Laudion, “Aiaraldearen bihotzean”, talde jeltzaleak hitzeman du interes industrialen defentsan jarraituko duela euskal herritarroi “eragiten diguten erabakiak hartzen diren tokian”
“Euskadik jokoan du etorkizuna azaroaren 29an. Euskadi zeinek ordezkatuko duen erabakiko dugu. Zer Herri eraiki nahi dugun. Madrilen zer ahots izan nahi dugun. Erabaki hori geurea da. Ez beste inorena. Hamarkadatan egin dugu, eta berdin egiten jarraituko dugu. Zaren horren alde erabakitzea nahi dugu, zuk nahi duzunaren alde, sinesten duzunaren alde, Euskadin duzun etorkizunaren alde. Azaroaren 29an argi eta ozen entzun dezatela gure ahotsa. Bozka ezazu gogotsu, pozik, ilusioarekin. Zure indar guztiarekin. Bozka ezazu ziurtasunez. Bozkatu Euzkadi. Bozka EAJ”. Maribel Vaquerok, Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak eta Euskal Taldearen bozeramaileak, botoa zuzenean eskatu die euskal herritarrei, kanpaina honetan lehen aldiz. Laudion egin du, Gorka Urtaran Kongresurako Arabako zerrendaburuak eta Jone Berriozabal Araba Buru Batzarraren presidenteak ere parte hartu duten ekitaldian.
Vaquerok bere hitzaldian kritikatu du kanpaina honetan gainerako alderdiek Euskadiko gauzetan jarri duten interes eskasa, eta Laudion aldarrikatu du EAJ-PNVko diputatuak Madrilera ez doazela “moketa gainetik ibiltzera”: “Tokian tokikoa lantzen dugu guk. Joa-etorria egiten dugu. Beti bueltatzen gara”. Etxera bueltatzen dira euskal hiritargoari entzuteko, esan du, eta beren kezketarako irtenbideak bilatzeko, talde jeltzaleak egin dituen negoziaketei esker Talgoaren jarraitutasunarekin gertatu den bezala. Horrez gain lortu du euskal industriarentzako are gaitasun elektriko handiagoa, berrikitan onetsi dena, edo lan-baldintzak gure errealitate ekonomiko eta sozialera egokitzea ahalbidetzen duen euskal hitzarmen kolektiboen nagusitasuna: "Ez utzi ziria sartzen. akordio hori EAJ-PNVk Yolanda Díaz ministroari atera zion. Hori lanarekin lortzen da: batzordeetan, osoko bilkuretan, ministerioetan. Gainean egon behar dugu, EAJ gabe ez baita horrelakorik egiten". "Proiektuak aurrera ateratzeko asegurua eskaintzen duen boto bakarra, gure familien, langileen eta enpresen ongizatea bermatzen duena, EAJren aldeko botoa da. Aiaraldea eta Euskadi osoarentzako aseguru-poliza gara", ziurtatu du Vaquerok.
Kongresurako zerrendaburu arabarrak, Gorka Urtaranek, bere aldetik aldarrikatu du talde jeltzaleak Aiaraldea eskualdeko eta Euskadi osoko interes industrialen defentsarekin hitzeman duten konpromisoa. Defentsa hori egingo dute “eragiten diguten erabakiak hartzen diren tokian”. Lan horren adibide gisa aipatu ditu Madrilen lortu berri diren akordioak Euskadiko ahalmen elektrikoa %50 handitzeko eta Aiaraldea eskualdeko hainbat enpresek egun bizi duten egoera kritikoari laguntzera begira erakundeen arteko elkarlana indartzeko. Erantzun honek, azpimarratu duenez, erakunde guztiak eta tartean diren eragile guztiak inplikatzea bilatzen du, jarduera industriala bertan gera dadila laguntzeko eta enplegua babesteko.
Gorka Urtaranek Aiaraldeko herritarren aurrean planteatu du eztabaida, eta zuzenean galdetu die eskualdeko etorkizun ekonomiko eta industriala noren esku utzi nahi duten: “Protestan, gatazkan eta konfrontazioan instalatuta bizi direnen eskuetan edo krisirik zailenak kudeatzeko gaitasuna erakutsi, egonkortasuna ekarri eta enplegua babestera begira enpresekin eta langileekin eskuz esku lan egin dugunon eskuetan?”, planteatu du. Arabako hautagaiak eskualdeko erronkei aurre egiteko bi modu kontrajarri ditu, eta jeltzaleek elkarrizketa sozialaren, lankidetzaren eta industria etorkizuneko eragile gisa defendatzearen alde egindako lana aldarrikatu du. "Enpresa bakoitzaren atzean enpleguak daudelako, enplegu bakoitzaren atzean familia bat dagoelako eta familia bakoitzaren atzean Aiaraldearen etorkizuna dagoelako", amaitu du.
Ekitaldi politikoari amaiera emateko, Jone Berriozabal Araba Buru Batzarraren presidenteak azpimarratu du azaroaren 29ko hauteskundeak guztiz erabakigarriak izango direla Araba eta Euskadiren interesak defendatzeko, "herri honen oraina eta etorkizuna jokoan daudelako". Zentzu horretan, Berriozabalek "bihotzarekin eta buruarekin" aukeratzeko deia egin die herritarrei, eta euskal interesak beste edozeren gainetik defendatzen dituztenengan konfiantza izateko eskatu die, ez bakarrik hauteskunde egunean, baizik eta "hilaren 29an, 30ean eta urteko egun guztietan, han Madrilen eta hemen Euskadin". EAJren zeregina "euste-horma" eta "Euskadiren, gure autogobernuaren, zure eskubideen eta zure ongizatearen lehen defentsa lerroa" izatea dela aldarrikatu du, herritarren eguneroko bizitzan eragina duen guztia babesteko lan egiten duen indar politikoa: enplegua, pentsioak, segurtasuna eta ongizatea. "Madrilera goaz Euskal Etxea defendatzera, euskal herritar guztien interesak defendatzera", adierazi du.
Halaber, Arabako jeltzaleen presidenteak argi utzi nahi izan du EAJ Madrilera joaten dela politika egiteko modu propio batekin, konfrontaziotik eta etengabeko liskarretik urrun. “Gu Madrilera ez goaz zarata elikatzera. Hori ez da gure politika egiteko modua. Hemen errespetuz hitz egiten dugu, negoziatzen dugu, adosten dugu eta emaitzak lortzen ditugu", nabarmendu du. Blokeen politikaren eta konfrontazio-dinamiken aurrean, aldarrikatu du beharrezkoa dela Euskadik ahots propioa izatea, "zentratua, moderatua, eraikitzailea eta askea", inongo blokeren interesen mende egongo ez dena eta Madriletik jarraibiderik jasoko ez duena. "Ahots horrek ez du baimenik eskatu behar Euskadiren interesak defendatzeko; gure herria konplexurik gabe defendatzen du, loturarik gabe negoziatzen du eta emaitzak lortzeko lan egiten du". Jone Berriozabalen hitzetan, ahots hori "Eusko Alderdi Jeltzalea da: ahots askea Euskadi aske baten defentsan". "Euskadi bozkatu", amaitu du.