Euzkadi Buru Batzarrak gogobetez hartu ditu foru eta udal hauteskundeetan lortu diren emaitzak. Gure Alderdia izan da bietako irabazle argia eta, gobernu ardurak bere gain dituen talde politikoa izanik, herritarren konfiantza izaten segitzen du.
Oraingo honetan, duela lau urte baino 33.000 boto gehiago jaso ditugu. Hauteskunde hauek baino lehenago egon diren gainerako alderdi politiko guztiek hauteskunde hauetan oso murriztuta jaso dute herritargoak lehenago emaniko babesa, eta talde politiko berriek Euskadin emaitza esanguratsuak izan dituzten arren, ez dute izan Estatu mailan lortu duten indarra.
Herritargoak atzokoan babestu zuen EAJ-PNV-k Gipuzkoan eta Araban aldaketa eragiteko eta Bizkaiko aurrerapena finkatzeko egin zuen apustua. Nafarroan, beste alde batetik, herritargoak Geroa Bairi eman dio aldaketa politikoaren giltzarria izateko erantzukizuna. Bihotz-bihotzez eskertzen dugu herritarrengandik jaso dugun babesa, eta irmotasunez aldarrikatzen dugu leialtasunez eta ardura osoz ekingo diogula herrikideek planteatu diguten erronkari. Erakunde sendoak eraikitzeko botoak eskatu genituen, Herrialde eta Udalerrien aurrerapen ekonomiko eta sozialaren alde egite aldera. Krisialdi ekonomikotik irteteko ekimenean buru belarri arituko diren erakundeak izango dira, pertsonen beharrizanei erantzutea baino beste lanik izango ez duten erakundeak. Hori izango da gure lana, Lehendakariarengandik eta Eusko Jaurlaritzatik hasita, eta udalik txikienetaraino. Eta, lan hori egingo dugu herriak hautestontzien bidez adierazi duen aniztasuna aintzat harturik. Gizarte honek akordioak eskatzen ditu, hitz egiteko gaitasuna eta lankidetzan oinarrituko den gobernu gardena eskatzen digu.
Hautestontzietan sortu den Euskadi instituzional berri honen bizkarrezurra izan nahi dugu, eta adostasun zabalak lortzeko ahaleginean konprometituko gara, denon artean, Herri honen erronka handiei ekiteko: suspertze ekonomikoa eta enplegua sortzea, bake eta bizikidetza finkatzea eta autogobernu estatus berria garatzea, alegia.
Hauteskundeetako emaitzek Euskadiko lidergo politikoa eman digute, Foru Erakunde eta Udal Erakunde egonkor eta indartsuak eratzeko negoziaketei ekin diezaiegun. Gure aburuz, prozesu honi ekiteko orduan egin beharko da Erakunde bakoitzean eserleku kopururik handiena lortu duen zerrendari lan hori burutzeko erantzukizuna eta ardura aitortuz.