Euskadi

HAUTESKUNDE OROKORREN
PROGRAMA 2026

Zuri ardura zaizuna. Guk defendatuko duguna.

Euskadi indartsua nahi dugu, bere etorkizuna erabakitzeko gaitasuna eta entzunaraziko den ahotsa izango dituena. Eta ahots horrek emaitzak lortzea nahi dugu.

Azaroaren 29an ez dugu Madrilen nork eserleku gehiago lortuko dituen bakarrik erabakiko. Hurrengo lau urteetan Euskadi nork defendatuko duen erabakiko dugu. Beste batzuk bloke politikoez eta Moncloan nor egongo den eztabaidatzen ari diren bitartean, guk zure etxebizitzaz, enpleguaz, soldataz, pentsioez, eskubideez eta Euskadiren etorkizunaz hitz egiten dugu.

Euskadik bere beharrak eta lehentasunak ditu. Horiek defendatzeko, akordioak negoziatzeko eta betetzen direla exijitzeko gai den ordezkaritza behar du. Ez goaz Madrilera gobernu bati laguntzera, ezta inori txeke zuririk ematera ere. Geure agenda dugu, eta askatasunez erabakiko dugu zer den onena gure herriarentzat.

Printzipio argiak ditugu. EAJ-PNVk ez du inoiz Voxen babesaren mende dagoen gobernurik ahalbidetuko. Eskubideak murrizteko, gure autogobernua zalantzan jartzeko edo Euskadiren interesen aurkako erabakiak inposatzeko edozein saiakeraren aurka egingo dugu. Gure printzipioak ez dira aldatzen Moncloan nor dagoenaren arabera.


DEFENDATU Euskadiren interesak, gure eskubideak, gure erakundeak eta erabakitzeko dugun gaitasuna. Sendo, beste batzuek gure ordez erabakitzea onartu gabe.

ADOSTU emaitzak lortzeko. Euskadiren beharrak ekimen bihurtu, eta ekimenak pertsonen bizitza hobetuko duten akordio. Dagokionarekin negoziatu, inoren menpe jarri gabe.

EXIJITU adostutakoa betetzea. Inbertsioak iristea, gure eskumenak errespetatzea eta hartutako konpromisoak egitate bihurtzea. Gobernatzen duenak gobernatzen duela.


Autogobernua defendatzea eguneroko arazoak konpontzeko dugun gaitasuna defendatzea da. Horregatik, Gernikako Estatutua osorik betetzea aldarrikatuko dugu, Ekonomia Ituna babestuko dugu eta Euskadiren nazio-aitortzaren alde lan egingo dugu. Hemen erabakitzeko tresna gehiago nahi ditugu, guregan eragina duten gaietan.

Badakigu zertarako balio duen Madrilen ahots propioa izateak: inbertsioak negoziatzeko, eskumenak defendatzeko, lege-aldaketak bultzatzeko eta akordioak betetzen direla egiaztatzeko. Negoziaziorako gaitasun hori Euskadin antzemango diren emaitza bihurtzea da gure ardura.

Zure bizi-proiektua Euskadin garatu ahal izatea nahi dugu: etxebizitza bat eskuratzea, duintasunez lan egitea, enpresa bat garatzea, behar duzunean osasun-arreta jasotzea eta zahartzaroan pentsio nahikoa izatea. Auzo seguruak nahi ditugu, migrazioa arduraz eta gizatasunez kudeatzea, eta eskubideak eta askatasunak babestuta egotea.

Azaroaren 29an erabakiko dugu nork hartuko duen ardura hori. Eta 30ean hasiko da lana: 1.461 egun ekimenak aurkezteko, negoziatzeko, akordioak lortzeko, betetzen direla exijitzeko eta kontuak emateko. 30 proposamen hauek Gorte Nagusietan defendatuko ditugun lehentasunak jasotzen dituzte.

30 Proposamen · 5 Konpromiso

Lana izateak etxebizitza bat ordaintzeko eta zeure bizitza hasteko aukera eman beharko lizuke. Hala ere, gazte eta familia gehiegik soldataren zati handi bat alokairura edo hipotekara bideratu behar dute. Emantzipatzea, etxez aldatzea edo familia osatzea ezin da hilaren amaierara iristeko beste norbaiten laguntzaren mende egon.

