Europako Egunean Euzkadi Buru Batzarraren adierazpena

Europako Egunean Euzkadi Buru Batzarraren adierazpena
09
Maiatza
2013
EBBren agiriak

Gaur ospatzen dugu Europako Eguna. 1950eko maiatzaren 9an, Schuman Adierazpenak gure kontinenterako bide berria zabaldu zuen, gaur hirurogeita hiru urte geroago, ondo baloratzen duguna. Europar Batasuna errealitatea da gaur egun, eta bidean ezagutu izan dituen zailtasun eta oztopo guztien gainetik, erreferentea da eta mundu mailako balorea.

Agerian dago Europar Batasunak egoera konplexua bizi duela gaur egun. Krisiak bere oinarriak kolpatu ditu eta bere etorkizunaz hausnartzera eraman gaitu. Krisiaren adierazpenik ankerrena da une honetako langabezi altua, eta horrek etsipen handia eragiten du pertsonengan eta familietan.

Europar Batasunak ez du krisialdiari aurre egiteko erantzun eraginkorrik bideratu, agerian geratu da erakundeek erronka horren aurrean duten ahultasuna. Politikaren subiranotasuna merkatuen eskuetara transferitu izana, beren ardurak Bruselari leporatzen dizkioten Europar estatuen berekoikeria eta batasun mailan zabaldu den solidariotasun falta dira, besteak beste, erantzunik eza azaltzen duten funtsezko elementuak.

Europar Batasuna ez da eraginkorra izan, eta horrek mesfidantza agerrarazi du europar egitasmo politiko eta ekonomikotik gero eta urrunago dagoen hiritargoarengan. Egoera horretan, demagogia, populismoa eta erradikalismoak indartu dira modu arriskutsuan, Europaren kontrako joera zabalduz.

Oraingo erronkei europar batasunetik erantzutea

Europarengandik urruntzeko joera ematen den eta muturkeriak indartzen diren honetan, politikak pertsonaren zerbitzura egon behar duela pentsatzen dugu, beharrean daudenen zerbitzura. Horrela berresten dugu Europak eman behar duen erantzuna ezin daitekeela Batasunaren suntsitzea izan. Europa biziagoa behar dugu. Europar batasun indartsuagoa behar dugu: batasuna bankan, zergetan eta politikan, diziplinan,hazkundean, Nazio eta pertsonen arteko solidariotasunean oinarri harturik, subiranotasun nazionalaren zati bat Batasunaren Erakundeetan utzi behar dugulako ustean oinarrituta .

EAJ-PNV europazalea da, eta bere europazaletasuna adierazi nahi du. Europa Politiko eta Federalean sinesten duela esan nahi du, Europa batua, potentzia ekonomikoa eta protagonista politiko ukaezina mundu mailako xakean. Bere eredu soziala eta berdintasun nahia gordeko duen Europa, askatasunean eta justizian oinarritutako balore tradizionalak zainduko dituena, mundu baketsu eta demokratikoagoa sortzen lagunduz. Europar egitasmo hori ere bada gure nazio proiektuaren zati bat .

Europa Federalaren aldeko apustua egiten dugu, subiranotasun partekatua izango den esparruan, subsidiariotasun printzipioaren oinarrian eraikia, estatu azpiko erakunde politikoak aitortuta eta errespetatuta, hiritarrengandik hurbilen dauden erakundeei dagozkien eskuduntzei zor zaien begirunea zainduta.

Euskadi eta Estaturik gabeko Europako beste Nazioak

Gure Herria Europar Batasunaren subjektu politiko egitearen aldeko apustua egiten dugu, Batasuna osatzen duten beste Estatuen pare, hauetako asko estatu izatera azken 25 urteotan iritsi direla gogoratuta. 

Herria garen aldetik, autodeterminazio eskubidea dugu, gure hiritarrek askatasun eta demokrazian izan dezatela beren estatus politikoa, ekonomikoa,sozial eta kulturala erabakitzeko eskubidea, beste Herri batzuekin batera, subiranotasuna Europar Batasunaren esparruan partekatuko den marko propioa instituzionalizatzera begira.  

Gure ustez, alderdien arteko elkarrizketa eta negoziaketa tresnak ezinbesteko giltzak dira bizikidetzarako, eta gure Nazioan bertan aktibatu eta egikaritu behar ditugu, behar dugun  nazio eta gizarte kohesioa eraikitzeko gutxieneko oinarriak lortzeko. Tresna horiek ezinbestekoak dira Estatuko, europar batasuneko eta Nazioarte mailako agintariekin ditugun harremanetarako.

Honen bidez berretsi nahi dugu gure egitasmoa demokratikoa eta inklusiboa dela, gizatiarra eta irekia, eta adierazita agertzen da gure nazioaren autogobernua indartzearen alde agertu den herriaren gehiengoaren borondatean eta Europan subjektu politiko izateko duen bokazioan.

Europar Batasunari eskatu nahi diogu, ordezten ditugun errealitate nazionalak aitortzea eta Batasunaren barruko zabalkuntza ahalbidetzeko tresna juridikoak bideratzea, kanpoko zabalkuntzak bideratu eta arautu dituzten Kopenhageko printzipio eta baldintzei jarraiki .

PARTEKATU