Iritzia
26Abendua
2004
26 |
Iritzia

Bada beste eliza bat

Iritzia
Abendua 26 | 2004 |
Iritzia

Mikel Atxaga

Iritzia

Deia


BADA beste eliza bat, tokian tokiko eta garaian garaiko kulturan txertatu eta mintzatu nahi duena, gaixoei, presoei, hiesa dutenei, drogak menperatuei, behartsuei eta baztertuei emana. Zenbat gizon eta emakume ote da, han eta hemen, gizarteak baztertuak dauzkan horiei maitasunez laguntzen. Abendu osoan jardun du, Eguberriei begira, mezu hori aldarrikatzen apaiz askok. Baina Rouko kardinalak, Martinez Camino idazkaria eta Cope lagun, gidatzen duen Elizak estaltzen, itsusten eta ahultzen duen mezua da. Aski da Martinez Caminok sexuaren inguruko jokabideez ahoa zabaltzea, dena pikutara botatzeko.
Jakina, Jainkoaren, segurtasun osoaren eta maitasun gardenaren izenean zabaltzen du ahoa. Txertoen eragina ez da seguru-segurua, badaezpada ere ordea, hartu egiten ditugu gaitzetik babesteko. Ez jatea bezalakorik ez da janak kalterik ez egiteko. Baina ijitoaren astoari gertatu omen zitzaiona gertatuko litzaiguke. Eta jaten dugunean finetik eta zapore guztiak dastatuz eta gozatuz jatea litzateke onena. Gehienoi, ordea, tripa betetzeak ematen digu nahikoa lan.

Sexu bidezko gaitzez ez kutsatzeko sexu-baraua baino seguruagorik ez da, jakina. Baina barau egitea inozokeriatzat eta kaltegarritzat jotzen duen gizarte honetan aholku hori ematea babesgarririk gabe jokatzera bultzatzea da. Ezeren babesik gabe, arin eta zabar jokatzen dutenei, behar diren neurri guztiak hartzeko esateko ordez, neurri horiek hutsaren hurrengo direla baiestea, arinkeria ezezik, bilaukeria ere bada.

Sexuaren gehiegikeriaz itsuturik diren gotzainek hobe lukete sexutasun osoaren aurkikuntzaz eta kultura berriaz jabetzen eta sexu indarkerian (66 hildako aurten) elizaren pentsaera eta jokabideek zerikusirik baduten aztertzen saiatuko balira. Gaurko gizartetik eta kulturatik at bizi dira gotzain asko. Dena den, era guztietako baztertu, gaixo, behartsu, mehatxatu, torturatu eta abarren egoeraz gehiago kezkatzen diren elizgizonek itzal handiagoa izango lukete firin-faranak salatzerakoan ere.

PARTEKATU