Iritzia
28Azaroa
2004
28 |
Iritzia

Aldaketa ala txanda eske?

Iritzia
Azaroa 28 | 2004 |
Iritzia

Mikel Atxaga

Iritzia

Deia


ALDAKETA eske baino txanda eske gehiago dator ‘‘Aldaketa. Cambio por Euskadi’’ taldea. Politika egiteko era berria aldarrikatzen dute. Aspertuta omen, ‘‘gureak’’ eta ‘‘besteak’’ bereizteaz. ‘‘Besteak’’ horren atzean ez ote dira ‘‘ni’’, ‘‘nik’’, ‘‘nire’’ eta ‘‘nireak’’ ezkutatzen? Izan ere, ez da erraz besterekin zenbait bezain zurrun eta moldakaitz izatea. Sinesteak lan du, noski, horko batzuek zer-nolako politika egin zuten jakinda. Eledun agertzen den Joseba Arregi ez zen jeltzalez eta sozialistez osatutako Ardantzaren gobernu haren bozeramale edo eledun izateko ere gauza, Jose Ramon Rekalderekin txandatu behar izaten baitzuen. Ez bata eta ez bestea ez ziren gai gobernuaren ahots bakar izateko. Egeak ere ez zuen, bada, jarduera berezirik erakutsi.

Txanda eske datozkigu, beraz, argi eta garbi. Sozialistentzat, jakina. Nori botoa eman ez dutela esango agindu badute ere, garbi esan baitute, dagoenekoz, nortzuei ez eman, orain gobernuan dauden alderdiei, alegia. Txanda eske datozkigu, sekulan ezertan agindu ez balute bezala, sailburu eta eledun izanak eta komunikabideetan gutxik bezalako sarbidea dutenak, aldamioan dabiltzan langileak bailiran.

Baina egin dezagun kontu, PPren botoa seguru duten sozialistentzat bakarrik eskatzen dutela txanda, botoa gehienek horientzat baitzuten, lehen ere. Horretarako, berriz, ‘‘cambio’’ hitz eranguratsu bezain maltzur-mingarria darabilte. Frankistentzat ere eragozpen bihurtu zen diktadura utzi eta demokrazia lortzeko erabili zen hitz bera alegia, EAJ herriak emandako konfidantzarekin eta botoekin ez ote dagoen eta aginte horretan sozialistek ez dutela parterik izan adierazteko. Baina sozialistek zuzeneko partea Jaurlaritzan eta zuzenekoa eta zeharkakoa eta era guztietakoa izan dute Espainiako gobernutik, epaitegietatik eta kongresutik. Soziaslistek asko agindu eta agintzen dute. Gehiago agindu nahi dute, ordea, Estatuaren morroiago eta Espainiari lotuagoak bihur gaitezen. Beste guztia ipuina da.

http://www.deia.com

PARTEKATU