Ortuzar “benetan kezkatuta” Moncloak transferentzien negoziaketan erakutsi duen “gelditasunaren eta zorroztasun eta kariño faltaren aurrean”

Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak “normaltasun instituzionalaren” barruan kokatu du bihar Urkullu Lehendakariaren eta Torra Presidentearen artean egingo den bilera
13 Azaroa 2018 | EBB

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berriztatzeko prozesuan PSOE eta PP alderdien artean adostu duten akordioak baino gehiago, “Nortasun krisi egoeran eta herritarren oniritzirik ez duen Espainiako justiziari” gehien komeni zaiona izan ez arren, Andoni Ortuzar benetan kezkatzen duena da bete gabe geratzen diren eskuduntzen transferentziaren gaineko negoziaketan Espainiako gobernua erakusten ari den “gelditasuna eta zorroztasun eta kariño falta”. Hala baieztatu du EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak gaur goizean Euskadiko Radio 5 irratian egin dioten elkarrizketan. “Bihar bilera teknikoa egingo da eta espero dezagun bilera horretan gauzak aldatzea, baina aurrekariak ez dira bat ere onak”, ohartarazi du Ortuzarrek .

Jeltzaleen buruari galdegin diote Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berriztatzeko prozesuan, atzo, PSOEk eta PPk gauzatu zuten akordioaz, Podemos ere barnean hartzen duenaz. “Deigarria da oso ia ezertarako ados ez jartzea, eta atzo bertan Errioxako euskararen inguruko esperpento hartan nahastu ziren, baina gero Botere Judizialaren Kontseiluaren inguruko akordioa iragarri izana. Nik ez dut akordio bat kritikatuko: akordioak zilegi dira eta guk betidanik eskatu ditugu. Ez dugu kritikatuko gu kanpoan utzi izana. Egingo nukeen hausnarketa bakarra da nola egin den, oso gardentasun eskasarekin, aulki eta kromo banaketa itxura hartu duela eta hori ez dela nortasun krisian eta sinesgarritasun krisi ikaragarri batean dagoen Espainiako justiziak behar duena . Uste dut bestela egin zitekeela”, esan du Ortuzarrek. EBBko presidenteak ezeztatu du EAJ-PNVk negoziaketa honetan parte hartu duenik. “Ez dugu deirik jaso, ez dakit nik eragileren baten inposaketagatik edo dena delakoagatik, baina `a posteriori´ gonbidapenik ere ez dugu jaso hautagaitzaren bat proposatzeko, eta hori izan da beti egin izan duguna. Ondo irtengo ahal zaie, sistema demokratikoaren sinesgarritasuna,neurri handi batean, justiziaren sinesgarritasunaren araberakoa delako, eta gaur Espainiako justizia ez da sinesgarria”

Ortuzarri jarraian galdetu diote Gernikako Estatutua onartu zenetik ia 40 urte igaro diren arren pendiente geratzen diren eskuduntzen transferentziaren inguruan, Espainiako gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean darabiltzaten negoziaketen egoeraz. “BJKNa berriztatzeko orduan PSOE eta PPren artean adostu duten akordioa baino ulertezinago egiten zaigu garapen autonomikoarekin gertatzen ari dena. Alderdi Egunean ohartarazpen bat luzatu nien Madrilen hainbat gairen inguruan ikusten genuen gelditasunagatik, eta ohartarazpen horrek balio izan zuen aurrekontuen inguruan hitzeman ziren hainbat konpromiso mugiarazteko, baina transferentziak dira mugiarazten ari ez diren kontuak, eta ematen ari diren mugimendu eskasak atzera egiteko izaten ari dira, eta horrek bai kezkatzen gaitu”, baieztatu du. “Ez da bat ere ona egunero abisuak ematen aritu beharra, baina gaur bai adierazi nahi dut benetan kezkatuta nagoela ezer egiten ez delako, ikusten ari naizen gelditasunagatik eta zorroztasun eta kariño faltagatik, Eusko Jaurlaritzarekiko harremanetan gai hau jorratzeko orduan, guretzat benetan garrantzitsua delako. Ez nuke gatazkaz hitz egingo baina gai honek , nolabait esateko, hotz uzten gaitu, gu oso kide leial izaten ari garelako. Behar bada, horregatik da, ez dugulako garrasi egiten, ez dugulako kontra bozkatzen, ez dugulako hordago botatzen … eta hori espero dut, hordago jotzen ibili beharrik ez izatea, gauzak bete daitezen”. Jeltzaleen buruak ezeztatu du EAJ-PNVk Gobernu sozialistaren “gelditasun” hau aurrekontuen izapidean kobratuko duenik, Ortuzarren ustetan negoziaketa horri oso bide laburra geratzen zaiolako. “Aurrekontuez eta gauza guztiez hitz egiteko prest gaude, baina Kataluniako alderdi biek, beharrezkoak direnek, esan dute jada aurrekontuak negoziatzea ez dela beren estrategian sartzen. Beraz, Espainiako gobernua eta gu ez gara sartuko atarramendu onik izango ez duen negoziaketa batean”, erantzun du .

Urkullu Lehendakaria Torra Presidentearekin batzartuko da bihar. Ortuzarren hitzetan, elkarrizketa hori izango da “orden instituzionalaren barruan emango den beste edozein elkarrizketa bezala. Topaketa arrunta. Generalitateko presidenteak Euskadira etorri dira eta Lehendakariak Kataluniara joan dira. Egia da biharko bilera oso une berezian egingo dela, Kataluniak bizi duen une berezi batean, Euskaditik arretaz eta kezkaz beteta begiratzen dugun batean. Zer egingo dugun? Kataluniaren zerbitzura jarriko gara, Kataluniako agintari eta erakundeen esanetara, kronifikatzeko mehatxua erakusten hasi den gatazka hau konpontzen laguntzeko, eta ez litzateke bat ere ona izango egoera hau kroniko bihurtzea” .

Amaitzeko, Ortuzarri galdetu diote `De Miguel auzia´ deritzon epaiketaren garapenaz. “Ia hamar urte hauetako izapide judizialetan argi eta garbi geratu dena izan da EAJk ez duela ustezko trama horrekin inolako zerikusirik. Gu arreta handiz jarraitzen ari gara epaiketa, eta epaia bidezkoa izatea espero dugu. Azken hilabeteotan gaude, urte luzeak itxaron ditugu: hilabete batzuk gehiago itxarongo ditugu gure iritziak emateko”.

PARTEKATU