meatxurik gabe gauzatuko duguna.

 

Atzo bertan, Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuraren ondoren, Jaurlaritzaren bilera deitu nuen eta bertan, datozen egunetan talde parlamentarioen ordezkariekin, Estatutu Berria nola kudeatu zehazteko, bilerak egitea onartu genuen. 

Atzera bueltarik ez duen garai politiko berri bat nola kudeatu zehazteko. Eta bertan, denok, neugandik hasita, egoeraren parean egon behar dugu, lasaitasunez eta irainik gabe.

 

Halaber, atzo bertan Espainiako Gobernuaren presidenteari jakinarazi nion,   Legebiltzarrak gehiengo osoarekin, Estatutu Berria onartu duela, eta  negoziazio politiko prozesu ireki eta malgua zabaltzea eskatu nion.

 

Prozesu hau, indarkeriarik gabeko egoeran, euskal gizarteak kontsulta demokratiko baten bitartez hartzen duen erabakiarekin amaituko da; bai hemendik aurrera lor daitekeen akordioari buruzko kontsultarekin edo bestela, Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onartu duen proiektuari buruzko kontsultarekin.

2005. urtea ordu gutxi barru hasiko dugu. Berebiziko garrantzia duen urtea.

Aukera zor agarria dugu aurrean!, eta aprobetxatu egin behar dugu.

Aurrera egiteko aukera ezin hobea.

Guztiok batera aurrera egiteko. Etorkizunaren trena hartzeko aukera, ez alferrik galtzeko. Guztioi ongizate handiagoa ekarriko baitigu etorkizunak.

Adiskidetzeko aukera ezin hobea.

Ugari izan dira samin eta oinaze urteak euskal gizartean. Gerrak, errepresioa, diktadura, gogorkeria, terrorismoa, biktimak, torturak, sakabanaketa… Nahiko oinaze jasan  dugu. Bukaera eman behar diogu espiral tragiko horri. Irten egin behar dugu tuneletik. Besteen samina aitortzetik abiatuta bakarrik, elkar ulertzetik eta espirituaren zintzotasunetik abiatuta bakarrik,  aurkituko dugu adiskidetzeko bidea.

Bakerako aukera ezin hobea.

Indarkeria utikan, gure bizitzatik kanpora botako dugu behin betiko. Hona hemen nire uste osoa eta nire gogoa: 2005. urtea Bakearen urtea izango da Euskadin.

 

Hauxe da nire konpromisoa: Euskal gizartean bakearen eta adiskidetzearen atea zabaldu.

Bete ditzagula guztiok gure ametsak 2005ean!
PARTEKATU