Iritzia
12Abendua
2004
12 |
Iritzia

Beste europa baten bila

Iritzia
Abendua 12 | 2004 |
Iritzia

HARRITURIK da Patxi Lopez EAJk Ibarretxeren ekinbideari eta Europako Konstituzioari bai esaten dielako. Ez omen bidezko biei bai esatea. Europako konstituzioak ixten omen dizkie ateak abertzaleon ametsei. Uztarrezinak omen bata eta bestea.

Estatuen arteko konpontzio honi, iskintxo ezezik, muzin egiteko ere arrazoirik bada, jakina. Patxi Lopezek ere abertzaleok adina arrazoi baluke benetako internazionalista eta sozialista balitz. Ez bata eta ez bestea delako, PP bezalaxe, ezinbestezko interestatalista espainol hutsa baizik, ez du bere alderdikideen artean aldeko eta kontrako arrazoiak eztabaidatu beharrik ere.

Eusko Alderdi Jeltzaleak aztertu, eztabaidatu eta erabaki egin du. Ez dira erabaki guztiak horren zabal eta sakon aztertuak eta eztabaidatuak izaten. Eta gehiengoa baiezkoaren alde lerratu da. Izan ere, beti Europa batzearen alde lan egin duen alderdi batentzat zaila da batasunerako urratsik ttikienari ere muzin egitea. Kiroletan ohikoa dena gutxitan gertatzen da politikan. Urrats batzuk atzeratu arren, politikan ez da habaila handiagoa hartzen eta jauzi handiagoa egiten. Dena den, ez genituen ikusteko guztiak ikusiko, PP, Europa zale amorratu eta EAJ, etsai.


Estatuak dira Europaren benetako batasuna eragozten dutenak. Premiak behartuta, ezinbestean, iritsi dira oraingo konpontzio honetara ere. Eta Aznar eta bere antzekoak gogotik saiatu ziren nazio ttikiei ate guztiak ixten. Hala ere, euskaldunoi ez dizkigu Europak ateak ixten, Babariari eta Flandriari ez baitizkie ixten. Guri Espainiak eta Frantziak ixten dizkigute. Estatuen konpontzio honek ere bateko eta besteko euskaldunok elkartu egingo gaitu, gainera, denboraz. Orain, batzuk Madrila begira eta besteak Pariseri so gaude. Baina bi erabakigune horiek ahuldu ahala eta Brusela eta Estrasburgo indartu ahala, erabakigune horri begira eta hortik tiraka jarriko gara bateko eta besteko euskaldunok. Gero eta elkarren behar handiagoa izango dugu, beraz.

 

PARTEKATU