Hauteskunde egitasmoa aurkeztu du EAJ-PNVk: “Plan bat dugu Euskadirentzat A29tik aurrera”

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako zerrendaburuek gaur eman dute ezagutzera bost ardatzetan banatuta 30 proposamen jasotzen dituen agiria, zeinak talde Jeltzaleak datorren legegintzaldian Euskadi defendatzeko baliatuko dituen

Hauteskunde egitasmoa aurkeztu du EAJ-PNVk: “Plan bat dugu Euskadirentzat A29tik aurrera”  09Azaroak
AzaroaK 09 |
Kongresua

PARTEKATU

EAJ-PNVk gaur bertan, astelehenarekin, eman du ezagutzera A29ko hauteskundeei begira botoa eskatzeko orduan eskainiko duen egitasmoa. Agiriak 30 proposamen jasotzen ditu bost ardatzetan banatuta. Proposamen horiek planteatzen ditu talde jeltzaleak datorren legegintzaldian Euskadi defendatzeko, euskal hiritargoaren ongizatea hobetzeko eta erabakitzeko duen gaitasuna indartzeko. Programaren ideia nagusia laburbildu du Maribel Vaquero Gipuzkoatik Kongresurako aurkezten den hautagaiak: “Plan bat dugu Euskadirentzat A29tik aurrera, gertatzen dena gertatzen dela, gobernuan bat dela bestea dela”.

 “Defendemos Euskadi zaindu”  goiburupean  egin den egitasmoa aurkezteko ekitaldian, Vaquerorekin batera izan dira Bizkaiko hautagai Idoia Sagastizabal eta  Arabako zerrendaburu Gorka Urtaran. Halaber, testuan beren-beregi jasota dago talde jeltzaleak ez duela babestuko “Vox-en babesa beharko duen gobernurik” eta  eskura izango dituen “tresna demokratiko eta parlamentario” guztiak baliatuko dituela atzera pausurik ez emateko “Euskadi atzera eraman nahiko dutenen aurrean”. Hala berretsi du Vaquerok ere.

Asmoen adierazpen hori eginda, proposamenak laburbildu ditu “Euskadik bere beharrizan eta lehentasun propioak” dituela argi utziz. Hiru hautagaiek nabarmendu dute hauteskundeen ostean benetako lana hasiko dela  proposamenak legegintzako ekimen bilakatzeko eta akordioetara iristeko,  euskal hiritargoari mesede egingo dioten emaitzak lortzera begira. Hori lortzeko eta talde jeltzaleak dagokion lana egin ahal izan dezan, ezinbestekoa da “Madrilen  euskal talde indartsu eta sendoa” izatea.

“Euskadi erasotzera badatoz, norengan jarriko dugu konfiantza gure herria babesteko eta defendatzeko? Bada, herri hau eraiki duen horrengan. Gu gara hilaren 30erako plan bat daukagun bakarrak”, gaineratu du Vaquerok aurkezpen ekitaldian.

Sagastizabalek bere aldetik defendatu duenez “lan egiteak duintasunez bizitzea ahalbidetu behar du”, eta proposamen ekonomikoak ideia argi batekin laburbildu ditu “Ekonomia eta ehun ekonomiko lehiakorrak behar ditugu, aberastasuna sor dezaten eta aberastasun horrek soldata hobeak ekar ditzan; ongizate handiagoa eta zerbitzu publiko hobeak, ekonomia ezin baita soilik zenbaki makroekin neurtzen”. Gaineratu duenez “gure ongizaterako funtsezkoak diren erabaki batzuk Madrilen hartzen dira oraindik” (soldatak, pentsioak, argindarraren faktura eta zerga batzuk), eta EAJ-PNVk proposamenak ditu horietarako guztietarako.

Urtaranek, bere aldetik, programaren parterik sozialenari heldu dio, zainketekin zerikusia duten alderdiak nabarmenduz. Hala defendatu du EAJ-PNVk goiburu duen leloa ”aberastasunik gabe ez dago ongizaterik”. Hautagai jeltzaleak azaldu duenez programaren  zati hau dagokio “euskal autogobernuaren defentsa etea babesari”, “hori delako kalitatezko zerbitzu publikoak sustatzeko tresna”. Ildo beretik aipatu du “garapen ekonomikoa, justizia eta kohesio soziala bermatzeko bitarteko gisa”. “Zaintzea babestea baino askoz gehiago da”, azaldu du eta gaineratu du egitasmoak ez duela soilik jasotzen EAJ-PNVk bere programan “zer proposatzen duen”, baizik eta zainketa horiek “nola” defendatu nahi dituen.  

