Artikulu hau hasteko orduan, aurrezki kutxako presidente naizen honi mailegu txiki bat hartzeko baimena eskatzera nator. Hasierako lerro hauetarako, Jesus María Valdalisok Bilbao Bizkaia Kutxaren mendeurrenari buruz idatzitako liburuan eginiko hausnarketa ekarri nahiko nuke gogora. “Bizkaiko edozein herritarrentzat ia ezinezkoa da bere bizitza osoan aurrezki kutxen ekimenez sortu den jarduera, zentro, erakunde argitalpenen bat ez aurkitzea, edo aurrezki kutxen ahaleginez altxatutako ekimenen batean ez izatea: haurtzaindegiak, egoitzak, erietxeak, erretiratuen klubak, emakumeei prestakuntza emateko zentroak, hondartzetako sorosle zerbitzuak, umeentzako udalekuak, ikastetxeak...”. Konplikatua da benetan, hain hitz gutxitan 107 urteko historia laburbiltzea. BBK beti egon da, beti izan dugu gure artean.
Iragana laburbiltzeko lana handia bada ere, zer esango dugu etorkizunaz? Ba, BBKren geroaz hainbat gauza esan daitezke. Lehenengo eta behin, BBKk etorkizuna izan baduela. Etorkizun oparoa, itxaropentsua, hurbila, inplikatua, solidarioa... Bizkaiko lur honetan eta Euskadi osoan sustrai sakonak dituena, 107 urteotan izan dituenak bezain indartsuak. Aurreko esaldia borobiltzeko esango nuke orain “edo indartsuagoak, agian”, baina handikeria eman dezakeenez, ez dut halakorik esango. Pentsatu bai, ordea, indartsuagoak izango direla pentsatzen dudalako. BBKk jarraituko du orain arte egon den lekuan, tinko.
Diputatuen Kongresuak 2013ko abenduan onartu zuen Aurrezki Kutxen eta Banku Fundazioen Legea, eta lege horrek ezartzen du euskal kutxak banku fundazio bilakatzeko derrigorra dutela. Aldi baterako lehen xedapenak ez du interpretazio askerako aukerarik utzi: “Lege hau indarrean sartzen denean banku erakunde bidez mailegu erakunde gisa lan egiten duten aurrezki kutxak, urte beteko epean, banku fundazio edo ohiko fundazio bilakatuko dira, halabeharrez”. Lege hau sortu zen Espainiako hainbat kutxetan eragindako gehiegikeriak zuzentzeko, bankuen erreskatearen aurrean etorkizunean halakorik ez gertatzeko berme gisa eta etorkizuneko galerak hiritarrek ordaindu beharrean akziodunek ordaintzea bermatzeko. Esan beharrik ez dago ez BBKk, ezta beste euskal kutxek edo Kutxabankek ez dutela sekula halako bidegabekeriarik egin. Guztiz alderantziz; kudeaketa, eraginkortasun eta profesionaltasun eredugarria erakutsi dute. Hala eta guztiz ere, egindako kudeaketa lan onak ez gaitu garbantzu beltzen zaku berean amaitzetik salbatu. Zuzenak gara okerren okerkeriak ordaintzen ditugunak. Bidegabe bezain erreala.
Etxerako lanak
Araudi berriak BBKren eta gainerako kutxa guztien etorkizuna baldintzatzen du. Ezagun dugun finantza sistemaren amaiera da. Amaiera berria. Legeak BBKri eman dio Kutxabanken %57aren ardura, eta horrek etxerako lan garrantzitsuak ezarri dizkigu: banku fundazio bilakatzea; kudeaketa lan profesionala bermatuko duen protokoloa egitea; finantza plan bat egitea, egoerak txarrera egiten badu bankuak izan ditzakeen kapital beharrak fundazioa asetzeko moduan egongo dela bermatzeko; bere inbertsioak dibertsifikatzea (gaur egun Kutxabanken baino ez daude, %57ko portzentaje horrekin); eta amaitzeko, bankuan portzentaje hori mantendu nahi badu, erretserba funtsa eratu behar du, oraindik kopurua ezagutzen ez delarik. Hori dena ez da hautazkoa edo negoziagarria. Horiek dira legeak ezartzen dituen derrigorrak. Kontrakoa esaten duenak, ez du egia esaten.
Zazpi hilabete daramatzat erakunde honen zuzendaritzan. Zazpi hilabete eman ditut lanean murgilduta, isilik eta helburu argi bakarrarekin: BBKren funtsa eta izaera zaintzea, gizartean duen presentzia babestea eta, aldi berean, legea betetzea. Batzuek nahiago izan dute gauak derrigorrez heldu behar ote den eztabaidatzen aritzea, gaua heltzea guk aukeratu ahal dugun zerbait izango balitz bezala. Eztabaida horien aurrean besteok nahiago izan dugu gau saihestezin horri egoerarik onenean egiteko prestatzea. Epe laburrean egitasmo itxaropentsu eta ilusioz betea hasiko dugu. Egitasmo ona BBK, Kutxabank, Bizkaia eta Euskadi osoarentzat. Egitasmo ona pertsonentzat. Izenak aldatzen direla? Bai, hala da. Aurrezki Kutxak aurrerantzean fundazio izango garela? Bai, hori ere bai. Baina ez da oinarria aldatuko, eta oinarri hori da BBKren izpiritu, balore eta funtsa orain arte bezain indartsua eta sendoa izango dela, gizartean orain arteko presentzia izango duela (edo handiagoa).
