EAJ-PNV Madrilen egonkortasuna babesteko prest egongo litzateke baldin eta hurrengo Gobernuak euskal agenda bere gain hartuko balu

Urkulluk eta Ortuzarrek Vitoria-Gasteizen eskatu dute E-26az geroztik Euskal Talde indartsua eratu ahal izateko aukera, negoziaketa mahaian Euskadiren nazio aitortza planteatu ahal izateko, hau da, autogobernu zabalagoa eta Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa “euskal emakume eta gizonen pentsioak bermatzera begira”

EAJ-PNV Madrilen egonkortasuna babesteko prest egongo litzateke baldin eta hurrengo Gobernuak euskal agenda bere gain hartuko balu 18Ekainak
2016
2016 EkainaK 18 |
Araba
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Akordioetara iritsi nahiko genuke. Ez gaitu ikaratzen Espainiar estatuko erakundeen egonkortasuna bilatzeko egin beharko den lanak. Guk ez dugu sinesten ‘zenbat eta okerrago, orduan eta hobeto’ adierazpen horretan. Hitz egiteko eta adosteko prest gaude, baina arazoei aurre eginez, beren interesez gain, gure interesez ere hitz eginez, euskal agendaz”. Argi eta garbi hitz egin du Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, gaur arratsaldez, Vitoria-Gasteizko Probintzia Plazan EAJ-PNVk egin duen mitinean. Ekitaldi politiko berean hitz egin dute Iñigo Urkullu lehendakariak eta Kongresurako arabar zerrendaburu Mikel Legardak. Deigarria izan da eszenatokian zeuden pertsona guztiek elastiko berdeak jantzita zeramatzatela. Hau egin izan da atzo Ortuzarrek berak Amorebietan egin zuen deiari erantzuteko. EBBren presidenteak herritarrei eskatu zien ekainaren 26an marea berdea eragitea, geureari eustea eta boto berdeekin hautestontziak berdez tindatzea.

Ortuzarrek deitoratu du kanpainatik eztabaida politikoa desagertu izana. “Ez da Estatu ereduaz hitz egiten”, esan du, “baina lehenago edo beranduago horretaz ere hitz egin beharko da: eta egin egingo da Madrilen Gobernua eratzeko interesa duen alderdiak Sabin Etxeko ateak jotzen dituenean”. “Orain ez diegu interesatzen. Ikusezinak gara. Baina, gero bai, behar bagaituzte –eta beharko gaituzte–, ergel probetxugarritzat hartuko gaituzte. Bada, jai daukate horiek. Ez ergel, ezta probetxugarri ere beraientzat. Gu probetxugarriak bagara, baina Euskadirentzat, probetxugarriak euskal nazioa eraikitzeko, Madrilgo mahai gainean euskal agenda jartzeko, probetxugarriak gara, Euskadi askeago eta burujabeago egiteko”. Eta, euskal agenda horretan, Euskadi nazio gisa aitortzea ere agertzen da. “Espainiar Estatua hankaz gora dago. Krisia erakundeetan, krisia politikan eta krisia ekonomian. Goitik beherako aldaketa behar da Espainiako instituzioetan. Eta Estatuaren egitura aldatu behar da penintsula Iberikoaren barruan dauden nazioei merezi duten aitortza emateko. Euskal herritarrak, catalunyarrak eta galegoak, Euskadi , Catalunya eta Galiza nazioak gara eta aitortza merezi dugu, gure nazio eskubideak ditugu, subjektu politikoak gara eta aldebikotasun harremana behar dugu Estatuko Administrazioarekin, eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugu, hitzartuta bai, baina askatasun osoz. Argi izan dezatela: orain `ikusezin’ garenekin hitz egitera datozenean, gai hau mahai gainean egongo dela”, baieztatu du jeltzaleen buruak. Gaineratu duenez, “hori mezua da Espainiako lau alderdi horientzat. Inork ere ez dezala pentsatu edo kalkuluak egin, EAJ arduratsua delako, edozertara eta edozein operaziotan sartuko dela. Hau ere ez da bikoteka aritzeko gauza bat, eta EAJ ez da edozertarako prest egongo”, azpimarratu du. Eta euskal interesen aldeko negoziaketarako posizio ona lortzeko, Ortuzarrek euskal hiritargoari eskatu dio E-26ko botoarekin “Madrilen Euskal Taldea indartzea. EAJ indartsuarekin, Euskadik aukerak izango ditu, euskal herritarren interesak Madrilen ondo kokatuta egongo dira eta onurak ekarri ahalko ditugu gure ekonomiarentzat eta enpleguarentzat, benetan behar ditugulako. Euskal talde sendoarekin hurbilago egongo da Euskadiren nazio aitortza. Hori izango da gure helburua”.

