Iritzia
08Uztaila
2005
08 |
Iritzia

Gehiago behar dugu guk Europa, Europak gu baino

Iritzia
Uztaila 08 | 2005 |
Iritzia

Jose Maria Muñoa

Iritzia

Berria


Aurreko urriaren 27an, Europako Batasunaren parte diren 25 estatuetako gobernuburuek Europako Konstituzio Ituna (EKI) sinatu zuten Erroman. Rodriguez Zapatero presidente espainiarrak itun horren ale bat aurkeztu zuen euskaraz, gainerako 21 hizkuntza ofizialekin batera ager zedin.


Ez da gero erraza 450 milioi biztanle dituen erraldoi galant honen berri herritar xeheari ematea, ezta errealitate hori guztiaren %0,5 baino ez den Euskadiri azaltzea ere. Egia esan, azken 25 urteotako politikagintza ez da informazio lanetan askorik saiatu eta hiritarrak ez du erakargarritasun handirik ikusi. Ondorioz, onartu beharra dago politikoek batere xarmarik gabeko Europa agertu izan dutela sarri eta, aldi berean, hiritarrek behar baino mamu gehiago sumatu izan dutela han-hemenka. Gauzak honela, hurrengo erreferendumean hiritarrei EKIren aldeko botoa eman dezaten eskatzea ez da, inondik ere, gauerdiko ahuntzaren eztula.

Hala ere, eraikitzen ari garen Europak merezi merezi du. Eta, ondoko lerrootan, funtsezko zenbait ardatz laburbiltzen ahaleginduko naiz:

Konbentzio Europarra. Aldez aurretiko lanaren gardentasun demokratikoa. Zenbaitek prozesuaren gardentasunik eza salatu du eta ni neu hurbilegi egon izan naiz hainbat salaketa ez ulertzeko. Baina, hala ere, egia ere bada sekula izan den partaidetzarik handiena elkartu dela prozesuaren inguruan, ehunka aditu eta milaka talderen ekarriak bildu ahal izan direla Eusko Ikaskuntzarena tarteko bi urte luzez, eta, nire ustez, nekez esan daiteke demokratikoa izan ez denik.

Estatuen ala Erregioen Europa? Europaren eraikuntzan sortze beretik hasi ziren lehen euskaldunek Agirre lehendakaria, Landaburu, Irujo etab. Herrien Europa federala amestu zuten, baina berehala konturatu ziren zein egitasmo zailetan ari ziren, Estatuen Europa izan baitzen sortu zena. Hala ere, hainbat urte luzetako langintza zelakoan, kementsu saiatu ziren, erregio hitza ikusteke hil ziren arren. Oraingo testuak, berriz, lehen aldiz onartzen du estatuez gainera erregioak ere badirena. Badakigu gutxi dela, baina jakin ere badakigu bidea ibiliz egiten dela eta, barrutik arituz gero, hainbat lehenago.

Esku-hartze gehiago, estatu zentzu gutxiago, bake gehiago. Aurtengo maiatzaren 4tik aurrera Europako Batasunak hamar estatu gehiago biltzen ditu. Sei estaturentzat sortutako 15 kideren erakunde politiko zaharkitua kudeatu ezina zen. Zentzu honetan egindako berrikuntza ez da nolanahikoa. Jakina, oraindik ere ez da guk nahi genukeen bezain federal eta integratzailea baina ildo horretatik doa emeki-emeki. Ezin ditugu gutxietsi integrazio-mailan eta bakegintzan jorratutako urratsak, beti ere estatuen boterearen kaltetan.

Euskadiren partaidetza aktiboa. Europako eraikuntzak lege-eskumenak dituzten erakunde guztien arteko burujabetza banaketa dakar Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa ere tarteko direla erabakiak hartzen diren lekuetan parte hartu ahal izateko eskubidea ezarriz. Maastrichteko Itunak jaso zuen estreinako eskumendun erregioen partaidetza hau eta oraingo EKIk ahalmen hori baiesten eta indartzen du. Zailtasun praktikoak, inondik etortzekotan, Madrildik etorriko dira, ez Europako Batasunetik.