Egin dugun lanak patronatuari ematen dizkio BBK bete behar dituen derrigorrak betetzeko moduko oinarri sendoak eta, guk nahi duguna defendatzeko oinarriarekin, ahal dugun mailarik gorenenera irits gaitezen. Efizientzia da finantzen egituraren gidaria. Sarrerak baxuak badira ere, gizarte ekintzaren aurrekontua sendotu da. Hiru urte hauetan lehen aldiz, beheratu beharrean, hazi egin da, eta babesa eta lasaitasuna eman ahal izan diegu gure eginbidearen oinarrian dagoen lanaren fruitua jasotzen duten Bizkaiko emakume eta gizonei. Gizarte ekintza, Euskadi osoko handiena eta zabalena, sarreren gorabeheren mende egon behar ez duena. Zentzuz eta taiuz pentsatua, jasangarria eta iraunkorra izateko sortu zena eta hala mantendu behar dena. Dibertsifikatzeko dugun derrigorrarekin eta herri aktibo estrategikoekin, bankuarentzat mantentzen zailak direnak (arrazoi tekniko eta legalak daude hori azaltzen dutenak ) dibidendu ezberdinak lortu ahalko ditugu eta diseinatuko dugun finantza planarekin lortuko dugu ondarea bateratzea, birkapitalizatea eta kudeatzea, fundazioari kaudimen, aukera eta indar handiagoa emateko.
Demagogiarik ez
Desiragarriena litzateke inork gai honen inguruko demagogiarik ez egitea. Pribatizazioaren gezur hori demagogia baino ez da, demagogia garbia. Bankuen negozioa den moduan ulertu behar da, erabat araututa dagoelako. Baina horrek merkatu guztien inguruan dagoena baino ziurgabetasun handiagoa ezartzen dio, araudi aldaketak etengabeak direlako eta europar kontrol eta gainbegiratze bakarrerako bidean aurkitzen garelako. BBK erakunde serio eta zintzoa da eta lege derrigorrak beti beteko ditu, gustuko izan ez arren, bidegabe jotzen ditugun arren. Gakoa da lur ezezagun hori, arrisku tokia baino, aukera tokia izatea. Egin ahal ote den? Bai.
Alderdi politiko eta gizarte eragile batzuei eskatu nahi nieke gai honen inguruan darabilten politikakeria bazterrean uztea, eta 107 urte hauetan BBK aurrera ateratzeko gaitasuna erakutsi duten profesionalak babestea eta errespetua erakustea. Legeak, batez ere gustuko ez ditugunak, legebiltzar eta parlamentuetan aldatzen dira. Hori da zuen lana; ez itzazue zuen derrigorrak alde batera utzi. Zailtasunak zailtasun, gure lana eta ardura izango da bizkaitar guztiak harro egoteko moduko BBK eraikitzen jarraitzea. Orain arte bezala, BBK izango da Kutxabanken akziodun nagusia, eta bankuaren kontrola Euskadin geratzea bermatuko du. Eta BBKren ahaleginari esker, kontrol hori gizartean mantenduko da, ezarle eta enpresen ardurapean, 107 urte hauetan BBK honetan konfiantza izan duten guztien eskuetan.
Eta fundazio hori, orain arte bezain bizkaitarra eta euskalduna (edo are bizkaitarragoa eta euskaldunagoa) izaten jarraituko du eta bizkaitarren ondarea eraginkortasun eta zintzotasunez kudeatuko du. Berdin babestuko ditu ekonomia eta industria, eta herrialde honetako enpresak. Hazkunde ekonomikoaren eta enpleguaren aldeko apustu irmoa egingo du. Dagokion ekarpena egingo du Kutxabank orain den banku indartsu, inplikatu eta lehiakorra izan dadin. Eta orain arte bezain gobernu profesional eta eredugarria mantenduko du. Patronatu profesionala, Bizkaia osoa ordezkatuko duena eta Batzarrean onartua (BBKren erakunde gorena) izango da helburu hori zaintzeko ardura izango duena, eta bere jardunbidearen azalpenak emango ditu Eusko Jaurlaritzaren babesaren eta Espainiako Bankuaren gainbegiradapean. Kontrol publikoa erabat bermatuta dago.
Batzuetan, agerian dagoena gutxiesten dugu. Kutxabankek eta euskal kutxek finantza sektorearentzat hain beltza eta etsigarria izan den bost urteko epe hau Estatuaren laguntasunik gabe eta lehen lerroan mantendurik gainditu izanak luze eta zabal azaltzen du bere kudeatzaileen maila, konpromiso eta profesionaltasuna. Etorkizunerako abala ere bada. Ni neu, bankuen munduan hazitakoa naiz, kutxa batean, mailegu kooperatiba batean ikasi dut, eta ondotxo ezagutzen ditut lehiakor izateak dituen zailtasunak. Ohore handia da BBK arlo honetan ere eredugarria izatea. Eta, etorkizuna borobiltzeko behar dugun gauza bakarra da BBKri Europar Banku Zentralaren gainbegiradapean egingo duen ‘stress test’ horretan laguntzea. Zalantzarik ez dut, berriz ere, Mario Fernandezek zuzentzen duen erakundearen osasuna eta lidergoa erautsiko duela, eta fundazioentzat suposatzen duen eboluzio ona bermatuko duela.
Inguruabarrek ekarri digute aldatzeko beharra eta derrigorra, bai, baina dena orain arte bezala, edo hobeto jarraituko duelako uste sendoa dugu. Ez da arazoa aurrez aurre planteatzen zaiguna; aukera bat da. Gure etorkizuneko fundazio honek baliabide gehiago izatea, gizarte ekintza bermatzea, euskal sare produktiboa babestea eta bankuaren zutoin indartsua izatea lortzen badugu, bide honetan dugun egiteko nagusia betetzea lortuko dugu: 107 urteko oinordekotza babestea eta iraunaraztea. Gauza guztien artean garrantzitsuena da bihar gaur bezala jarraituko dugula. Nahi dugu. Ahal dugu.