Etxebizitza eskuragarri gehiago nahi ditugu, alokairurako arau argiak eta segurtasuna maizterrentzat nahiz etxebizitza alokatzen duten jabe txikientzat. Bizitzaren kostua kontuan hartzen duten soldatak, eskubideak bermatzen dituzten lanpostuak eta benetako aukerekin lotutako prestakuntza defendatuko ditugu.

Madrilen, Euskadik jarduteko behar dituen erreformak eta baliabideak exijituko ditugu. Helburua argia da: hemen bizitzea, lan egitea eta norberaren bizi-proiektua garatzea gero eta pertsona gehiagoren eskura egotea.

Zure egunerokoa hobetzeko sei proposamen

01. Etxebizitza eskuragarri eta arrazoizko prezioan gehiago.

Etxebizitzak eraikitzea eta birgaitzea erraztu, hutsik daudenak merkaturatu eta segurtasun juridikoa eskaini, bai etxebizitza alokatu behar dutenei, bai alokairuan jartzen duten jabe txikiei.

Zertarako? Etxebizitza gehiago egon daitezen, etxe bila dabiltzanek aukera gehiago izan ditzaten eta etxebizitza bat berme guztiekin alokatzen dutenek segurtasun handiagoa izan dezaten.


02. Alokairurako arau argiak.

Ohiko bizilekua behar duten pertsonen eskubideak saihesteko sasoiko alokairu-kontratuak erabiltzea eragotzi.

Zertarako? Etxebizitza egonkortasunez alokatu ahal izan dezazun, aldi baterako egonaldietarako pentsatutako kontratu batek bermerik gabe utziko zaituen beldurrik gabe.


03. Soldata hobeak.

Euskadirentzako estatus politiko berri baten esparruan, gutxieneko soldata propioa ezartzeko eskumen osoa eskatzea, bizi-kostuari egokitua eta, betiere, Estatuko gutxienekoaren gainetik. Haren definizioa elkarrizketa sozialaren bidez bultzatzea, sindikatuen eta enpresa-erakundeen parte-hartzearekin.

Zertarako? Lan egitea zure kontu korrontean nabaritu dadin: alokairua ordaintzeko, hozkailua betetzeko eta hilaren amaierara lasaiago iristeko.


04. Babes handiagoa lana galtzen duzunean.

Langabeziagatiko kotizaziopeko prestazioaren gehieneko iraupena 24 hilabetetik 36ra luzatu, lana galtzen dutenei segurtasun ekonomiko handiagoa emateko.

Zertarako? Lana galtzen baduzu, beste lanpostu bat aurkitzeko denbora gehiago eta lasaitasun ekonomiko handiagoa izan dezazun.


05. Emantzipatzeko aukera gehiago.

Gazteei lehen etxebizitza eskuratzea erraztu, bai alokairuan, bai jabetzan.

Zertarako? Etxetik joatea zeure erabakia izan dadin, eta ez sarrera edo alokairua ordaindu ezin duzulako etengabe atzeratu beharreko zerbait.


06. Aukerak zabaltzen dituen prestakuntza.

Lanbide Heziketa eta unibertsitateak indartu, eta lan-aukerak haiekin hobeto lotu.

Zertarako? Ikasketak amaitzean ikasitakoarekin lotutako lanpostu bat lortzeko aukera handiagoa izan dezazun eta zure ibilbide profesionala Euskadin garatu ahal izan dezazun.

Industria lantegiak baino askoz gehiago da: kalitatezko enplegua, soldatak, berrikuntza eta ongizatea da. Enpresa batek inbertitu eta hazteko aukera duenean, saltoki batek jarduerari eusten dionean edo autonomo batek bere negozioa aurrera ateratzen duenean, Euskadik aukera berriak irabazten ditu. Aberastasun hori soldatetan eta familien egonkortasunean nabaritzea nahi dugu.

Sare elektriko nahikoak, energia lehiakorra, ETEentzako eta industriarentzako laguntzak, ekiteko oztopo gutxiago eta gure errealitatera egokitutako zerga-sistema defendatuko ditugu. Agindutako azpiegiturak amaitzea ere exijituko dugu: atzerapenek bidaiatzen dutenei, lanera joaten direnei eta salgaiak garraiatzen dituztenei eragiten diete.

