Urkullu Lehendakariak eta Nueva York-eko alkateak datorren urtean Euskadin Learning Tour bat ospatzea adostu dute

Lehendakaria buru izan duen Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza New Yorkeko alkatetzarekin elkartu da, eta bileran New Yorkeko alkateorde Phil Thompson eta New York estatuko James Sanders senataria izan dira. Bileraren ostean, kazetariek egindako galderei erantzun diete lehendakariak, alkateordeak eta senatariak
Urkullu Lehendakariak eta Nueva York-eko alkateak datorren urtean Euskadin Learning Tour bat ospatzea adostu dute
16 Uztaila | Eusko Jaurlaritza

Bilerari buruz galdetu diotenean, Iñigo Urkullu lehendakariak erantzun du EAEren eredu ekonomiko eta sozialari buruzko hausnarketak partekatu ahal izan dituztela. Alde horretatik, lehendakariaren esanetan, bi aldeen intereseko puntu ugari aurkitu dituzte topaketan zehar. Gainera, lehendakariak jakitera eman du Eusko Jaurlaritzak datorren urtearen hasieran Euskadin Learning Tour bat antolatzeko aukera eskaini diola New York hiriari. Helburua izango litzateke gizarte-ekonomiarekin nahiz espezializazio adimendunarekin, adimen artifizialarekin, hezkuntzarekin, hirugarren adinarekin eta arreta soziosanitarioarekin eta ekoizpen-ekonomiako hainbat sektorerekin zerikusia duten arloak sakontzea. “Bilera emankorra izan da benetan, eta espero dugu hemendik aurrera harremanak ezarriko direla enpresen artean, bai eta administrazio publikoaren eta New Yorkeko eta Euskadiko enpresen artean ere”, erantsi du.

Bestalde, New Yorkeko alkateordeak, Phill Thompsonek, azpimarratu du bileran asko ikasi dutela berrikuntza sozialaz eta ekonomikoaz eta Euskadin egiten den lanaz. “Elkarlanean hasteko irrikan gaude, gure hirian gizarte-ekonomia sendoa eraikitzeko”, erantsi du.

New Yorkeko senatariari, James Sandersi, galdetu diote ea Euskadiko ekimenen bat ezar daitekeen New York estatuan, eta honek azpimarratu du Euskadiko ordezkaritzak New York estatuarekin lankidetzan jarduteko irrikan daudela, herrialdeko beste leku batzuetan egiten duen bezala. Alde horretatik, Sanders senatariak azpimarratu du Euskadi arrazoi askorengatik dela ezaguna, eta aitortu du asko dutela ikasteko lan kooperatiboaz eta, esate baterako, Euskadiko gizarte-ekonomiaren finantzazioaz. “Arlo askotan ikas daiteke zerbait”, erantsi du. Bestalde, senatariak adierazi du Euskadira bisitan joan ahal izatea espero duela, batez ere lan kooperatiboa eta bi aldeentzat onuragarriak izan daitezkeen beste arlo batzuk ezagutu ahal izateko.

Alkateordeak azpimarratu du espero dutela New York hiritik lankidetza-aliantza dinamiko bat abian jarri ahal izatea elkarrekin lan egin eta gauzak sortu ahal izateko. “New York hiri aparta da berrikuntza abian jartzen hasteko”, adierazi du. Horrez gainera, azpimarratu du ilusionatuta daudela, batez ere, Eusko Jaurlaritzak pertsonekin hartuta duen konpromisoarekin, alkatetzaren beraren lehentasun nagusia baita. “Gure lan guztia gure jendeari laguntzera bideratu beharko litzateke”, erantsi du.

Iturria: Irekia

PARTEKATU