Eskumenen mugaketa. Hau izan da, behin eta berriz, alemaniarren aldarria eta azkenean irabazi egin dute, guztion mesedetan. Hau da, EKIk Europako Batasunaren eskumenak zehazten ditu, gainerakoak estatuen eta erregioen esku utziz. Alegia, Madril edo Parisen jakobisimoa ekidin ez ezik, Bruselari ere mugak jartzen zaizkio estreinako, baita kontrol juridikoa ezarri ere. Honi subsidiaritate kontrola deritzo.

Kultura aniztasuna. Euskara. Kultura eta hizkuntza aniztasuna ere lehen aldiz jaso da. Eskumena tokian tokiko estatu eta erregioen kontu gelditzen da. Orain arte ez da euskararen ofizialtasunik lortu Itun hizkuntza gisa, Espainiako aurreko gobernuak ez zuelako ezer egin. Daitekeena da, ordea, hurrengo asteetan euskarak, galegoak eta katalanak ofizialtasun maila hori lortzea.

Mugen mugikortasunik eza. PPko gobernuak orain indarrean dauden mugen mugikortasunik eza ezarri nahi izan zuen testuan. Hala ere, ez zuen horrelakorik lortu. Inork ez du Europan uste Irlandako mugak behin betiko mugiezinak direnik edota Alemaniaren batasunak ez zuenik gaur egun gertatzerik izango.

Giza balioak, gizarte kohesioa. Europaren lehen sortzaileek gogotan zituzten xedeak hasiak dira betetzen. EKIk bere baitan izango du Oinarrizko Eskubideen Agiria, hain zuzen ere Europako Sindikatuen Konfederakuntzak horren ondo baloratu duen ezarpena.

Ituna eta ez Konstituzioa. Nahiz eta gehienetan Konstituziotzat hartu, onartu beharreko arautegia Ituna baino ez da, aurreko Maastricht, Amsterdam eta Nizakoen pareko. Beraz, bospasei urte barru berriro ere testua egokitu eta hobetzeko aukera izango dugu.

REG-LEG, gure europar aliatuak. Egin nahi genituzkeen hobekuntzak nekez lortuko ditugu inoiz, bakarrik jardunez gero. Gure aliaturik onenak REG-LEG (eskumendun legebiltzarren jabe diren erregio europarrak) izenekoak dira, Bavaria, Baden-Wurtenberg, Flandria, Alto Adagio, Eskozia eta beste zenbait kasu. Denak, indar gehiagoz edo gutxiagoz, bat datoz EKIrekin eta gertu daude hurrengo itun aldaketa datorrenerako hainbat berrikuntza prestatzeko, Europako Justizia Epaitegian REG-LEG direlakoek helegitea aurkezteko ahalmena, esate baterako.

Euskal Herria elkartzen duen esparrua. Ezin ahaztu, azkenik, kultura, hizkuntza, gizarte eta ekonomia harremanez gainera, europar legeria dela gaur egun Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Iparraldea elkarrekin biltzen dituen bakarra. Gutxi, nahiko ala asko ote den eztabaidatu daiteke, baina uka ezinezkoa dena zera da: europarrak garela eta guk geuk inork baino gehiago behar dugula Europa elkartu eta bateratua. Gehiago behar dugu guk Europa, Europak gu baino.

Seguru gero izan badirela beste hainbat ardatz, baina hauek dira euskal gizarteari zuzenen dagozkionak. Denetan urratu dira begi bistako aurrerapenak, guk geuk nahi genuen neurrian eman ez diren arren. Baina laster 50 urte beteko dituen Europa zaharberritu hau ez da egun batetik bestera egin, ezta egingo ere. Denbora berriek aukera berriak eskainiko dizkigute. Eta, alderantziz, oraingo ezetzak europar eraikuntza oztopatuko luke, euroeszeptikoek betidanik nahi izan duten bezalaxe. Geldialdiak sekulako krisia eragingo luke, prozesu guztia hainbat urtez eragotziz.

Hau da, besteak beste, euskaldun eta europar guztiok erabaki beharreko kontua. Ia 60 urte joan dira Europaren sortzaileek euren egitasmoari ekin ziotenetik. Gauzak dezente aldatu dira baina helburuak lehengo lepotik jarraitzen du. Europa sakabanatua eta birrinduta aurkitu zuten aitzindari haiek etorkizunaren aldeko apustua egin zuten, itxaropenerako arrazoi gutxi zegoen garai hartan. Katea ez da geroztik eten. Eta, orain, gure txanda da. Jaioko dira berriak.

PARTEKATU