Gure herriek eta kostaldeak ere etorkizuna behar dute. Nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren errentagarritasuna babesteak eta belaunaldi-erreleboa errazteak enpleguari, jarduerari eta bizitzari eustea esan nahi du lurralde osoan.

Zure egunerokoa hobetzeko sei proposamen

01. Energia prezio lehiakorretan.

Sare elektrikoetan inbertsioak eta enpresen nahiz etxeen energia-kostuak murrizteko neurriak exijitu, energia-iturri berriztagarriak sustatuz.

Zertarako? Lantegi batek ekoizpena handitu ahal izan dezan konexio elektriko baten zain geratu gabe; industriak karbono-isuriak murriztu eta lehiakorra izaten jarrai dezan; eta etxe zein negozioen energia-faktura arintzeko.


02. Etorkizuna duten ETEak, autonomoak eta industria.

Alferrikako izapideak murriztu, finantzaketa erraztu eta jarduera nahi gabe eten behar duten autonomoen babesa hobetu; Euskadiko inbertsioa, industria-enplegua eta erabaki-zentroak defendatu.

Zertarako? Tailer batek hazi eta langileak kontratatu ahal izan ditzan, autonomo batek negozioa itxi behar badu laguntza izan dezan eta industria-lantegi batek hemen erabakiak hartzen eta enplegua sortzen jarrai dezan.


03. Trenbideko atzerapen gutxiago.

Euskal Y-a, Atlantikoko korridorea eta egiteke dauden trenbide-loturak gauzatzeko egutegi egiaztagarriak exijitu.

Zertarako? Lanerako joan-etorriak fidagarriagoak izan daitezen eta enpresek salgaiak garraiatu ahal izan ditzaten amaigabe luzatzen diren obren mende egon gabe.


04. Etorkizuna landa-eremuarentzat eta arrantzarentzat.

Ekoizpen-kostuak kontuan hartzen dituzten prezioak defendatu eta belaunaldi-erreleboa erraztu.

Zertarako? Nekazaritza-ustiategiek eta arrantza-ontziek jarduerari eutsi ahal izan diezaioten eta belaunaldi berriek horretan jarraitzeko arrazoiak izan ditzaten.


05. Oinarrizko produktuen kostu txikiagoa.

Zenbait elikagairen eta funtsezko ondasunen BEZa berrikustea proposatu, Europako araudiaren barruan.

Zertarako? Familia guztiek behar dituzten produktuak erostean eguneroko gastua arintzeko.


06. Zerga-arloko eskumen handiagoa Euskadirentzat.

Ekonomia Ituna eguneratuz eta beharrezko erreformak eginez, foru-ogasunek BEZaren eta zerga berezien gaineko araugintza-ahalmen handiagoa izan dezatela aldarrikatu, Europako esparruaren barruan.

Zertarako? Zerga-erabakiak gure industriaren, kontsumoaren eta Euskadiko etxe zein negozioen benetako beharretara hobeto egokitzeko.

Segurtasuna. Lasai bizitzeko moduko auzoak nahi ditugu, behin eta berriz lapurretak jasaten ez dituzten saltokiak eta erantzuna jasotzen duten biktimak. Delituak prebenitzeko eta ikertzeko gaitasuna duen Ertzaintza defendatuko dugu, baita delituak behin eta berriz egiten dituztenen aurrean azkar, proportzioz eta eraginkortasunez jardungo duen justizia ere.

Lasai bizitzeak indarkeriarik eta diskriminaziorik gabe bizitzea ere esan nahi du. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, indarkeria matxistaren aurkako babesa, LGTBIQ+ pertsonen eskubideak eta askatasun demokratikoak defendatuko ditugu. Segurtasunak, migrazioak eta eskubideek erantzun propio eta argiak behar dituzte.

Migrazio-politika arduratsuak hiru oinarri behar ditu: ordena, eskubideak eta erantzukizunak. Plangintza, bide legalak, harrera antolatua eta behar bezala funtzionatzen duten bizileku- eta lan-baimenen izapideak.

Zure egunerokoa hobetzeko sei proposamen

01. Ertzaintzari behar dituen baliabide guztiak bermatzea.

Haren jarduteko gaitasuna eta Europako polizia-lankidetzan zuzenean parte hartzeko aukera indartu.

Zertarako? Delitu edo arrisku-egoera baten aurrean, gure poliziak azkar jarduteko informazioa eta tresnak izan ditzan.


