Eskerrik asko,bene-benetan, gaur gure ondoan egotea aukeratu duzuelako. Ongi etorriak izan zaiteztela denok, guretzat berebizikoa baita Europarako bide honetan gure ondoan egon zaiteztela, laguntzea eta ahaleginak merezi duela ulertzea.
Merezi du, benetan merezi du areto honi begira egoteak eta EAJ-PNVk Nafarroan zuek bezalako gizon eta emakumeen babesa duela ikusteak. Emakumeak eta gizonak, gazteak eta ez hain gazteak, zuek zarete gure foru erkidegoaren egunerokotasuna bizi duzuenok. Guk ikusten dugun moduan, egunetik egunera forutasuna eta erkidegotasuna galduz doala ikusten duzuenok.
Ehun urte dira, ehun baino urte gehiago igaro dira, Nafarroako EAJ-PNV sortu zenetik. Ehun urte asko edo gutxi izan daitezke, segun zerekin alderatzen den. Baina,egia esan, ehun urte nahiko dira Nafarroa zer den ulertzeko, Nafarrok nolakoak garen jakiteko, eta lur honetan politika nola egiten den ikusteko.
Azken aldi honetan, Nafarroan hasi gara ikusten alderdikeria nagusitzen duen joko politikoa; kasu batzuetan, Nafarroatik kanpoko interesak dira, orain bizi dugun ezegonkortasun politiko larria konpontzeko beharraren gainetik jartzen direnak.Joko politiko honetan nafar jendartearen interesen gainetik jarri da "status quo" hori ez aldatzeko helburua, eta euskal abertzaletasuna joko politikotik kanpo uzteko ahalegina. Eta Barcina presidente andreak egoera lotsagarriaren erdian esan du euskal abertzaleentzat, zenbat eta okerrago, orduan eta hobeto dagoela egoera.
Eta, hala aplikatzen ari dira dena. Horra hor "marzazo" izenez deitzen dugun horren adibide deitoragarria, istorio lotsagarri honen beste zedarria da: Nafarroa, estatuko arazoa.
Baina, ez gaitezen ezkorrak izan. 2014ko maiatzean ez bada, urte bete beranduago izango da; baina hiritargoak bere iritziak emateko aukera izango du eta bakoitzari emango dio dagokion tokia. Egoera zaila dela jakinik ere, ilusioa eta sinesgarritasuna eskaintzeko lana egingo dugu. Horra hor gure konpromisoa.
Eta,........ Europaz hitz egingo bagenu? Zer? Azken finean, hori da nahi dutena, guk Europa burutik kentzea. Eta hori izan da guretzat askatasun erreferentea, aurrerapen erreferentea, gure eskubide nazionalak defendatzekoa, demokraziarena, giza eskubideen errespetuena eta gure balioekin bat egiten duten balioena.
Oraindik ez da eraiki gure aurrekoek amesten zuten Nazioen Europa hura; eta azkenean, Estatuen Europa da sortu dena. Baina, urratsak aurrera eman ahala, desagertuz doa Estatuen figura. Zenbat eta Europa indartsuagoa, gero eta Estatu ahulagoa .
Horregatik izango da,agian, UPN Europar Hauteskundeetara ez aurkezteko arrazoia. Edo, behar bada, sakonean, Europan sinesten ez dutelako, edo behintzat guk eraiki nahi dugun Europan sinesten ez dutelako. Nahiago dute Estatuen Europa. Nahiago dute Madrilera begira jarraitzea, han daude eroso eta han egiten dituzte akordioak, berdin dio "agostazo" edo "marzazo" izan.
EAJ-PNVko gizon eta emakumeok, alderantziz, Europaren aldeko apustua egiten dugu. Gure herriaren bakearen aldeko lan hobea egiteko, erreferentziazko gizarte kohesio ereduak bultzatzeko, gure enpresen garapen eta indartzean hobeto sakontzeko, Europatik Kontzertua eta Itun Ekonomikoa hobeto defendatzeko, gure itun ekonomikoetan pribilejioak ikusten dituzten Espainiar Estatuko hainbat politikarien aurrean. Nafar gizon eta emakumeen eta euskal herritar guztien interesak hobeto defendatzeko.