Alderdi jeltzaleak Kongresurako eta Senaturako Arabako zerrendak osatzen dituzten emakumeak eta gizonak aurkeztu ditu gaur, eta Madrilen ahots propioa izatearen garrantzia defendatu du, "inboluzioaren arriskuaren aurrean" Euskadiren interesak babesteko
06Azaroak EAJ-PNVk ostiral honetan aurkeztu ditu azaroaren 29ko Hauteskunde Orokorretan, Kongresurako eta Senaturako, Arabatik aurkeztuko diren zerrendak osatuko dituzten pertsonak. Legutioko Kultur Etxean egindako ekitaldian, Gorka Urtaran Kongresurako hautagaiak ohartarazi du hauteskunde hauek erabakigarriak izango direla Euskadiren etorkizunerako. Inboluzio demokratikoaren eta birzentralizazio- arriskuaren aurrean, EAJ-PNVren esperientzia eta konpromisoa proposatu ditu, autogobernua, euskal erakundeak eta herritarren interesak defendatzeko: "gure etxe komuna defendatzeko, diseinatu eta eraiki duena baino hoberik ez dago. Asko dago jokoan, eta Euskadik merezi ditu defendatu behar izan duenean inoiz huts egin ez duenaren esperientzia eta konpromisoa. Eta hori, EAJ da".
Hezkuntza, Osasuna, Justizia edo Segurtasuna bezalako eskumenak berriz Estatuaren ardurapean jartzea, Ertzaintza desegitea eta EAJ-PNV legez kanpo uztea planteatzen dutenen proposamenez ohartarazi du Urtaranek. Mehatxu horien aurrean, Francisco Javier de Landaburu EAJren Kongresuko lehen diputatu arabarraren legatua aldarrikatu du, eta ohartarazi du "inboluzio baten arriskua” egiazkoa" dela eta"autoritarismoa eta zentralismoa bidean datozela". Horren aurrean, alderdi jeltzaleak "demokraziaren, euskal autogobernuaren, gure eskubide historikoen, Ekonomia Itunaren eta Euskadiren alde daudenen" defendatzaile izaten jarraituko duela ziurtatu du: "Ekaitz garaian, inork ez dio ontziaren lema bertan igo berri denari uzten, baizik eta hura eraiki eta portu onera eraman duenari, dela itsaso barearekin, dela itsaso zakarrarekin".
Hautagai jeltzaleak Euskadik Madrilen ahots propioa izatearen garrantzia aldarrikatu du, estatu mailako alderdien interesen menpe egon gabe eta euskal interesen defentsari uko egin gabe. "Ez goaz Madrilera bigarren mailako aktore izatera. Protagonistak izango gara", adierazi du. Ildo horretan, adibide gisa jarri du EAJ-PNVk Talgo Araban errotzea bermatzeko egin duen lana, datorren urtean mendekotasunaren finantzaketa 250 milioi euro handitzea eta euskal hitzarmen kolektiboak lehenestea. Testuinguru horretan, lurralderako konpromiso zehatzak dituen agenda propioa defendatu du, hala nola, trenbidea Gasteizen lurpetik sartzea, Forondaren eta Jundizko plataforma multimodalaren sustapena, Aiaraldearen garapen industriala eta lehen sektoreari laguntzea. "Edukia duen politika defendatzen dugu, euskal agenda defendatzen dugu", amaitu du.
Bestalde, Saray Zarate Senaturako Arabako hautagaiak EAJ-PNVren agenda errealista, zehatza eta Gorte Nagusietarako propioa aldarrikatu du, autogobernua edo gaitasun fiskala defendatzeaz hitz egiten denean, "hitz horien atzean enpresei, zerbitzu publikoei eta aukerei buruzko erabakiak daudela" gogoraraziz. Ekonomiaren Garapen, Berrikuntza eta Iraunkortasuneko foru diputatuak nabarmendu duenez, "industria makinak baino askoz gehiago da: pertsiana altxatzen duten pertsonak, planak egiten dituzten familiak eta modernizatzeko beharra duten enpresak daude". Hori dela eta, sinbiosia eskatu du lanean ari direnen eta enpresen bideragarritasunaren artean. "Enplegu duinak etorkizuna izango duten enpresak behar ditu, eta etorkizuna duten enpresek enpresa horietan lan egiten dutenen balioa aitortu behar dute. Batak ez du bestea baztertzen, batzuek oraindik ulertu ez badute ere”, azpimarratu du.
Ikuspegi errealista berberari eutsiz, Zaratek adierazi du etxebizitza eskuratzeari, lehen sektorearen etorkizunari edo zerbitzu publikoen sendotasunari ere heldu behar zaiola. "Negoziatzeko aukera bakoitza aprobetxatuko dugu, konpromiso bakoitza oso gertutik jarraituko dugu, orain arte lortutako guztia defendatuko dugu, ez dugu atzerapauso bat ere onartuko langileek, enpresaburuek, lehen sektoreak, emakumeek, gazteek eta adinekoek urte askoan lan eta ahalegin handiz lortu duten ezer ez galtzeko, eta EAJ-PNVk Euskadirentzat lortu duen ezer ez galtzeko", ziurtatu du.
Arabako Buru Batzarraren presidente Jone Berriozabalek, ekitaldiari hasiera eman dio, Araba eta Euskadirekin konprometitutako talde prestatua izatearen garrantzia azpimarratuz.Madrilen Euskadiren interesak defendatzeko gai izango den eta Estatuko alderdi handien hauteskunde estrategia eta interesen menpe egongo ez den ordezkaritza propioa aldarrikatu du. "Ez dira Madrilera karrera politikoa egitera joango. Euskadiren alde lan egitera joango dira Madrilera, Arabaren interesak eta eskubideak defendatzera", ziurtatu du. Ildo beretik, nabarmendu du EAJren ordezkaritza ez dela "sinbolikoa", baizik eta "lan egiten duela, negoziatzen duela, proposatzen duela eta emaitzak lortzen dituela", elkarrizketan, negoziazioan eta bere usteen defentsa irmoan oinarritutako politika egiteko moduari esker.
Berriozabalek azpimarratu duenez, oraindik "asko dago egiteko" Estatutuan aitortutako eskumenak osatzeko eta akordioak eta egin gabe dauden inbertsioak betetzen direla bermatzeko. Hori dela eta, EAJ-PNVk Madrilen ordezkaritza sendoa izateko beharra azpimarratu du. Halaber, Mikel Legardak eta Estefanía Beltrán de Herediak urte hauetan Madrilen Arabaren interesen alde egindako lana eskertu du, eta bere ordezkoa izango den taldea nabarmendu du, Gorka Urtaran Kongresurako hautagaitzaren buru eta Saray Zarate Senaturako hautagai direla.