150etik gora lagun batu dira Sabin Etxean `Euskara erdigunean´ jardunaldian parte hartzeko. Bertan, EBBren presidentearekin, arloko burukideekin eta Ibone Bengoetxea lehendakariordearekin batera izan dira EAEko hiru Lurralde Historikoetako alkate eta zinegotziak eta hainbat Uri Erakundetatik etorritako ordezkariak
12May`Euskara erdigunean` goiburupean, 150etik gora lagun elkartu dira gaur Sabin Etxean euskararen egoeraz eta blindatzeko eta babesteko beharraz hitz egiteko egin den jardunaldian, Enplegu Publikoaren Legearen erreforma bidean dagoela aprobetxatuta. Aitor Esteban presidentearekin eta Andoni Busquet eta Markel Olano burukideekin izan dira Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta administrazio maila ezberdinetan euskararen alorrean erantzukizunak dituzten ordezkari jeltzaleak. Bertan bilduta hausnartu dute gure hizkuntzaren gaurko egoeraz, eta berretsi egin dute euskararekin eta “1982 urtean Euskararen Legea onartu zenez geroztik lortu ziren kontsentsuen ondorioz” arrakastaz garatu den hizkuntza ereduarekin EAJ-PNVk hitzemanda duen konpromiso irmoa.
Hala, eta eskaintzen ziren lanpostuetarako ezarri ziren hizkuntza profilen aitzakiapean epaimahaiek eman dituzten epaiekin hainbat lanpostu eskaintza publiko baliogabetu dituela, EAJ-PNVk "errealitate honi heltzen dio erantzukizunetik eta euskararekiko konpromisotik", bai eta "konponbide zentratua" bilatzeko helburuarekin ere, "batzuen inmobilismotik eta besteen maximalismotik urrun".
Hori da, hain zuzen, EAJ-PNV azken hilabeteotako lanean gidatu duen helburua, eta helburu horrekin berarekin aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean Enplegu Publikoaren Legea aldarazteko proposamena. Ahalegin horrekin bilatzen da prozesuen euren segurtasun juridikoa bermatzea eta, aldi berean, prozesu horietara aurkezten diren pertsonak babestea. Estrategia mailakatua proposatzen da, segurtasun juridikoa bermatzeko, eta neurrien ondorioak epe ertainean ebaluatzea planteatzen da.
Hain zuzuen ere, talde jeltzaleak proposatzen du administrazio publikoek eskainiko dituzten enplegu publikoen eskaintzetan derrigortasun geroratuaren figura orokortzea. Horrela, pertsonek lanpostu horietara sartu ahal izango dute hasieran hizkuntza-eskakizuna egiaztatu gabe, eta ondoren epe bat izango dute hori lortzeko, administrazioak berak beharrezko prestakuntza bermatzeko konpromisoarekin. Euskararen ezagutza merezimendua izango da kasu horietan ere.
Halaber, testuak jasotzen du administrazio bakoitzak bere derrigortasun indize propioa izan beharko duela eta horrek zehaztuko duela zein lanpostuk duten derrigortasun-data eta zeinek ez, horretarako proportzionaltasun-irizpideetan oinarritutako justifikazioa egin beharko da, lanpostuaren eginkizunak, erabilera-irizpide linguistikoak eta ingurunearen errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta. Irizpide horiek Eusko Jaurlaritzak ondoren onartuko duen dekretuan zehaztuko dira. Era berean, derrigortasun indize orokorra desagertuko da, EAJ-PNVk hasieratik proposatu bezala, egungo araudian ahultasun juridikorik handiena duen elementua delako.
Azken batean, planteamendu "ausarta", "sendoa termino juridikoetan eta etorkizunerako bermeak dituena, gure hizkuntza eskubideen defentsan eta euskalduntze ereduan aurrerapen progresiboa ekarriko duena".