Aranzadi Zientzia Elkarteak Manuel de Irujo XXI. Saria jaso du Lizarran, Nafarroako sustraiak eta historia berreskuratzean egin duen lanagatik

Irujo Etxea Elkarteak eman dio saria elkartearen 25. urteurrena dela-eta aurretik saritutako beste batzuk gogoratuz , eta bertan izan dira, besteak beste, Aitor Esteban EBBko presidentea eta Unai Hualde NBBko presidentea

Aranzadi Zientzia Elkarteak Manuel de Irujo XXI. Saria jaso du Lizarran, Nafarroako sustraiak eta historia berreskuratzean egin duen lanagatik 11October
11 October |
Nafarroa

COMPARTE

Aranzadi Zientzia Elkarteak Manuel de Irujo XXI. Saria jaso du gaur Lizarran, Nafarroako sustraiak eta historia berreskuratzean egin duen  lanagatik. Irujo Etxea Elkarteak, aurten 25 urte betetzen dituenak, Aranzadik duela hamarkada batzuetatik hona egiten ari den ikerketa lana aitortu nahi izan du: frankismoak fusilatutakoak berreskuratzea eta hainbat aztarnategi arkeologikotan (Amaiur, Larunbe, Aranguren bailara, Arce eta Erro haranak, Burguete, Luzaide, Olazti, Resa edo Donazaharre) egindako proiektuak. Horiei esker, Amaiurko gaztelua berreskuratu ahal izan da, Artziko termak edo Zalduko aztarnategia bezalako enklabeak aurkitu dira, Nafarroako Alkerdiko (Urdax) labar-pintura bakarrak aurkitu dira, Larraheko euskal jainkotasunari eskainitako aldarea aurkitu da eta antzinako euskal idazkeraren lekukotasuna berreskuratu da, Irulegiren eskutik, esaterako. 

Koldo Viñuales Irujo Etxea Elkarteko presidenteak adierazi duenez, "Aranzadik baskoien presentziaren, hizkuntzaren eta Gaztelaren aurkako gerraren aztarnen testigantzak aurkitu ditu; galdutako gure nortasuna berreskuratzeko beharrezko aurkikuntzak", eta "Aranzadiko aztarnategietan lan egiten duten boluntarioekin, datozen hamarkadetan gure jatorrian eta historian sakontzen jarraituko duten ikertzaileen belaunaldi berriak prestatzen ari dira". "Mendeetan zehar liburuek gurea ez zen historia bat erakutsi duten arren, pixkanaka baskoien historia idazten ari gara. Gaur, harrokeriarik gabe, baina ozen, euskaldunak garela lau haizeetara baieztatu nahi dugu, eta euskara gurea dela aldarrikatu", nabarmendu du. 

Santiago plazan, Manuel Irujoren jaiotetxearen parean 12:30ean hasi den ekitaldian, ohorezko aurreskua eskaini zaio Aranzadi Zientzia Elkarteari, agintari eta kargu publikoak bertan izan direla, hala nola Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarraren presidentea, Unai Hualde Napar Buru Batzarraren (NBB) eta Nafarroako Parlamentuko presidentea, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilaria, Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilaria, Uxue Barkos Geroa Baiko senataria, Luke Uribe-Etxebarria EAJ-PNVko senataria; Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren Lehendakaria; Iñigo Arruti Nafarroako Gobernuko Enpresen Sustapeneko zuzendari nagusia; Pablo Ezkurra Nafarroako Gobernuko Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusia eta Lizarrako EAJ-PNVren Udal Batzarreko presidentea; Javi Ollo Geroa Baiko parlamentaria eta EBBren burukidea; Blanca Regúlez Geroa Baiko parlamentaria eta Lizarrako zinegotzia; Mikel Kolomo eta Txemi Pérez de Eulate Lizarrako zinegotziak; Jon Gambra EBBren burukidea; Anika Luján eta Idoia de Carlos NBBren burukideak; María Solana RTVEko kontseilaria; Oier Sanjurjo Nafarroako Ikastolen Federazioaren presidentea; eta Manuel de Irujo jaunaren senideak, besteak beste.

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko eta NBBren presidenteak baloratu duenez, "Aranzadiri esker gure historiaren zatiak berreskuratzen ari gara; urteetan zehar batzuk ezkutatzen edo isilarazten saiatu ziren historia". "Amaiurko gazteluaren berreskuratze prozesua, esaterako, euren hizkuntza eta bizimodua defendatzean amore eman ez zutenen erresistentziaren sinboloa, edo Irulegiko Eskua bezalako aurkikuntza, euskara antzina-antzinatik gure hizkuntza dela erakusten duen harribitxi arkeologikoak, eta ez arrotza edo inportatua den zerbait. Horiek guztiek gogorarazten digute nondik gatozen jakinda baino ez dugula ulertuko nor nor garen. Nafarroak historia aberatsa, konplexua eta ederra du, eta merezi du egiaz eta errespetuz kontatzea. Eta hori da Aranzadi Zientzia Elkarteak egiten duena", adierazi du.

  

BESTE SARIDUN BATZUK 

Irujo Etxea Sariaren 21 edizioetan honako hauek jaso dute saria: José Mª Jimeno (2001), José María Satrustegi (2002), Pedro Miguel Etxenike (2003), Gregorio Monreal (2004), Jean Haritschelhar (2005), Idoia Estornés (2006), Pablo Antoñana (2007), Benito Lertxundi (2008), Juan Jose Agirre (2009), Petra Azpiroz (2010), Iñaki Perurena (2011), Joxe Ulibarrena (2012), Fortunato Agirre (2013), Nestor Basterretxea (2014), Josu Chueca (2015), Arantza Ametzaga (2016), Iñaki Anasagasti (2017), Francisco Etxeberria (2018), Lucía eta Puy Odria Larrion (2019), eta Lizarra Ikastola (2020koa, 2021ean emana).

Te puede interesar