EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarrak joan den astelehenean, hilaren 5ean, egin zuen bileran, Europako Alderdi Demokrataren sorreran beste zenbait alderdirekin batera fundatzaile moduan parte hartzea erabaki zuen. Sorkuntza hori datozen egunetan gauzatuko da, ekainaren 13ko hauteskundeetan lortutako emaitzen araberako Europako Parlamentu berria osatzeko ekitaldiarekin batera. Talde politiko berriak, Alderdi Liberalarekin batera, parlamentu talde berria osatuko du, Demokrata eta Liberalen taldea izenekoa.
Europazale porrokatua eta Europa federalaren aldekoa, Europako Alderdi Demokrata Gerraosteko europar baloreetan oinarrituta sortuko da; izan ere, balore horiek, II. Mundu Gerraren ondoren modu erabakigarrian lagundu dute Europako hiritarrak askatasunean, bakean eta ongizatearen gizartean bizi daitezen. Ildo honetan, EADk oinarri humanistak ditu abiapuntutzat eta Europako Parlamentuan kontserbadoreen eta sozialisten artean kokatuko da. Hirugarren bide berritu honek merkatuaren ekonomia soziala, elkartasuna eta justizia soziala defendatuko ditu.
Barne politikaren alorrean, berriz, Europako Alderdi Demokratak europar Kontinentean diren nazio nortasun guztiak bizirautearen alde egingo du. Era berean, Europako politikaren egituraketan lege eskumenak dituzten eskualde edo erregio izenez ezagutzen direnen egitekoa babesten du.
Eraikuntza politikoari oro har eta kanpo politikari zehatz-mehatz dagokienean, azken gertaerek agerian utzi dute alderdi popular-kontserbadoreak eta alderdi sozialistak, hain handi eta askotarikoak direnez gero, barne kontraesan latzak jasan behar izaten dituzte eta ez daukate behar adinako koherentzia politikorik, Estatuetako gobernuen interesen gainetik, munduko bakearen aldeko kanpo eta defentsa politika bakarra osatzen joango den Europa batuaren proiektu politikoari oztoporik gabe babesa emateko.
Beraz, alderdi berri baten sorkuntzaren beharra zegoen, berezkoak diren europar baloreetan oinarrituta, modu erabakigarrian Europa indartsu eta federal baten osaketan lagun dezan; era horretara, Europa eredu berri hori gaur egungo erronkei aurre egin eta nazioarteko panoraman protagonista politiko bihur dadin. EADren ustez, politika mailan bat eginda egongo den Europa erantzun egoki bakarra da gure egunetan mundu mailan planteatzen ari diren erronkei aurre egiteko.
Parlamentu talde berria
Zazpi izango dira gutxienez Europako Alderdi Demokrataren sorreran parte hartuko duten alderdi politikoak. Ideologo eta bultzatzaile nagusia gaur egungo Europako Batzordearen presidente eta Italiako lehen ministro ohia izan den Romano Prodi da. Sortzaile izango diren zazpi alderdiak, berriz: Margarita (Italia), Francesco Rutelli Erromako alkate ohia buru duela; Frantses Demokraziarako Batasuna (UDF, Frantzia), François Bayrou presidente duela; Alderdi Laborista (Lituania); Aldaketarako Hiritar Mugimendua (MCC, Belgika), Aldaketarako Bidea (CZ, Txekiar Errepublika), Horizonte Berriak (Zipre) eta EAJ-PNV (Euskadi).
Europako Alderdi Demokrata, sortzaile izango diren zazpi alderdiez gain, bere baitan kide berriak izatekoa asmoarekin sortuko da. Litekeena da hurrengo asteetan beste hainbat talde politikok gure proposamenarekin bat egitea. Bitartean, EADk, Alderdi Liberalarekin batera, parlamentu talde berria osatuko du, Demokrata eta Liberalen Taldea alegia. Bertako kide izango da Josu Ortuondo, EAJ-PNVko europarlamentaria, Galeusca-Europako Herriak koalizioaren barruan.
Parlamentu talde berriak 90 diputatu inguru izango ditu, eta, parlamentari kopuruari dagokionean, Ganberako hirugarren taldea izango da. Parlamentu talde europazalea izango da, oinarrizkoa eskubide eta askatasunen defentsan sentsibilitate handia edukiko du eta oreka puntua emango dio Europako bi parlamentu talde handien (EAP eta Talde Sozialista) arteko balantzari.
Demokrata eta Liberalen Taldean gobernu ardura desberdinak dituzten alderdiak, eta, hainbat herrialdetan lehen ministroak dituztenak ere biltzen dira: Danimarkan, Belgikan, Finlandian eta Eslovenian. Parlamentu talde berriari esker, EAJ-PNVk Europako foroetan zuzen-zuzenean adierazi ahal izango ditu Euskadiko egoera eta bilakaera politikoei buruzko bere ikuspuntuak.
Sabin Etxean, 2004ko uztailaren 8an