Venezuelako Asanblada Nazionaleko presidenteak eta Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak gaur arratsaldean bideokonferentzia bidez hitz egin dute ordu betez
Venezuelako Asanblada Nazionaleko presidenteak, Juan Guaidók, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteari Venezuelako oposizioko guztien esker ona adierazi du gaur, Amerikako buruzagiaren hitzetan EAJ-PNV “une oro, Venezuelako demokraziaren,askatasunen eta Giza Eskubideen alde agertu delako”. Guaidók, Caracasetik eta Ortuzarrek, Bilbotik, bilera telematikoa egin dute gaur arratsaldean ordu betez. Bilera berean parte hartu dute EBBren Nazioarte Gaietarako burukide arduradun Mikel Burzakok, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaile Aitor Estebanek eta Guaidók Espainian duen enbaxadore Juan Ecarrik, Espainiara erbesteratu diren Venezuelako hainbat kongresukiderekin batera.
Topaketa hau egin da Venezuelako agintariek EAJ-PNVri berariaz eskertu nahi izan diotelako talde jeltzalearen aldetik jaso duten babes politikoa. Elkarrizketa hau egin da Asanblada Nazionalerako hauteskundeetarako hilabete eta erdi falta dela. Organismo hori da gaur gaurkoz Maduroren erregimenak kontrolatzen ez duen botere bakarra. Hauteskunde hauek fartsa bihur litezke,izan ere, Henrique Caprilesek hasiera batean parte hartzeko deia egin bazuen ere, gaur egun oposizio osoak erabaki du ez parte hartzea. Erregimenaren aurkako oposizioak hauteskunde horiek iruzurtzat jo ditu, ez baitute gutxieneko berme konstituzionalik ematen, eta hori salatu du nazioartearen gehiengoak ere. Azken urtean, oposizioko zazpi alderdi politiko jarri dira Venezuelan justiziaren kontrolpean. Halaber, EAJ-PNVk behin baino gehiagotan aldarrikatu du Parlamentua eta Presidentea aukeratzeko hauteskunde askeak, sinesgarriak, gardenak, bidezkoak eta nazioarteko komunitateak egiaztatzeko modukoak egin behar direla. Venezuelako diktadura erregimenak behin eta berriz eskubide zibil eta demokratikoak urratu izana ere gaitzetsi du talde jeltzaleak, eta preso politikoak askatzeko eskatu du.
Guaidok, bere aldetik, bere esker ona adierazi du EAJ-PNVk eginkizun garrantzitsu eta funtsezkoa bete zuelako Diputatuen Kongresuak, iragan irailaren 24an, Legez Besteko Proposamen bat onar zezan Espainiako Gobernuari eskatuz “Europako Batasunaren baitan nazioarte mailan bateratu beharreko ahaleginak lideratzeko, Venezuelan Zuzenbidea Estatua sustatzeko eta hauteskunde demokratiko aske eta gardenen bidez herrialde horretan demokrazia berrezartzeko, inguruabarrek aukera hori eman bezain pronto”, bai eta Nicolas Maduroren erregimenaren aldetik “eskubide zibil eta demokratikoak urratzen direla“ kondenatzeko eta oposizioko politikarien “gaitasungabetze eta auziperatze prozesuak” bertan behera uztea eskatzeko. “Legez besteko Proposamen hori onartu izana berebizikoa da gure kausarentzat, demokraziarentzat, alegia. Eta borroka horretan jakin dakigu Euzko Alderdi Jeltzalearen ahots esanguratsu eta erabakigarria dugula gure alde”, esan du Guaidók esker onez.
Ortuzarrek ere bere esker ona adierazi nahi izan du: “ Euskal herriak jakin daki erbestea zer den, sufritu egin zuelako. Urteetan Venezuelatik , Radio Euskadiren bidez, euskal herriaren askatasun aldarria transmititu genuen. Orain, errepresioa eta erbestea sufritzen duenari laguntzeagatik ez dizkigute eskerrak eman behar, gure buruari zor diogun derrigorra delako. Gauza bi daude EAJk sekula uko egingo ez diena: Giza Eskubideen defentsa eta gure herriaren eskubideen defentsa. Demokrazia eta askatasuna. Gure herriarentzat nahi dugun berbera, munduko herri guztientzat nahi dugu, bereziki Venezuela moduko herrientzat, zeinekin harreman estu eta bereziak ditugun. Guaidó Presidente jauna, enbaxadore jauna, diputatu jaun andreok: ondoan izango gaituzue demokrazia eta askatasuna aldarrikatzeko momentuan, bai eta hauteskunde askeak eta berme demokratiko guztiekin eskatzeko momentuan ere. Jakin ezazue prest gaudela gure botoak Diputatuen Kongresuan eta Senatuan eskaintzeko Venezuelak horren beharrezko duen konponbidea aurki dezan. Jakin ezazu Guaidó Presidentea, Atlantiko itsasoaren beste aldean alderdi txiki bat dagoela askatasunaren eta demokraziaren defentsaren kausa helburu eta goiburu duena, eta kausa garbi horretan, beti egongo dela Venezuelaren ondoan”.
Guaidó eta Ortuzarren arteko elkarrizketa ez da abenduaren 6ko hauteskundeetara mugatu, Venezuelako errealitatearen beste alderdi batzuk jarri baitira mahai gainean. Horien artean, Covid-19aren pandemiaren kudeaketa eta Venezuelako osasunean duen eraginaren bilakaera, herrialde honetan euskal kolektibitate garrantzitsu, aktibo eta balio handikoa bizi dela aintzat harturik, eta horretaz guztiaz mintzatu dira buruzagi biak.