02. Behin eta berriz delituak egiten dituztenei erantzutea.

Lege-erreformak bultzatu, delitu errepikatuen aurrean erantzun judizial azkarra, eraginkorra eta proportzionatua bermatzeko eta biktimen babesa indartzeko.

Zertarako? Saltokian edo auzoan behin eta berriz lapurretak jasaten dituenak erantzun eraginkorra aurki dezan, eta salaketa jartzeak ezertarako balio ez duela senti ez dezan.


03. Segurtasuna, eskubideak eta oinarrizko askatasunak.

Delinkuentziaren prebentzioa eta krimen antolatuaren aurkako koordinazioa indartu, eta, aldi berean, Herritarren Segurtasunerako Legearen erreforma, adierazpen-askatasuna mugatzen duten delituen berrikuspena eta justizia-sisteman giza eskubideen babesa bultzatu.

Zertarako? Segurtasunez bizi ahal izan zaitezen, zure eskubideak eta askatasunak justifikaziorik gabeko murrizketarik gabe baliatu ditzazun eta pertsona guztien eskubideak errespetatzen dituen justizia eraginkorra izan dezazun.


04. Indarkeria matxistaren aurkako babesa.

Biktimei ematen zaien arreta hobetu eta justizia-arloko baliabide espezializatuak indartu.

Zertarako? Eraso bat salatzen duen emakumeak babesa eta laguntza jaso ditzan, baita saihestu daitezkeen atzerapenik gabeko erantzun judiziala ere.


05. Eskubide eta askatasun bermatuak.

Diskriminazioari eta gorroto-delituei aurre egin, eta emakumeen nahiz LGTBIQ+ pertsonen eskubideak babestu.

Zertarako? Inork bere nortasuna ezkutatu, eskubideei uko egin edo askatasunez bizitzeagatik mehatxuak jasan behar izan ez ditzan.


06. Migrazio kudeatua, arau argiekin, eskubide bermatuekin eta erantzukizun partekatuekin.

Euskadik harreran, bizileku- eta lan-baimenetan eta integrazioan kudeatzeko gaitasun handiagoa izan dezala exijitu; baimenak eta atzerriko tituluen aitorpena izapidetzeko atzerapenak murriztu.

Zertarako? Lan-eskaintza bat duen pertsona bat alferrikako itxaronaldirik gabe lanean hasi ahal izan dadin, eta harrerak baliabide nahikoak eta arau argiak izan ditzan.

Balioa galtzen ez duen pentsioa, behar duzunean medikuarengana joateko hitzordua eta familia batek zaintza-lanak egin behar dituenean laguntza: hor neurtzen da ongizatea. Bizitza osoko ahaleginak erretiro duina ekartzea nahi dugu, eta zerbitzu publikoek behar direnean erantzutea.

Pentsioen balio-handitzea, kotizazio-ibilbide luzeak egin dituztenen erretiro aurreratuan ezartzen diren zigor bidegabeen zuzenketa eta osasun-profesional gehiago defendatuko ditugu. Gaixotasun larriak dituzten pertsonei aitortutako eskubideak betetzea ere exijituko dugu, eta zaintzen dutenek laguntzarik gabe ardura guztia hartu behar ez izatea.

Ongizatea erabaki zehatzen bidez babesten da: iristen diren prestazioekin, eskuragarri dagoen arretarekin eta betetzen diren konpromisoekin. Eta gaurko nahiz biharko belaunaldientzat iraunkorra izango den gizarte-babesarekin.

Zure egunerokoa hobetzeko sei proposamen

01. Erosteko ahalmena galtzen ez duten pentsioak.

Pentsioak KPIaren arabera urtero eguneratzen jarraitu.

Zertarako? Prezioen igoerak urtez urte zure pentsioarekin eros dezakezuna murriztu ez dezan.


02. Bidezko erretiroa.

40 urte baino gehiago kotizatu dituztenei erretiro aurreratzeagatik ezartzen zaizkien murrizketak kendu.

Zertarako? Lau hamarkada baino gehiago kotizatu dituen pertsona bati pentsioa murriztu ez diezaioten ohiko erretiro-adina baino lehen erretiratzeagatik.


03. Pentsio txikienak hobetzea.

Gutxieneko pentsioak eta kotizazio gabeko pentsioak indartu, eta genero-arrakala murriztu.

