Iritzia
25Azaroa
2004
25 |
Iritzia

INDARKERIAREN AURKAKO TRESNA

Iritzia
Azaroa 25 | 2004 |
Iritzia


www.berria.info

Azaroaren 25ak emakumeen aurka erabiltzen den indarkeriaren fenomenoa hedabideen agendetara hurbildu eta herritarrentzako gogoeta gai bihurtu du eta, aste honetan bertan, indarkeria horrek berak eta desorekak bi hildako eragin ditu Euskadin. Bi neska gazte horien istorio latza beste arrazoi bat da egun seinalatu hau gogoan har dezagun.
Gure Erkidegoan arlo honetan egiten den lan itzelaren bidez, Estatuan genero indarkeria desagerrarazi ahal izateko programen eta baliabideen sorkuntzaren aldetik aitzindari izan arren, datuek adierazten dute eta gertakariek frogatu oraindik ere asko dugula egiteko. Kasu hauek berriro gerta ez daitezen kultura aldetik egin beharreko aldaketa oso sakona da eta, beraz, institutu honek ekimen berriak proposatzen jarraitu beharra dauka.

 

1988an sortu zenetik, Emakundek aurre egin behar izan zien lehen erronketakoa da emakumeen aurkako indarkeriarentzat erakunde mailako erantzun egokia artikulatzea. Garai hartan ez zegoen ia baliabiderik, ezta errealitate ilun hori ezagutzeko informaziorik edo daturik ere.Ordutik, neurri handi batean, Institutuak abiatutako lanari esker, Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeentzako Ekintza Positiboko hiru Planen (EEEPP) bidez, euskal administrazioek indarkeria mota hau saihesteko eta biktimei laguntza emateko ekimen ugari abiatu dituzte: azterketak eta ikerketak; sentsibilizazio kanpainak; prebentzio ekimenak hezkuntzaren, komunikabideen eta heziketaren eremuan; biktimei laguntza psikologikoa eman eta erasotzaileei tratamendu psikologikoa emateko espezializazio programak; laguntza juridiko eta abokatu-laguntzarako zerbitzuak; harrera-pisuak; larrialdi zerbitzuak; profesionalentzako prestakuntza jarduerak; aginduak eta jardunbide protokoloak; erakundeen arteko koordinazio hitzarmenak; biktimentzako segurtasun planak.

 

Baina oraindik ere lan asko dugu egiteko.Izan ere, oinarrizko lehen helburua (gure lurraldearen bazter guztietan biktimen arretarako baliabide eta programa sorta sortzea) bete ondoren, egun gure ahalegin guztiek, batetik, kalitatearen hobekuntza eta baliabide horien koordinazioa dituzte helburu eta, bestetik, sozializazio alor guztietan emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa. Horren lekuko dira, besteak beste, NAHIKO programa, eskolaren eremuan emakumeen aurkako tratu txarren prebentziorako sortua, edota Erakunde arteko Hitzarmenaren haritik onartu berri diren emakumeen aurkako indarkeriaren biktimentzako harrera eta etxebizitza baliabideak hobetzeko programa, eta gizarte-zerbitzuen eremuan babeserako agindua aplikatzeko protokoloa.

 

Hala ere, esparru honetan Emakunderen ekimenik garrantzitsuena Emakumezkoen eta Gizonezkoen arteko Berdintasunerako Lege Proiektua da; lantze, kontsulta eta negoziazio prozesu luze baten ondoren, Eusko Jaurlaritzak irailaren 21ean onartu zuen, eta Eusko Legebiltzarrean dago, onetsia izan dadin. Dokumentu honek gizartearen babes nagusia jaso du, eta hala gelditu da frogaturik, Jaurlaritzaren, hiru Foru Aldundien eta Eusko Legebiltzarraren ordezkariek eta Legebiltzarrak berak izendatutako adituek osatzen duten Emakunderen Zuzendaritza Batzordean aurkako botorik gabe onartu delako.

 

Lege Proiektuak emakumeen aurkako indarkeria emakumeen aurkako bazterketaren arazo orokorraren barruan planteatzen du; izan ere, Lege Proiektuaren abiapuntuaren arabera, bizitzaren alor guztietan emakumeek jasaten duten egitura mailako desberdintasun egoerak eragiten du indarkeria mota hau. Bide horretatik, emakumeen aurkako indarkeria, desberdintasunaren beste adierazle bat izateaz gain (beharbada, larriena), gizarte kontrolerako tresna ere bada. Hori dela-eta, zehaztu egin da emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko legegintza-ekinbiderik osoena desberdintasunaren arazoari osotasunean helduko dion Emakumezkoen eta Gizonezkoen Berdintasunerako Lege bat dela; bizitzaren alor guztietan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna sustatzeko neurri zehatzak planteatuko ditu eta, bereziki, autonomia indartu eta beren egoera soziala, ekonomikoa eta politikoa indartuko ditu.

 

Esparru honetan esku artean ditugun programen eta baliabideen azken helburua autonomia bultzatu eta mendekotasun loturak haustea izango da; ildo honetan, biktimei bizitza normaldu batera itzultzea zailduko dieten erakundeekiko eta laguntza edo zerbitzu jakin batzuekiko mendekotasun harreman berriak sortzea saihestu beharra dago.Lege ekimen honek ez du amaiaraziko emakumeen aurkako indarkeriaren arazoa, egitura mailakoa delako, beste dimentsio asko dituelako eta gizartean oso errotuta dagoelako.

 

Ez dago irtenbide errazik arazo konplexuei aurre egiteko. Hala ere, seguru gaude onartuko den Emakumezkoen eta Gizonezkoen Berdintasunerako Legea oso tresna baliotsua izango dela, pertsonen arteko harremanak errespetuan, justizian eta berdintasunean oinarritzea eragingo duen gizarte bateranzko bidean urrats sendoak egitea ahalbidetzearren.

 

PARTEKATU