ETAren jarduera armatuaren amaieraren 15. urteurrenean, EAJ-PNVk bakean bizi den Euskadi aldarrikatzen du, eta gizarteari dei egiten dio atzerapausorik ez emateko

Jeltzaleek berretsi egiten dute askatasunarekiko, bizikidetzarekiko eta balio demokratikoekiko konpromisoa, horiek baitira beren jarduera politikoaren funtsezko zutabeak, Euskadirentzat memoria izango duen etorkizunari begira.

ETAren jarduera armatuaren amaieraren 15. urteurrenean, EAJ-PNVk bakean  bizi den Euskadi aldarrikatzen du, eta gizarteari dei egiten dio atzerapausorik ez emateko 20Octobrek
OctobreK 20 |
EBB

PARTEKATU

ETAk jarduera armatua behin betiko utzi duela iragarri zuenetik 15 urte bete diren honetan, EAJ-PNVk indarkeriarik gabeko Euskadi aldarrikatu nahi du, eta gizarteari dei egiten dio bakea babesteko bidean atzerapausorik ez ematera.

ETAren jarduera terroristaren 60 urteek euskal gizartean arrasto sakona utzi dutela jakinik, EAJ-PNVk herritarrei eskerrak eman nahi dizkie askatasunean eta bizikidetza nagusi den herri baterantz elkarrekin joateko erakutsi duen ausardiagatik, duintasunagatik eta heldutasunagatik, gaur egun dugun Euskadi eraikiz. EAJ-PNV ibilbide horren lekuko izan da, ETAren sorreraren urtean (1958) Agirre Lehendakaria Eusko Jaurlaritzaren buru izan zenetik 2018ko maiatzaren 3an Urkullu Lehendakaria Ajuria Enean izan arte, hamarkadetako alferrikako sufrimenduaren ondoren, ETAk bere desegitea iragarri zuen egunean.

EAJ-PNVk, beraz, aldarrikatu eta ospatu egiten ditu 2011ko urriaren 20an ETAk jarduera  armatuari utzi zionetik hona Euskadin  15 urteotan ezagutu dugun bakea. Euskaldun askok amestu zuten helburua, baina ez zuten lortu. Elkarbizitzak eta balio demokratikoek konpromiso etengabea eskatzen dute eta zentzu honetan EAJ-PNVk kezkaz ikusten du joan den asteburuan bi pertsona atxilotu izana ustezko terrorismo delitu batengatik.

Bakeak, askatasunak eta elkarbizitzak kostu handiegia izan dute; ezin dugu itxialdi faltsurik onartu. Terrorismoaren bidegabekeria aitortzeari eta indarkeria gaitzesteari buruzko memoria partekatua, biktima guztien erreparazio eta oroitzapenekin batera, funtsezkoa da  berme nahikorik izateko halakoak etorkizunean berriro  errepikatu ez daitezen. Gure Herria ezin dugu ahanzturaren gainean eraiki.

Interesatu Zaitez