Aitor Esteban: "Demokrazia ezin da pankarta bat altxatzera mugatu; EAJ-PNV Euskadiren ahotsa izatera doa Madrilera"

EBBren presidenteak Bilbon aldarrikatu du, A-29ko hauteskundeak Sánchez eta Feijóoren arteko hautu batera mugatu nahi dituztenen aurrean, “Euskadik bere interesak, bere beharrizanak eta bere agenda propioak dituela, eta ez duela zertan onartu bere erabaki guztiak Madrilen eratzen diren bloke politikoen inguruan antolatzea”

Aitor Esteban: 08Azaroak
AzaroaK 08 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Herri bat ez da eraikitzen soilik zeri aurka egiten zaion esanez. Demokrazia ezin da pankarta bat altxatzera mugatu. (…) Aspalditik ari gara ideia erraz bat defendatzen: Euskadik bere interesak, bere beharrizanak eta bere agenda propioak ditu, eta ez du zertan onartu bere erabaki guztiak Madrilen eratzen diren bloke politikoen inguruan antolatzea. Aste gutxi barru Hauteskunde Orokorrak izango dira, eta behin eta berriz entzungo dugu hautua bloke baten eta bestearen artean erabakitzea dela, Sánchez eta Feijóo artean, gehiengo baten eta beste gehiengo baten artean. Baina Euskadirentzat galdera zabalagoa da. (…) Eta hor, Euskadik Euskaditik hitz egin, Euskaditik negoziatu eta Euskadi gogoan hartuta akordioak egin ahal izango dituen ahotsa behar du”. Horixe izan da Euzkadi Buru Batzarraren presidente Aitor Estebanek EAJ-PNVk Bilbon egin duen ekitaldian helarazi duen mezu nagusia. Bertan, Estebanek “VOXekin ezta oinordetzan ere” esaldia berretsi du, eta gogora ekarri du 2023an Feijóok eta Abascalek Moncloara iristeko 4 boto behar zituztela eta EAJ-PNVk ezetz esan zuela: “EAJ-PNV alderdi koherentea da, hitza betetzen duena”, adierazi du.

Ekitaldia Artxandako ‘Aterpe 1936’ eskulturaren aurrean egin da. Eskulturak Artxandako guduan askatasunaren, demokraziaren eta euskal autogobernuaren defentsan borrokatu ziren gudariak eta milizianoak omentzen ditu. EBBko presidenteak bertan aldarrikatu du “aberria, demokrazia eta askatasunak beste guztiaren gainetik jarri zituzten gizon-emakume haiengandik jasotako ondare harroa”. Ekitaldian jeltzaleen ordezkaritza zabala izan da, eta bertan izan dira, besteak beste, hiru aste barru egingo diren Hauteskunde Orokorretarako hautagaiak; Euzkadi Buru Batzarreko burukideak; Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Iparraldeko kargu publiko eta erakundeetako ordezkariak; eta ehunka afiliatu.

Estebanek, halaber, ekitaldian hainbat gairi buruz hitz egin du. Besteak beste, “etxebizitzaren arazoari aurre egitea”, industria babestea eta eraldatzea, segurtasuna eta bizikidetza “bermatzea”, migrazioari “heldutasunez” heltzea eta “gure autogobernua” garatzen jarraitzea. “Guri dagokigu euskal nazioaren sua bizirik mantentzea, eraikitzen jarrai dezan, kanpotik inork zer pentsatu edo zer egin behar duen ezar ez diezaion, gure bilobek herrialde batua, Euskadi batua Europa batu batean ezagutu ahal izan dezaten”. Ostegunean hasiko da A-29ko hauteskundeetarako kanpaina, eta EAJ-PNVk gai horiei buruzko proposamen guztiak zehaztuko ditu.

Azkenik, Oscar Puente Garraio ministro ohiaren dimisioari buruz, Estebanek nabarmendu du tren-istripu larriak “Bildu ezin hobeto agerian utzi” duela: “Talde guztiek, guztiek, erantzukizun politikoak eskatu genituen, eta EH Bildu izan zen dimisioa eskatu ez zuen bakarra, bakarra. Puente bera ere haiek baino arduratsuago agertu zen, eta azkenean kargua utzi zuen”. Ildo horretan, EBBren presidenteak azpimarratu du Bilduk “EAJ-PNVri den-dena eskatzen diola, eta PSOEri, berriz, den-dena barkatzen diola. Hemen irmotasunaz harro agertzen da; Madrilen, berriz, makulu-lana egiten du. Hemen EAJ-PNVri itunak egitea leporatzen dio; han, Sánchez babesten du, erantzukizunak eskatu ere egin gabe. Guk argi dugu: Bilduk ez du autonomia politikorik; blokearekiko obedientzia du”, amaitu du.

Interesatu Zaitez