Hitzaldia
30
Abendua
2004
Hitzaldia

JUAN JOSE IBARRETXE
Euskadirentzat Estatutu Politiko Berriaren Proposamenari buruzko osoko bilk

Hitzaldia
30
Abendua
2004
Hitzaldia


1.- Iritsi da unea, bada garaia Estatutu Politiko Berriaren proposamena eztabaidatu eta bozkatzeko. Legealdian zehar hainbat joan-etorri eta mugarri izan dituen prozesua amaierara iritsi da eta Ganbara honetan eztabaidatu eta bozkatuko da Legebiltzar honi eta gizarteari aurkeztu diogun proposamen hau.

Esanak esan, inork ezin digu leporatu Jaurlaritzari eta berau osatzen duten alderdi politikoei argiak eta gardenak izan ez garenik. Emandako hitza bete dugu gardentasunez eta zintzoki jokatuaz, aitzakiarik gabe.

2.- Behin eta berriro esan dugun moduan, itxaropenerako garaia zabaldu diogu gizarteari. Garai berriak ez du atzerabiderik, normaltasun politikoaren eta giro politiko berriaren aroan bizi gara, irtenbideen garaia dugu hau.

Herritarren hitza eta erabakia izango da garai berri honen gakoa, hori izango du ezaugarri etorkizun hurbilak. Itxaropenaren argia piztea agindu genien euskal herritar guztiei eta hala egin dugu.

3.- 2001.ko urtean hasitako legealdia azken txanpan sartu da eta, aurreko eztabaidetan esan dudan bezala, Euskadi lehen baino hobeto dago gizarte, ekonomia edo kulturaren ikuspuntutik. Herri hau aurrera doa, zenbaitek bestelako argazkia erakutsi nahi badu ere. Adierazle guztiek gure gizartean jendeak bizi kalitatea Europako herri aurreratuenen parekoa duela erakusten digute.

4.- Aurreko hauteskundeetan gizartearen aurrean hartutako konpromisoa bete dugu. Gobernu hau osatzen duten hiru alderdi politikoek hautesle gehienen konfiantza lortu zuten eta, ordutik honako hauteskundeek konfiantza hori berretsi eta areagotu baino ez dute egin.

Estatutu Politiko Berri bat prestatzeko hitza eman genuen eta baita bete ere. Gaur guztiok ezagutzen dugu proposamen hori zertan den. Hitz batean esateko, irtenbiderako proposamena da aurkeztu duguna.

Ez baikeunden prest inondik inora indarkeria egoera onartzeko. Ez geunden prest blokeo politikoan, elkarrizketarik ezean eta gorrotoan jarraitzeko. Irtenbidea eskaini nahi genion gizarteari, argitara atera nahi genuen beste batzuek sartu nahi zuten tunel ilunetik. Benetan diot: lortu dugulakoan nago.

5.- Eusko Legebiltzarra elkarrizketa politikoaren kanpamendu oinarria izango zela esan genuen eta hitza bete dugu. Eztabaidarako bere ideiak aurkeztu ez dituenak hala nahi izan duelako izan da edo eta ideiarik edo hauek aurkezteko ausardiarik izan ez duelako gertatu da. Legebiltzarreko eztabaida zabalik egon da guztiek parte har zezaten eta parte hartu ez duenak nahi izan ez duelako izan da. Demokraziaren etxea da Legebiltzarra eta ekarpenak egiteko lekua, hau da benetako eztabaida tokia ez Hoteletako gelak edo prentsaren orrialdeak. Legebiltzarrean herria dago ordezkaturik eta bere aniztasunaren adierazpena da.

Ez da erraza izan, baina merezi izan du. Urte luzez irainak eta mehatxuak jasan izan ditugu. Zailtasun mota asko gainditu behar izan ditugu, politikoak eta legalak. Baina, bete-betean, gaur esan dezakegu ez indarkeriak, ez setakeriak ezta agintekeriak ere ez dutela galarazi, itxaropenerako atea zabaltzea.

