• EAJ-PNVk Gipuzkoatik Kongresurako aurkezten duen hautagai Maribel Vaquerok gaur defendatu du talde jeltzalea dela Kongresuan Euskadiren interesak defendatzen dituen “bakarra”, eta azpimarratu egin du arriskutsua dela Estatuari alfonbra gorria jartzea eskumen autonomikoak diren gaiak arautu ditzan. Horren adibide gisa azaldu du Etxebizitza Legearekin gertatu dena, eta ohartarazi du PP eta Vox-en arteko balizko gobernu bati emango litzaiokeen ahalmenaz
22Octobrek EAJ-PNVk Gipuzkoatik Kongresurako aurkezten duen hautagai Maribel Vaquerok, argi dauka talde jeltzaleak hamarkadetan egin duen lan eraginkorrak ondorio mesedegarriak ekarri dituela euskal herritarron bizi kalitaterako: “Guk Euskadin ongizate handiagoa dugu, justizia sozial zabalagoa eta gizarte kohesio handiagoa , daukagun autogobernua dugulako. Eta EAJk Madrilen autogobernu hori lideratzen eta defendatzen egon delako”.
Onda Vascan egin dioten elkarrizketan, Vaquerok gaur bertan azaldu duenez “Estatuko gobernu guztiek konbentzimenduak gidatuta baino, beharrak bultzatuta jardun izan dute” eta “ez zaie interesatzen Gernikako Estatutua osorik betetzea”; horregatik da beharrezkoa “Madrilen Euskal Talde potente bat egotea”, bete gabe utzitako guztiak “erreklamatzeko”.
Testuinguru berean ohartarazi du lupa jarri behar dela Kongresuan onartuko diren ekimenen gainean eta arriskutsua izan daitekeela Estatuari alfonbra gorria jartzea eskumen autonomikoak diren gaiak arautu ditzan: “Ideologia bat defenda daiteke eta legeetara planteamendu ideologiko bat eraman daiteke”, azaldu du, baina eskumenen ikuspuntua galdu gabe, Euskadi defendatzeko orduan. Eta horren adibide gisa jarri du Etxebizitza Legea , non beste lege batzuekin gertatzen den bezala, hainbatetan beste interes batzuk lehenesten diren euskal autogobernuaren defentsa egin beharrean, eta mehatxua soilik ikusten da Estaduan gobernu aldaketa eman daitekeela antzematen denean: “Auzitegi Konstituzionalak esan dezake artikuluek eskumen esparrua errespetatzen duela, baina orain PP eta Vox badatoz eta Etxebizitza Legearen artikuluak aldatu nahi badituzte, zer alegatuko du Bilduk, eskumena propioa zela defendatu ez bazuen?”.
“PSE Estatura doanean PSOE da, PPk hemen ordezkaritzarik txikiena ere ez du, eta EH Bildu ez da defentsa hori egiten ari”, horregatik azpimarratu du Vaquerok “ Madrilen euskal autogobernua defendatzen duen Euskadiko alderdi politiko bakarra, gu gara”, eta azpimarratu du autogobernu hori dela euskal herritarron ongizate maila dakarrena.