Ortuzarrek Bermeotarrak animatu ditu "aurrera egiten duten Bizkaiaren eta Euskadiren olatura" igotzera, Ezker Abertzalearen desgobernua atzean utziz

EBBko presidenteak, Unai Rementeriak eta Izaskun Bilbao Barandica eta Aritz Abaroa bermeotarrek “boto abertzaleen” mobilizazio masiboa eskatu dute maiatzaren 26ko hauteskundeetarako
20 Maiatza 2019 | Bizkaia

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“Bizkaiak aurrera egiten du, Euskadik aurrera egiten du eta Bermeok olatu hori hartu behar du. Bere udala geldituta dago. Aldatu behar du. Ezin du jarraitu errua beti inori leporatzen. Ezin du jarraitu gobernutik oposizioa egiten. Bermeo azken lau urteotan bihurtu da Ezker Abertzaleak gobernuan dagoenean sortzen duen anabasa. Horra hor Sollubeko tunelen egoera, herri honek luzaro eskatu duena. Baina Bilduk gauza bat esaten du hemen eta kontrakoa gainerako erakundeetan.Hemen, behin eta berriz, tunelak eskatzen, eta Batzar Nagusietan, Aldundian , Eusko legebiltzarrean esaten du tunelak direla EAJren obra faraonikoa eta ez dela egin behar. Hori da Ezker Abertzalea” . Hori izan da Andoni Ortuzarrek gaur EAJ-PNVk Bermeoko Lamera parkean egin duen ekitaldi politikoan bidali nahi izan duen mezua, hobera egiteko aldaketa egin beharra dagoela,alegia. Mitin berean taula gainean izan dira beste bermeotar bi, Europako diputatu jeltzale eta CEUS-Europa Solidarioaren aldeko Koalizioaren zerrendaburu Izaskun Bilbao Barandica eta Aritz Abaroa Bermeoko alkategai jeltzalea. Jaiotzez mundakarra baina ikasketak Bermion egin zituen Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi eta hautagaiak ere hitz egin du. “Ondo ezagutzen dituzue. Badakizue fidagarriak direla. Proposamenak dituzte. Langileak dira, konpromisodunak. Aberrigintza klabe positiboan. Ilusioa eta proiektuak etorkizun hobea izateko Bermeorentzat eta Bizkaiarentzat , eta Euskadi nazio izan dadin Europa Solidarioago batean”, esan du jeltzaleen buruak.

“Gezurrak, ideiarik eza, dedikaziorik eza eta gero erruak Aldundiari leporatzea”. Horrek laburbiltzen du,Ortuzarren esanetan, EH Bilduk udalean egin duen lana, Bermeon ere bai. “Errua beti inorena, normalean EAJrena. Ez dakit Ezker Abertzalea zer izango litzatekeen EAJ izango ez balute gure kontra egiteko”, deitoratu du. Puntu horretan, lider abertzaleak argitu nahi izan ditu Arnaldo Otegik Kanpaina osoan talde jeltzalearen kontra egin dituen salaketak. “Aurpegiratu digu boto atzerakoi eta unionistekin loditzen garela. Baina Euskadin ez dago horrelakorik. Gu loditzen gara, bai, baina etxean eginiko hegaluze kontserbekin, Kantauriko antxoarekin eta boto abertzaleekin”, erantzun dio. “Guk ez diogu sekula uko egingo gure burua abertzaletzat jotzeari. Beraiek orain Ezker Independentista dira. Abertzale hitza kendu dute beste kala batzuetan arrantzan egin nahi dutelako. Orain hartu nahi dituzte Podemos albo batean utzi dituztenen botoak, Espainiako ezkerraren botoa nahi dute. Baina jendea ez da leloa, ezagutzen ditu. Betiko ezker abertzalea dira, betiko bizio eta betiko molde txarrekin”. Ezker Abertzaleak EH Bildu marka zuriarekin aurkezteko daraman estrategiaren aurrean, Ortuzarrek EAJrengan konfiantza duten pertsonei eskatu die gehiegi ez lasaitzeko. “Hauteskundeak ez dira inkestetan irabazten. Gure erakundeen etorkizuna hautestontzietan erabakitzen da. Jendea mugitu behar dugu. Parte hartze handiagoa behar dugu. Denek bozkatzera joatea nahi dugu”, baieztatu du.