Azken finean, bloketan oinarritutako kanpainaren aurrean, EAJk agenda propioa eskaintzen du, pertsonen bizimodua hobetzeko proposamen zehatzekin, eta negoziatzeko, akordioak lortzeko eta berauen betepena exijitzeko gaitasuna duen ordezkaritza politikoarekin. Hiru konpromisotan oinarrituta egiten den politika: “Defendatzea, adostea eta exijitzea”

Egitasmoa bost multzo nagusiren inguruan egituratuta dago:

Bizitza hementxe bertan eraiki ahal izatea. EAJk proposatzen du etxebizitza eskuratzeko erraztasunak ematea, eraikuntza eta birgaikuntza lanak sustatzearen bidez etxebizitzen eskaintza handitzea eta  etxebizitzak merkatura ateratzea jabe txikiei bermeak emanez eta alokairuetan gehiegikeriei aurre eginez. Ildo beretik defendatzen ditu soldata hobeak, enplegu duin eta egonkorra, Euskadin lan harremanetarako marko propioa lehenestea, gazteen emantzipaziorako aukerak ematea eta aukera berdintasuna bermatuko duen eta  Euskadik ditugun beharrei erantzuna emango dien hezkuntza sistema bat.

Lan egiten duen Euskadi, aurrera egiten duena. Ekonomiari buruzko proposamenak industria lehiakorra defendatzen du, inbertitzeko gaitasunarekin, energia nahikoarekin eta prezio onean industriarako eta familientzat, eta erabakiguneak Euskadin bertan gera daitezen. Neurriak ere jasotzen ditu enpresa txiki eta ertainentzat, langile autonomoentzat eta kooperatibentzat, oztopo administratiboak murriztea ta berrikuntza eta modernizazio teknologikoaren bidetik aurrera egitea. Ildo beretik, inbertsio eta epe zehatzak erreklamatzen ditu estrategiko jotzen dituen azpiegituretarako, euskal Y trenbidetik hasita eta trenbide lotuneak, portuak eta aireportuak barne hartuz. Halaber, programak jasotzen du lehen sektorearen defentsa eta arrantzaren eta garapen jasangarriaren aldeko lana.

Lasai eta eskubideekin bizitzea. EAJk proposatzen du Ertzaintzaren ahalmenak areagotzea, Europako polizien arteko elkarlana hobetzea eta erantzun judizial arin eta eraginkorren bidez berrerortze anizkoitzari  aurre egitea. Halaber, migrazio-politika Euskaditik bertatik kudeatu ahal izatea  defendatzen du, planifikatzeko, harrera egiteko eta integratzeko ahalmen nahikoarekin, eskubideetan eta erantzukizunetan oinarrituta. Konpromiso horrek barne hartzen ditu, halaber, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra, LGTBIQ+ eskubideen babesa, indarkeria matxistaren aurkako borroka eta edozein atzerakadaren aurrean askatasunak eta giza eskubideak defendatzea.

Lortu dugun guztia zaintzea. Euskal herritarrak babestea, zaintzea eta beren ongizatea bermatzea da talde jeltzalearen beste lehentasun bat. Egitasmoak planteatzen du pentsioen erosahalmena bermatzea, gutxieneko pentsioak hobetzea, 40 edo urte gehiagotan kotizatu dutenei bidegabe ezartzen zaizkien penalizazioak ezabatzea eta genero arrakala murriztea. Estatuari erreklamatzen dio behar beste profesional eskainiko dituen osasun publikoa, eta erabakitzeko gaitasun handiagoa Euskadirentzat. Arreta berezia merezi dute zaintzaileek eta familian mendekotasun-egoerei edo gaixotasun larriei aurre egin behar dieten familiek: ematen zaien babes ekonomikoa hobetzea proposatzen da, atseden- eta babes-zerbitzuak indartzea, ELA Legea betetzen dela bermatzea eta CUME prestazioa jasotzeko egun dauden zailtasunak berrikustea. Horrekin batera hitzematen da haurtzaroa babestea eta amiantoaren biktimei erreparazioa eskaintzea.

Hemen erabakitzea, han entzun diezagutela. EAJ-PNVk autogobernua aldarrikatzen du hiritargoaren bizimodua hobetzeko tresna gisa, eta Gernikako Estatutu osoa betetzea exijituko du. Horri lotuta, burutu gabe jarraitzen duten transferentziak burutzea eta euskal eskuduntzak defendatzea, birzentralizatzeko egingo den edozein ahaleginen aurrean. Estatuarekiko harreman politiko berri baterantz aurrera egitea ere proposatzen du, Euskadiren nazio aitortzan, itunean, aldebikotasunean eta akordioak betetzeko berme eraginkorrean oinarrituta. Halaber, justizia hurbilago bat defendatzen du, polizia judizial gisa gaitasun osoak  izango dituen euskal polizia, gardentasun instituzionala, giza eskubideen urraketak argitzea eta Euskadiren ahots propioa Europako erakundeetan.

Interesatu Zaitez