Zertarako? Diru-sarrera txikienak dituztenek, bereziki adineko emakume askok, eguneroko gastuei aurre egiteko baliabide gehiago izan ditzaten.


04. Osasun-arreta, behar adina profesionalekin.

Espezialisten prestakuntza Osakidetzaren beharretara egokitu.

Zertarako? Osasun-profesional gehiago egon daitezen eta behar duzunean arreta espezializatua jasotzea errazagoa izan dadin.


05. Zaintzen dutenak zaintzea.

Zaintzaileentzako babes ekonomikoa hobetu eta familiei laguntzeko zerbitzuak erraztu.

Zertarako? Mendekotasuna duen senide bat zaintzeak ardura guztia bakarrik hartzea edo atsedenari nahiz lanari beti uko egitea ekar ez dezan.


06. Amiantoaren biktimentzako erreparazioa.

Onartutako kalte-ordain mekanismoak justifikaziorik gabeko atzerapenik gabe aplikatzea exijitu.

Zertarako? Amiantoaren eraginpean egoteagatik gaixotu zirenek eta haien familiek aitortuta duten erreparazioa gehiago itxaron gabe jaso dezaten.

Madrilen eta Europan hartzen diren erabakiek gure enpresei, zerbitzu publikoei eta arazoak konpontzeko dugun gaitasunari eragiten diete. Euskadik dagozkion gaietan erabakitzeko ahalmen handiagoa izatea nahi dugu, eta Estatuarekin egindako akordioak betetzea.

Gernikako Estatutuan egiteke dauden eskualdaketak burutzea exijituko dugu, Ekonomia Ituna defendatuko dugu eta egutegi egiaztagarriak dituzten inbertsioak eskatuko ditugu. Euskadiren nazio-aitortzan, itunean eta aldebikotasunean oinarritutako harreman politiko berri bat nahi dugu.

Euskadik Europan zuzenean parte hartzea, erakundeen gardentasuna eta biktimek egia ezagutzeko duten eskubidea ere defendatuko ditugu. Ahots propioa izateak hemen erabakiak hartzeko eta negoziatzen den tokian emaitzak lortzeko balio behar du.

Zure egunerokoa hobetzeko sei proposamen

01. Gernikako Estatutua betetzea.

Egiteke dauden eskualdaketak eta horiek burutzeko egutegi zehatzak exijitu.

Zertarako? Euskadik dagozkion politikak eta zerbitzuak zuzenean kudeatu ahal izan ditzan, bere beharretatik hurbilago hartutako erabakiekin.


02. Ekonomia Ituna babestea.

Euskal erakundeek baliabideak kudeatzeko eta zerga-arloko erabakiak hartzeko duten ahalmena defendatu eta handitu.

Zertarako? Bildutako baliabideek eta zerga-erabakiek Euskadiren eta bertako erakundeen lehentasunei erantzun diezaieten.


03. Hartutako akordioak betearaztea.

Estatuarekin hartutako konpromisoetarako bermeak, jarraipen publikoa eta emaitza egiaztagarriak eskatu.

Zertarako? Iragarritako inbertsio bat prentsaurreko hutsean gera ez dadin: epeak, arduradunak eta edonork egiazta ditzakeen emaitzak izan ditzan.


04. Estatuarekin harreman politiko berria.

Euskadiren nazio-aitortza, aldebikotasuna eta borondate demokratikoarekiko errespetua defendatu.

Zertarako? Euskadik benetan erabakitzeko gaitasuna izan dezan eta Estatuarekin egindako akordioak alde bakarrez indargabetu ezin daitezen.


05. Ahots handiagoa Europan.

Industriari, nekazaritzari eta arrantzari eragiten dieten Europako erabakietan zuzenean parte hartzea exijitu.

Zertarako? Europak haien lanari eragiten dioten arauak onartzen dituenean, gure enpresen, baserritarren eta arrantzaleen beharrak entzun daitezen.


06. Kontuak ematen dituzten erakundeak.

Gardentasuna eta informazioa eskuratzeko eskubidea bultzatu, argitu gabe dauden giza eskubideen urraketak ikertu eta sekretu ofizialen legea erreformatu.

Zertarako? Biktimek eta haien familiek egia ezagutu ahal izan dezaten, eta herritarrek erabaki publikoak hartzen dituztenei azalpenak eskatu ahal izan diezazkieten.