Ortuzar Perú eta Txilera bidaiatuko da Europa eta Amerikaren arteko zubi-lana egitera eta EAJ-PNVk Amerikako Demokrazia Kristauarekin izan duen harremana biziberritzera

Euzkadi Buru Batzarreko presidente eta Europako Alderdi Demokratako presidenteordeak eta Mikel Burzako burukideak zazpi eguneko bidaia ofiziala egingo dute Lima, Cusco, Txileko Santiago eta Valparaisora
Ortuzar Perú eta Txilera bidaiatuko da Europa eta Amerikaren arteko zubi-lana egitera eta EAJ-PNVk Amerikako Demokrazia Kristauarekin izan duen harremana biziberritzera
17 Urtarrila | EBB

Andoni Ortuzar, Euzkadi Buru Batzarreko presidente eta Europako Alderdi Demokratako presidenteordeak (EAD-PDE), Peru eta Txile bisitatzeko bidaia ofiziala hasiko du gaur helburu bikoitza gogoan: EAJ-PNVk nazio bi hauekin dituen harreman politiko, ekonomiko, sozial eta pertsonalak eguneratzea, finkatzea eta hobetzea; eta Europa eta Hegoamerikaren arteko zubi-lana egitea, Ortuzarrek eta zuzentzen duen alderdiak EAD-PDE alderdiarengandik jaso duten agindua betez. Bisita honek ere emango dio EAJ-PNVri Amerikako Demokrazia Kristauarekin orain arte izan duen harremana biziberritzeko aukera, epe barruan 20 urte beteko direlarik Euzko Alderdi Jeltzalea Internazional Demokrata Kristautik (IDC) irten zela José María Aznar Espainiako orduko presidente eta Partido Popularreko buruak asmo txarrez egin zuen azpijokoaren ondorioz. “Bi hamarkada hauetan esparru politikoak argitu dira, PPk zalantzarik gabe eskuinaldera jo du eta Amerikako Demokrazia Kristauak Europarekiko lankidetza indartu nahi du beste eragile politiko batzuen bidez, hauen artean EAJ; guk zubigintza egiteko joera daukagu eta Amerika eta Kontinente Zaharraren arteko zubi politiko,ekonomiko eta kulturala izan nahi genuke”, azaldu du Ortuzarrek. EAJko burua Amerikara bidaiatuko da Mikel Burzako Nazioarte Gaietarako burukide arduradun eta EAD-PDEren Kontseiluko Kidearekin. “EAD-PDEk eskatu digu Amerikarekin zubi-lana egitea. Iaz ere egin genuen Mexikorekin eta oraingo honetan Perú eta Txilerekin egitera goaz, garapen ekonomiko garrantzitsua bizi duten herrialdeak eta Asiako merkaturako sarbide estrategikoa direla gogoan, eta horrek aukera multzo handia eskaintzen die hantxe dauden euskal enpresei eta nazioartekotzeko bidea hartu nahi dutenei”, azaldu du Burzakok. Ordezkaritza jeltzalea Jorge Chávez Limako nazioarteko aireportura bihar goizean iritsiko da, hango 6:00etan eta Euskadiko 12:00etan, eta Txileko hiriburuan hartuko du berriz etxeratzeko bidea datorren ostegunean, hilak 24.Datorren ostiralean Euskadira itzuli ondoren, Jeltzaleen burua Urtarrilaren 27an izango da Sabino Arana sariak emateko ekitaldian.

Perun egingo dute Ortuzar eta Burzakok beren bidaiaren lehen eskala. Lehenengo eta behin batzartuko dira Alfredo Barnechearekin, euskal jatorriko politikariarekin, 2016an `Acción Popular´ Perúko alderdi historikoetako baten izenean. `Acción Popular´ izenekoa zentroko alderdia da eta gaur egun gobernatzen du Lima eta Cuscoko udaletan. Ostiral gauean Barrenechearekin izango du Ortuzarrek alderdi politikoek gizartean betetzen duten eginkizunari eta gazteen inplikazioari buruzko elkarrizketa publikoa. Lehenago, goiz erdian, jeltzaleen burua Daniel Salaverry Peruko Errepublikako Kongresuko euskal jatorriko presidentearekin batzartuko da. Iluntzean, Ortuzar eta Burzako afari pribatua egingo dute euskal jatorriko hainbat pertsona ezagunekin.

Hilaren 19an, jeltzaleen ordezkariak Cuscora bidaiatuko dira . Ortuzarri harrera egingo dio Víctor Boluarte bertako alkateak eta EBBko presidentea hiriko seme kutun izendatuko du.

Hilaren 20an,igandea, Ortuzar eta Burzako Txileko Santiagora bidaiatuko dira eta astelehenean, hilak 21, agenda betea izango dute bertan. Lan gosaria izango dute Alderdi Demokrata Kristauko Zuzendaritza Nazionalarekin, zeinekin EAJk oso harreman ona duen. Fuad Chahín presidentea irailean izan zen Alderdi Egunean eta EBBko presidentearekin batera izenpetu zuen berariaz eginiko Adierazpen Politikoa. Goiz erdian, Ortuzar eta Burzako Juan Carlos Latorrerekin batzartuko dira, ODCAko presidentearekin (Amerikako Erakunde Demokrata Kristaua). EAD-PDErekin partekatzen den estrategiaren barruan, ODCA elkarteak begirada jarri du EAJ-PNV alderdian eta egoki jo du bere bitartekaritzarekin Europarekiko harreman politiko eta ekonomikoak estutzea eta indartzea. Topaketa honek ere lagunduko dio EAJ-PNVri Demokrazia Kristauarekin izan dituen adiskidetasun eta konfiantza harremanak berrezartzen, Aznar eta PPren azpijokoaren eraginez talde jeltzaleak IDCtik irten zenetik ia 20 urte igaro ondoren, Txilen bertan hain zuzen ere. Eguerdian, jeltzaleen ordezkariek PDCko Nazioarteko Harremanetarako Batzordeko kideekin bazkalduko dute. Eta, arratsaldean, lan bilera egingo dute agenda zehaztera begira Bilbon izenpetu zen Adierazpen Politikoaren harira.

Asteartean,hilak 22, Ortuzar eta Burzako izango dira Eduardo Frei Montalva Txileko presidente ohiaren heriotzaren urteurrenaren barruan egingo diren jardueretan parte hartuko duten Europako ordezkari politiko bakarrak. Eduardo Frei Montalva presidenteak Agirre Lehendakariari babesa eman zion Hegoamerikara erbestean joan behar izan zuenean. Burukideek Txileko Santiagoko metropoliko alkate eta zinegotziekin bazkalduko dute eta bertako Euskal Etxeko zuzendaritzako kideekin eta EAJ-PNVren Txileko Euzkadiz Kanpoko Erakundeko kideekin afalduko dute.

Hilaren 23an,asteazkena, burukideak Valparaisora bidaiatuko dira eta hango Kongresuan batzartuko dira PDCko parlamentariekin. Arratsaldez, Ortuzarrek “Hiritargoa berriz xarmatzea. Euskadiko esperientzia” izenburuarekin Valparaisoko Unibertsitate Pontifizio-Katolikoak eta PCDko Presidenteordetzak antolatuta egingo den mahai inguruan parte hartuko du. Iluntzean, Burzako eta biok PUCVko erretore Claudio Elórtegi Raffok eskainiko duen afarian izango dira. Ostegunean,hilak 24, EBBko presidenteak eta Nazioarte Arloko burukideak Euskadira itzultzeko bidaia hasiko dute.

PARTEKATU