Iñigo Urkullu lehendakariak argi eta sendo hitz egin du diskurtso hasieratik amaierara arte. “Hilaren 26an asko dugu jokoan. Jokoan dugu ezin okerragoak izan diren lau urte horiekin behin betiko amaitu ahal izatea. Ukapen eta inposizio urteak. Arabaz eta Euskadiz ahaztu den Gobernuaren lau urteak. Estatutua bete gabe eta Autogobernua, Ekonomia Itunaren kontrako erasoa egin den lau urteak. Erasoa jasan dugu hezkuntzan LOMCE legearekin, osasunean kopagoarekin, Ertzaintzan promozio berrien kontrako errekurtsoekin... Baina hori guztia amaitu ahal da, amaitu behar da. Eta alternatibak izen bat dauka: Euzko Alderdi Jeltzalea”, esan du Urkulluk.

Lehendakariak, era berean, hainbat ekimen eta egintza aipatu ditu Eusko Jaurlaritzak eta EAJ-PNVk Vitoria-Gasteizekin duten konpromisoa erakusten dutenak: Europa Jauregia eta Gasteiz Etorbidea, Salburua Gizarte Zentroa, autobus geltoki berria, Txagorritxu eta Santiago ospitaletan eginiko berrikuntza lanak, Unibertsitate Ospitaleko kanpoko kontsultak, Osasun Zentroak Salburuan eta Zabalganan, uztai berdea, Koroatzearen kaleko berrikuntzak, ikastetxeak Mariturrin, Errekabarrin eta Zabalganan, Arabako Parke Teknologikoa eta EnergiGUnea, Tranbia Salburuara eta Unibertsitatera eramatea, inbertsioak Arasurren, Jundizeko intermodala… Egintza horien guztien aurrean, zer egin du Alderdi Popularraren Gobernuak? “Foronda itxi, hiri hau Garoñaren irekieraren kontu horrekin kezkaz beterik edukitzea eta Abiadura Handiko Trena atzeratzea, Burgoseko lotuneko lanak hasi ere ez direlako egin”, azaldu du Urkulluk. “Espainiako Gobernua ez dago funtziotan. Bere funtzio bakarra da Euskadin inbertsioak atzeratzea eta euskal Autogobernuari eraso egitea”, kritikatu du.

Egoera delikatu honi aurre egiteko, Lehendakariak argi baino argiago du beharrezko dugun errezeta. “Gure konpromisoa iraunkorra da eta Autogobernu izena darama. Inork ere ez du defendatuko guk geuk egiten ez badugu. Eta, alternatiba bat eskaintzen dugu, euskal agenda. Euskal agenda soziala: enplegua suspertzeko politika aktiboak eta pasiboak eta Gizarte Segurantzaren kudeaketa pentsioak bermatzeko. Espainiar gobernuak, beste hiru urtetan, pentsioen erretserba funtsa agortuko du. Euskadin kudeatzen badira, ordea, bermatuta egongo dira. Hezkuntza, osasuna eta gizarte babesarekin gertatze den bezala. Euskal agenda ekonomikoa ere eskaintzen dugu: politika ekonomikoa eta politika industriala; enpresari eta ekintzailetzari babesa eskaintzea, Lanbide Heziketa duala, berrikuntza eta nazioartekotzea, 4.0 industria; azpiegiturak guk geuk kudeatzea, besteak beste, Forondako Aireportua , Trena eta Abiadura Handia. Hori dago lehenik. Araba dago lehenik”, amaitu du Urkulluk.

Mikel Legardak, Kongresurako arabar zerrendaburuak, bere aldetik baieztatu du Madrilera joango dela Arabaren modernizazioa defendatzera eta bultzatzera. Legardak EAJ-PNVren lan ereduaren balioa azpimarratu du, hau da “garapen ekonomiko eta ongizate handiagoa, gizarte kohesio eta babes zabalagoa, garapen ekonomikoa giza garapenik gabe desiragarria eta egingarria ez delako”. Hautagai jeltzaleak arabar eta gasteiztar hautesleriari eskatu dio hilaren 26an “Madrilen Araba ordezkatuko duena, Madrilen bere interesak defendatuko dituena aukeratzea”. Legardak esan du azken sei hilabeteek balio izan dutela “Espainiako borroka tokia” ezagutzeko. “Beren egintzen bidez ezagutuko dituzue. Popularrak eta populistak ezagutuko dituzue. Duela hilabete batzuk Euskal Ekonomia Itunaren eta Euskal Kupoaren kontra harrika ari zirenak eta orain eskua ezkutatzen ari direnak. Baina, bihar etzi, hauteskundeak igarota, harria botako dute eta ez dute eskua ezkutatuko”. Legardak era berean kritikatu ditu “Garoña ireki eta Foronda ixten dutenak, Trebiñuri entzuten ez diotenak” eta arabar hiritargoari ohartarazi dio “heltzen diren tokiaren era Herriaren arabera bandera bat edo beste ateratzen dutenen kontra; marra gorriak jartzen dituztenen kontra; idatzita ez dagoena ere agintzen dutenen kontra; funtzioko egoeran bai, baina euskal gaien kontra daudenen aurka; estadistarena egiten duten arren oportunista hutsak direnen kontra”.

Interesatu Zaitez