Izaskun Bilbao Barandica bermeotarrak, bere aldetik, gogora ekarri du EAJ-PNVk errealismoa eta talde-lana eskaintzen dituela eta Europako Hauteskundeetan Euskadi eta Brusela arteko konexio sendoa ere bai. Posizio horrek eraman du arrantza sektorearen izen ona defendatzera “gu geu garelako era iraunkor eta jasangarrian lan egiteko interesik handiena dugunak ,horrela arrantzan jarraitu ahal izan dezagun”. Era berean gogoratu du atun-ontzien defentsa piraten erasoen aurrean, saregile edo neskatilen ofizioak eta beste batzuk aintzat hartzeko egin den lana eta Europako Funtsean jaso diren hobekuntzak kostako guneetan ekonomia berriari lotutako jarduerak sustatzeko “garena eta egiten dakiguna aprobetxatuz aukera guztiak baliatu ahal izateko”. “Horretan ari gara gu, Aritz, Unai, EAJren gobernua eta lantaldea”. Era berean, balioan jarri du Aritz Abaroak taldea eratzeko eta programa prestatzeko egin duen lana: “Entzuteaz, integratzeaz, bat egiteaz eta hobetu ahal duguna zuzentzeaz arduratu zarete. Pertsonak kontuan hartzeaz. Horixe behar du Bermeok. Hitz batek laburbiltzen du dena:Abante”, Europako diputatuak Europako Parlamentuan egingo den hurrengo osoko bilkuran esango duen hitza.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiak ere hitz egin du eta Bermeok eta Busturialdea eskualde osoak hobetzeko eta hazteko dauzkaten aukerak azpimarratu ditu. “Batzuek arazoak baino ikusten ez dituzten tokian, nik aukerak ikusten ditut. Aukerak ikusten ditut portuan, suspertu eta biziberritu behar dugun altxorra. Aukerak ikusten ditut Gaztelugatxen, beste altxor bat, Bizkaia osoarentzat iman bat dena, errespetu osoz bultzatu eta hobetu behar duguna. Ibilbide berde bat egingo dugu Bermeo, Matxitxako, Doniene eta Bakioren artean eta itsasoaren gainetik joango da. Garraio publikoaren irisgarritasuna ere hobetuko dugu, eta horregatik gaude aparkaleku disuasioarekin”, azaldu du. Eta Bermeorentzat eta eskualde osoarentzat oso garrantzitsu jotzen duen beste proiektu bat ekarri du gogora, Sollubeko tunelak, EAJk Madrilera eta Bruselara eraman duena finantzaketa lortzera begira. “Aldundiak bakarrik ezin du lan erraldoi hori egin, baina bai egin dezake beste erakunde batzuekin. Eta hori landu behar da hemen, Bilbon, Madrilen eta Bruselan. Eta aurpegia emanez”. Hautagai jeltzaleak ikuskera positibo hori eta EAJ-PNVk eskualdea hobetzeko lana egiteko gaitasuna alderatu du “arazoak besterik ikusten ez dituztenen jarrerarekin”, “pankarta atera eta zarata besterik egiten ez dutenen moldeekin”. “Lan egitea zaila da, zaila da mahai gainean ideiak jartzea eta aurrera ateratzea. Gu horretarako gaude, lan egiteko, ideiak aurkezteko eta aurrera eramateko”, nabarmendu du.

Hitz egiteko izan duen tartean, Aritz Abaroa EAJ-PNVk Bermeon aurkezten duen alkategaiak baieztatu duenez “herri honekin konpromiso sendoa hartu duen lantaldea gara eta horixe da,hain zuzen, ‘Bermio Abante’: talde-lana, proiektua eta konpromisoa”, baieztatu du. Abaroak azaldu duenez “zortzi urte daramatzagu betiko aitzakiak entzuten eta nekatuta gaude” EH Bilduren arduragabekeriarekin. “Baina EAJ-PNVk Bermeorentzat dauka hiru zutabetan oinarritutako proiektua”, aurreratu du. Horietako lehena dira “pertsonak”, gizarte zerbitzuak hobetzea lehenetsiz, bermeotarren bizi-kalitatea hobetzera begira. Bigarrena, suspertze ekonomikoa, Bermeoko portuaren eraberritzea eta Gaztelugatxe gune nagusitzat hartuz “aukera bat direlako eta gure esku dagoelako baliatzea!. Ez dugu itxarongo lanak beste batek egin arte, talde honek proiektu bat dauka, ideiak ditu eta kemena badauka aurrera egiteko, eta egin egingo dugu”. Eta hirugarrena “gure nortasun eta izaera propioa. Kostako herri bat gara, arrantzaleak; eta gure nortasun propioa daukagu, aldarrikatzen eta balioan jartzen jakin behar dugun ezaugarria” .

PARTEKATU