Elurra espero da gaur arratsaldetik aurrera

Datozen orduetan txarrera egingo du eguraldiak eta 400 metrora arte jaitsiko da elurra. Oraingoz ez dago arazorik euskal errepide sare nagusietan baina itxita daude bigarren mailako hainbat mendate.

Elurra espero da gaur arratsaldetik aurrera 15Otsailak
2005
2005 OtsailaK 15 |
Berria

PARTEKATU

Azken egunetako haize-boladen ondoren eguraldi hotza eta elurra iragarri dute eguraldi-adituek datozen orduetarako.

Gauzak horrela, 400 metrora jaitsi daiteke elur-kota Euskal Herrian. Zerua hodeitsu egongo da egun guztian eta eguraldi kaxkarra izango dugu.

Orain arte ez da arazo garrantzitsurik egon Euskal Herriko errepide sare nagusian, nahiz eta N-1ean, Etxegarateko gaina, itxi egin duten minutu batzuz Donostiarako norabidean. Orain, dena dela, irekita dago berriro eta kontuz gidatu behar den arren, ez dago jada arazorik. Herrizaingo Sailak, dena dela, kontuz gidatzeko gomendioa luzatu du.

Araban, elurra ari du Altuben eta kontuz gidatu beharra dago. Gainera, kateak behar dituzte ibilgailuek Azazetako mendatean, eta itxi egin dute bide hori kamioientzat. Opakuan eta Herreran, berriz, ezin daitezke ez autoak ez kamioiak ibili.

Gipuzkoan, elurra ari du Etxegaraten, Barazarren eta A-15ean, eta kontuz gidatu beharra dago.

Nafarroan, itxita daude Lizarragako mendatea, Urbasakoa eta Artesiagakoa eta Izabatik Ipar Euskal Herrira doan N-1370 errepidea, 12. kilometrotik aurrera, ere bai. Gainera, kateak behar dira Lazako mendatean, Meanokoan eta Egozkuen.

Haizeak arazo ugari sortu zituen atzo

Atzo arazo asko sortu zituen haizeak Euskal Herri osoan eta Busturian, adibidez, XVI. mendeko Madariaga Dorrearen bi horma bota zituen. Gipuzkoako Merkataritza Ganberan, bestalde, garabi bat erori zen.

Interesatu Zaitez