Hitzaldia
17Urria
2012
17 |
Hitzaldia

Iñigo Urkullu Donostian

Hitzaldia
Urria 17 | 2012 |
Hitzaldia

Egun on denoi.

Ekonomia bere atzeraldian dago, eta langabeziak gora egiten du. Testuinguru honetan, diru bilketak behera egiten du. Datorren urteko diru sarreren aurreikuspena , aurtengoa baino txikiagoa izango da, ezinbestean. Gainera, 2013 urtea hipotekatuta dago zorraren ordainketei aurre egin behar dielako.

Egoera honi, buelta eman behar diogu.

Ekonomiaren zorroztasuna eta kudeaketaren eraginkortasuna berreskuratu behar ditugu.

Gure konpromisoa da ahal dugun zorroztasun handienarekin eta aurrekontu diziplinarekin jardutea.

Gure konpromisoa da defizit mugak  ez gainditzea.

 Gure konpromisoa da gastu arrunta mugatzea.

Atzera begiratzeko, egun bakarra erabiliko dugu.

Gobernuaren lehen  minutuan, kanpoko auditoria planteatuko dugu.

Premiazkoa da abiapuntua ezagutzea, egiazko egoera ekonomikoari egokitutako planifikazioa egin ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzari, seriotasunez, zorroztasunez, konpromisoz kudeatzeko kultura itzuliko diogu; guk betidanik egin izan dugun moduan.

Neurriak hartuko ditugu.

Administrazioan ohiko gastua murriztea. Barneko egitura arintzea. Aholkulari kopurua murriztea. Auto ofizialak murriztea. Erakunde arteko lankidetza hobetzea, bikoiztasunak saihesteko. Alferreko gastuak kentzea, eta beharrezkoa ez den euro bakar bat ere ez gastatzea.

Itxurakoa, alferrekoa kenduko dugu, eta ezinbestekoa mantenduko dugu.

Ezinbestekoa da gastu soziala eta lana.

Ezinbestekoa da osasuna, hezkuntza, gizarte zerbitzuak eta pentsioak, gure ongizate estatuaren zutabeak.

Ezinbestekoa da lana. Berrabiatze ekonomikoaren aldeko apustua egingo dugu, Euskadin enplegua  berriro sortzen hasteko.

Zerga sistemaren erreforma proposatuko dugu, berrabiatze ekonomikora bideratuta. Proposamena Foru Aldundiei egingo diegu, lankidetza eta akordioa bilatzeko asmoarekin.

Euskal tributu sistemaren erreformak, adostasun instituzional eta politiko zabala behar du. Beharrezko urratsak emango ditugu, adostasun handi hori lortzeko. Baina, benetako arazoa dena da, Euskadin langabeziak gora egin duela.

Aurten 7000 kotizatzaile gutxiago ditugu, eta bederatzi hilabetetan 2000 enpresa gutxiago.

Zerga politikarik onena da atzeraldia gainditzea, berriro haztea, enplegua sortzea. Horixe bai dela Euzko Alderdi Jeltzalearen politika; enplegu gehiago, kotizatzaile gehiago, kontsumo handiagoa, produkzio handiagoa, enplegu gehiago.

Hazkundearen sorgin gurpila, eta ez atzeraldiaren sorgin gurpila.

Gure konpromisoa da zorroztasun ekonomikoa eta eraginkortasuna. Egoera serioa da, egoera ez dago etorkizunarekin jolasean ibiltzeko moduan, erabakiak atzeratzeko eta hurrengoari zorrak uzteko moduan.

Euskal emakume eta gizon asko eta asko dira, beren konfiantza EAJrengan dutenak, egoera honi aurre egin ahal izateko.

Eta guk, mugitzea eskatzen diegu, gure alde egitea. Igandean botoa ematea.

Hurrengo Gobernuak babes eta sendotasun handia beharko du.

Nire konpromisoa da egoerari aurre egitea, dena delakoa, erabakiak hartzea eta lanari ekitea. Akatsak izango ditugu agian, eta akats horiek barkatzea beharko dugu. Baina  barkaezina izango da denbora aurrera egiten uztea eta ez gobernatzea. Gobernu ekintzailea proposatzen dugu, ekimen hitzartua, krisiari aurre egiteko. Euskadin biziberritze ekonomikoa  eta enplegua sortzeko ekimena zuzenduko duen Gobernua.

Gobernatzea da erabakiak hartzea, onerako zein txarrerako .

Hala egingo dugu. Gure konpromisoa da.

Eskerrik asko.

PARTEKATU