6.- Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako Estatutu Berriaren proposamen bakarra Gobernu honek aurkeztutakoa da. Proposamen horren alde edo aurka egon gaitezke, baina hau da aurkeztu den bakarra. Gure proposamena, halaber, adostasuna eta hiru alderdi politiko desberdinen akordioa duen bakarra da. Ez dago beste alternatibarik. Ba al dago inor ganbera honetan 36 botoren bermea duen adostasuna aurkeztu dezakeenik? Ez, inork ezin du horrelako adostasunik lortu.

Adostasun honek hiru alderdi politiko desberdinen batera biltzearen ahalegina dakar. Alderdi bakoitzak ideia desberdinak eta proiektu politiko desberdinak ditu baina bat gatoz honen alde. Beraz, hau ez da EAJren, EAren edota Ezker Batuaren proiektua.

7.- Gobernu honek izan duen lidergo politikoaren ahalmenak gainontzeko alderdi politikoen jarrerak mugiarazi ditu. Gaur, Eusko Legebiltzarrean, denok, PPk izan ezik, Estatutu berri bat beharrezkotzat jotzen dugu. Denok, PPk izan ezik, bide berriak eta autogobernuari buruzko adostasun berri bat bilatu behar direla aintzat hartzen dugu.

Gertaera honek gogobetetzen du Eusko Jaurlaritza; orain dela hilabete gutxi batzuk PP eta PSOE Eusko Legebiltzarrean eztabaida hau oztopatzen saiatu ziren eta, Lehendakari hau kartzelarekin mehatxatu zuten, hain zuzen, herriari bere etorkizun politikoari buruz galdetzeagatik.

8.- Gure jarrerarekin garbi utzi dugu eztabaida politikoak ez duela gizartea zatitzen. Argi utzi dugu ere, eztabaida politikoak ez duela ekartzen etendurarik gizartean. Eztabaidak gardentasuna dakar eta demokraziaren baloreak sendotzen ditu.

Euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzako eskubidea du, hori baita demokraziaren funtsa eta irtenbidearen giltza. Eta Jaurlaritza honek eskubide horrekin duen konpromisoa bete nahi du. Itxaropenaren leihoak zabal-zabalik ditugu eta ez ditu inork itxiko. “Euskal herritar guztiak, hemen bizi eta lan egiten dugunok, gure etorkizunari buruzko erabakia hartuko dugu. Ez du beste inork gure ordez erabakiko.”

9.- Burutu dugun eztabaida benetan argigarria izan da. Bide honen alde geundenak eta Euskadik bere etorkizuna erabaki dezatenen aurka daudenak, denok biluzik erakutsi gaitu. Espainiaren hausturaren aitzakia erabiltzen dutenak eta Euskadiren independentzia aldarrikatzen dutenak bat egin dute gizartearen erabakitzeko eskubidearen aurka. Horrelako jarrera ez da harritzeko PPrengan, baino inork ulertu al dezake jarrera hori, herriari hitza eta erabakitzeko eskubidea ukatzea, bere burua abertzaletzat duen indar politiko baten aldetik? Zeri diote beldur?

10.- Estatutu Politiko Berriaren proposamenak 36 botoren gehiengoa du, egun Eusko Legebiltzarrean. Badakigu ez dela, Gernikako Estatutuak xedatzen duen aurreikuspenei dagokionez, beharrezko gehiengoa. Baina, benetan diotsuet: ekimen honen atzean euskal gizartearen gehiengoa zegoen, dago eta egongo da. Gure herriaren gehiengoak ez du onartuko PPk, PSOEk eta Batasunak gizarte honek duen erabakitzeko eskubidea ukatu izana. Dena dela, ziur naiz atzerabiderik ez duen bidea zabaldu dugula: hitza eman diogu herriari, herriak du hitza.
PARTEKATU