Urkulluk kanpainan egin duen lehen mitinean ohartarazi duenez, "apirilaren 28ko hauteskundeak ere badira Euskadiko hauteskundeak"

Lehendakariak Bastidan defendatu ditu euskal erakundeak, A-28ko hauteskundeetan aurkeztuko diren talde nagusien jomuga bihurtu direlarik. “Autogobernua da ongizate eta bizitza kalitatea, eta EAJren alde ematen den botoa da autogobernuaren alde egitea”
20 Apirila | Araba

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“Apirilaren 28koak euskal hauteskundeak izango dira. Kanpaina gatazkatsuarekin nahastu nahi gaituzte, eztabaidetatik kanporatu nahi gaituzte eta baztertu nahi gaituzte, baina ez ezazue ahaztu: hauteskunde hauek euskal hauteskundeak dira, Euskadik Madrilen izango duen ordezkaritza aukeratuko dugu”. Iñigo Urkullu Lehendakaria Bastidan izan da gaur eta kanpaina honetan egin duen lehen mitinean hitz egin du. Ekitaldi berean hitz egin dute Mikel Legardak eta Almudena Otaolak, Kongresu eta Senaturako Arabako hautagaiek eta Laura Perezek, Bastidako alkate eta berrautaketarako alkategai jeltzaleak.

Urkulluk aldarrikatu du azken legealdi honetan EAJ-PNVk Madrilen egin duen lana, eta pozik agertu da aste honetan bertan lortu delako AP-68ren transferentzia. “Batzuek esaten dute ez dela ezer, beste batzuek gehiegi dela, baina A-68 errepidea beste urrats bat da. Euskal erakundeen eskuetan egongo den eskuduntza bat da eta guk hobeto kudeatuko dugu. Kostatu egin zaigu, gehiegi, baina lortu egin dugu. Orain, Euskadiko errepide mapa osoa euskal erakundeen ardurapean dago. Hori da autogobernua: zorroztasunez eta erantzukizunez arduratzea zerbitzu publikoen kudeaketaz”, baieztatu du. Dena dela, Lehendakariak ez du ezkutatu nahi izan kezkatuta dagoela alderdi batzuek autogobernuaren kontra zabaltzen duten mezuen aurrean, “pribilejio”, eta “kuponazo” hitzak erabiliz zein “errekonkistaz” eta “transferentzien moratoriaz” hitz eginez . “Autogobernu-erakundeak ahultzeko helburuarekin 155. artikulua aplikatu zuten berberak dira horiek”, esan du. Urkulluk era berean galdetu du talde horiek guztiak zergatik dauden autogobernuaren kontra, Euskadin denok dakigunean “autogobernua dela ekonomia produktibo erreala eta enplegua babestea; Euskadin kudeatzen diren eskuduntzek zerbitzu hobea eskaintzen dutela; autogobernuak ongizatea eta bizitza kalitatea dakarrela”. “Euskal autogobernua onuragarria da euskal hiritargoarentzat. Eta EAJren aldeko botoa autogobernuaren aldeko botoa da. EAJren aldeko botoa da ongizatea eta bizitza kalitatearen aldeko botoa. Euskadik mugiarazten gaitu eta EAJren aldeko botoa da Euskadiren alde bozkatzea”. Horregatik guztiagatik, Lehendakariak nabarmendu du ezinbestekoa dela EAJ-PNVk Espainiako Parlamentuan ordezkaritza zabala eta sendoa izatea”. Madrilen Euskal talde sendoa izatea da autogobernu maila handiagoa, ongizate handiagoa, bizitza kalitate handiagoa. Estatu eredu berri bat defendatzea da, gure nazio errealitatea, gure Eskubide Historikoak, Ekonomia Ituna eta Autogobernu berezia aitortuko dituena, Estatuaren nazio aniztasuna aintzat hartuko duen eredua”, baieztatu du.

Nekazal bokaziorik handiena duen herrialdean, Mikel Legarda Kongresurako Arabako zerrendaburuak hitzeman du gogotik lan egingo duela Arabako lehen sektoreak gaur egun dituen arazoak konpontzeko. “Erakunderik hurbilenen eskuduntza eta ardura izango diren nekazal politikak behar ditugu, esku hartze zentralistarik gabe. Europako Batasunarekin negoziatu nahi dugu Estatuaren politikatik bereizitako nekazal politika, eskualde honetarako, Herrialderako eta Euskadi osorako aproposa . Hori defendatuko dugu Madrilen eta Bruselan”, azaldu du. Legardak era berean erreklamatu du nekazal aseguruen transferentzia, Gernikako Estatutuan jasota dagoenaren arabera, eta hitzeman du lan egingo duela eskualdeko sail ureztatuentzako finantzaketa lortzeko “aurreko legealdiak PPk eragotzi zuena”. Era berean aldarrikatu du Jatorri Deitura propioa, Arabar Errioxako produktuak bereizteko.

Senaturako hautagai Almudena Otalolak azpimarratu du EAJren Euskal Taldea oso erabakigarria izan dela Madrilen azken urteotan. “Proposatzea, adostea eta aurrera egitea. Euskadiren oparotasuna ekarri duten politikak dira Euzko Alderdi Jeltzaleak proposatu dituenak. Aldarrikatzea dugu helburu herri honek aurrera egin dezan. Madrilen lan eginez, Gasteiz, Araba eta Euskadi osoa defendatzeko”.

Gaur, larunbata, Bastidan egin den ekitaldia ireki du bertako alkate Laura Perez Borinagak. Alkate andreak udal legealdiaren balantzea egin du eta hurrengo lau urteei begira hitzeman du industrialdeari bultzada erabakigarria emango zaiola. Halaber, herrigune historikoa eraberritzeko lana egingo da, gazteentzako etxebizitzak sustatuko dira eta babes berezia emango zaie bertako turismoari eta merkataritzari.

PARTEKATU