Urkulluk deitu du "etorkizun berria eraikitzera, bakearen, elkarbizitzaren eta giza eskubideen baloreetan oinarrituta"

Lehendakariak Tabakaleran aldarrikatu du kulturaren balioa “Euskadiren alde eginiko inbertsio positibo gisa”, eta baieztatu duenez “hauxe da egunez egun eskaintzen digunaren ordaina emateko momentua: babestu egingo dugu”
28 Ekaina | EBB

Lehendakari eta lehendakarigai jeltzale Iñigo Urkulluk gaur deitu du “etorkizun berria eraikitzera bakearen, elkarbizitzaren eta giza eskubideen baloreetan oinarrituta”. Urkulluk EAJ-PNVk gaur eguerdian Tabakaleran egin duen ekitaldi politikoan hitz egin du gaur, konkordioa eta tolerantzia aldarrikatzeko, gorroto, sumindura eta gatazkatik sortutako diskurtsoek elikatzen duten jarrera estremistek eragin duten tentsio politikoaren gorakada nabarmena erregistratu den garaian. “Indarkeriaren aurrean, konpromiso etiko eta demokratikoa. Onartezina da, Euskadin,2020an, giza eskubide batzuk urratzen direnean eskuak burura eramatea eta beste batzuk zapaltzen direnean beste aldera begiratzea edo,are gehiago, jokaera hori adoretzea eta txalotzea. Onartezina da. Ez daude giza eskubideak baloratzeko neurri ezberdinak. Giza konpromisoak esan nahi du eskubide horiek beti eta kasu guztietan bete behar direla”, esan du Urkulluk. Eusko Legebiltzarreko Presidente eta Gipuzkoako zerrendaburu Bakartxo Tejeriak eta Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek ere hitz egin dute gaur Donostiako Kultura Gsraikidearen Nazioarteko Zentroan egin den ekitaldi politikoan.

Urkulluk gogoratu duenez “duela 40 urte Nestor Basterretxeak eta euskal kulturaren pertsona ezagunek, beren artean Eduardo Chillida, Koldo Mitxelena, Xabier Lete, Jose Miguel Barandiaran, Julio Caro Baroja, Manuel Lekuona eta Martin Ugaldek `33en agiria” izenpetu zuten. ‘Garaiz gabiltz´ izeneko adierazpen hura oihu lazgarria izan zen, larritasunak eragindako oihua, indarkeriaren erabileraren kontra eta demokraziaren, giza eskubideen eta elkarbizitzaren aldeko apustua aldarrikatzen zuena. Deiak ez zuen erantzunik jaso eta sinatzaileek arbuioa baino ez zuten jaso, 40 urteren buruan beren erantzuna berraztertu gabe jarraitzen dutenen aldetik. Azken legealdi bi hauetan, printzipio hori defendatzeko lana egin dugu. Konpromiso etikoa da Euzko Alderdi Jeltzalearen ibilbidearen elementu iraunkor bat.Jarraipena emango diogu inbertsio sozial honi” , bermatu du Lehendakariak.

Urkulluk adierazi du “jabetzen” dela pandemiak “euskal kulturan, kulturaren industrian eta bere profesionaletan” izan duen eraginaz. Etxealdiak iraun duen bitartean kultura gizartearen alde mugitu da. Orain lagundu behar dugu kultura eta bere industria altxatzen. Egunez egun ematen diguna ordaintzeko unea da. Euskadiko kultura ez dugu erortzen utziko. Babestu egingo dugu”, baieztatu du kulturaren balioa aldarrikatu ondoren: “kultura topaketa eta sormen gune gisa, ikuskera kritiko eta eraikitzaile gisa, begirunerako eta elkarbizitzarako gonbidapen gisa. Kutura inbertsio bat da, inbertsio positiboa Euskadirentzat”, esan du Lehendakariak.

Urkulluren aburuz, pandemia gorenean egon den hiru hilabeteetan “elkarren kontra dauden bi eredu” planteatu dira “alde batetik egon da hiritargoaren gehiengoa eta erakundeak, kolaboratzeko eta irtenbideak eta soluzioak bilatzeko ahalegina eginez; eta, beste alde batetik, gutxiengo zaratatsua, eragozpenak eta oztopoak jartzeko, kexatzeko eta errudunak bilatzeko helburu bakarrarekin aritu dena”. Baina “modu bakarra dago Euskadi berriz ere zutik jartzeko”, esan du. “Irteteko modu bakarra dago. Elkarlanean, kolaborazioaren bidez. Hori da gobernatzeko defendatzen dudan eredua. Nik defendatzen dudan `kultura politikoa´. Kolaboratzea, soluzioak bultzatzeko. Nork bere ekarpena egitea, parte hartzea, eraikitzea. Jarrera suntsitzailea da arazoaren parte bat. Elkarlana da irtenbidearen funtsezko partea. Elkarlana da kulturaren adierazpen bat”.

Andoni Ortuzarrek, bere aldetik, euskal hiritargoa gonbidatu du, uztailaren 12an botoa eman aurretik “ariketa praktikoa” egin dezala eta “alderdi guztien eskaintza azter dezala. Lehendakarigai guztien gaitasun eta bertuteak azter ditzatela. Balora dezatela, konfiantza eta bermerik handiena ematen diena. Eta, gero, askatasun osoz, botoa eman dezatela. Askatasun osoz bozka dezatela, bai, baina lehenengo eta behin ondo pentsa dezatela Euskadik zer behar duen, nor behar duen”. Jeltzaleen buruaren esanetan, aldez aurretik eginiko hausnarketa hori beharrezkoa da “hauteskunde hauek oso garrantzitsuak direlako. Iraganak eta etorriko denak derrigortzen gaitu Jaurlaritza sendoa finkatzera, hautestontzietan indartuta irtengo den Lehendakariarekin, indar nahikoarekin erabaki ausartak hartzeko eta aurrera egiteko politikarik eraginkorrenak abian jartzako. Jaurlaritza sendoa, oposiziotik jarri nahi diren eragozpen eta oztopoak saihesten jakingo duena”, baieztatu du.

Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentearen hitzetan, “euskal erakundeek eta herritarrek pandemiari emandako erantzunak herri solidarioa eta arduratsua garela erakusten dute, erronkei aurre egiten dakiena; arazo eta ezbeharrei aurre egiteko eta aurrera egiteko gai den herria gara”. “Funtzionatzen duen eredu bat dugu, eta hori frogatu dugu”, azpimarratu du Gipuzkoarako zerrendaburuak, “eta politika horiek guztiak garatzeko eta gure erakundeak sendotzeko gai izan bagara, autogobernuari esker izan da”, ondorioztatu du. “Ez dugu inoren tutoretzarik behar”, esan du Tejeriak, eta “erantzukizun politiko osoa” aldarrikatu du. “Euskal herritarrengan eragina duten politika publiko guztiak kudeatu behar ditugu; eskubide politiko, ekonomiko, sozial, linguistiko eta kulturalak bermatzeko beharrezkoak diren eskumen guztiak eskatzen ditugu; horiek guztiek gure eskumenen barruan egon behar dute”, azaldu du. “Horrela, etorkizunari egokiago aurre egin ahal izango diogu”, gaineratu du Tejeriak.

PARTEKATU