Iritzia
05Abendua
2004
05 |
Iritzia

ELIZA ERE AZOKARA

Iritzia
Abendua 05 | 2004 |
Iritzia

DURANGOKO Euskal Liburu eta Disko Azokan izango da Eliza ere aurten, Euskal Herrian gaur egun euskaraz lantzen den kristau pentsamendu erlijiosoa euskal kulturaren plaza nagusi horretan agertu eta eskaini nahi duelako. Euskal literaturan erlijiosoa izan da nagusi, urteetan ez ezik, mendeetan ere. Euskal Herriari bizitzeko azken zentzua eta itxaropena, balioak eta irizpideak eman dizkiona ere, nagusiki, Eliza izan da.

Elizak ez du, jakina, lehengo eraginik gizartean. Eta euskarak ere lehen jorratzen ez zituen arlo asko jorratzen ditu gaur egun, zorionez. Hasierako azoka haiek eta oraingoak ikusi besterik ez da. Eta bazirudien euskal eliza atzera antzera gelditzen ari zela. Durangoko azokara iristeko, behintzat, ia 40 urte behar izan ditu. Bitarte horretan, jakina, urrats bat baino gehiago eman behar izan du. Urteetako lan isila egin behar izan du Durangoko azokara heltzeko: argitaletxeak eraiki, liburuak eta aldizkariak argitaratu, CD-R, internet eta abar erabili. Eta ez da alfer lana, jakina, «Elizen Arteko Biblia»tik bakarrik hogei mila ale baino gehiago saldu baitira.



Durangoko Liburu eta Disko Azokara ez doaz esku hutsik, beraz. «Arantzazu» eta «Idatz» argitaletxeak eta erlijio eta teologia gogoeta euskaraz egiten duen «Hemen» aldizkaria izango dira elkarrekin: 34 argitalpen gutxienez. Gainera, Deustuko Unibertsitatearen ardurapean 24 liburukiz osatutako Erlijio Kulturaren Bilduma, Vatikano II.ren dokumentu-sorta eta abar burutu dira. Euskarara bikoiztuak izan dira 28 bideo-zinta. Ikastolekin egindakoak ere badira.



Fedea eta kultura uztartzeko ahalegina egin nahi du Elizak. Horregatik hartu nahi du parte euskal kulturaren azoka horretan ere. Jose Antonio Pagolak azpimarratu duenez, «gero eta premia handiagoa nabarituko baita alde askoren arteko elkarrizketarena: politika eta etikaren artekoa, filosofiaren eta teologiaren artekoa, zientziaren eta erlijioaren artekoa. Arlo guztietan ere gutxi garenez, beharrezkoa dugu denon arteko elkarrizketa eta elkarlana».

www.deia.com

 

PARTEKATU