Ortuzar, PDEko lehen presidenteorde: “Guk Herrien eta herritarren Europan sinesten dugu, ez, ordea, Estatuen eta merkatuaren Europan”

Europako Alderdi Demokratak bere barne egitura berritu du eta bere konpromiso europazale irmoa berretsi du gaur Parisen egin duen Kontseiluan, bilera berean Compromiso por Galicia Europako erakunde horretako kide egin delarik
Ortuzar, PDEko lehen presidenteorde: “Guk Herrien eta herritarren Europan sinesten dugu, ez, ordea, Estatuen eta merkatuaren Europan”
29 Azaroa | EBB

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Andoni Ortuzar, Euzkadi Buru Batzarreko presidentea, izendatu dute gaur Europako Alderdi Demokratako (PDE) lehen presidenteorde, Europako alderdi honek Parisen egin duen Kontseiluan. EAJ-PNV indartuta irten da Frantziako hiriburuan Europako demokratek egin duten gailurretik. EAD-PDEren egitura eta organigrama berrian, talde jeltzalea izango da idazkariordetza nagusian, José Mari Etxebarriarekin, eta Europako Parlamentuan izango duen ordezkaritzan, Izaskun Bilbao Barandica Europako diputatu jeltzalearekin. François Bayrou frantziarra, Frantziako errepublikako ministro ohi eta Pauko alkatea, izango da alderdiaren hurrengo presidentea. Orain arte Bayrou presidentekide zen Franscesco Rutelli Erromako alkate ohiarekin. Alemaniako diputatu Ulrike Müller eta Errumaniako lehen ministro ohi Victor Ponta izango dira beste presidenteordeak.

EAD-PDEk Parisen egin du gaur bere Lehen Kontseilua Europako Parlamentuak Europako Batzorde berria onartu duenez geroztik, Ursula Von der Leyen presidente berria delarik. EAD-PDEren gailurrean, barne egitura berritzeaz gain, hurrengo bost urteetarako estrategia politikorako oinarriak ezarri dira. Europako Alderdi Demokrata dago, Europako liberalekin eta Emmanuel Macronen alderdi politikoarekin batera, “Renew Europe” izeneko taldean, Europako parlamentuan gehiengo berriak eratzea ahalbidetzen duena, hain zuzen. Gaurko debatean ezarri dira EAD-PDEren jardun politikoaren ardatz nagusiak: `Green Deal´ berria, klima aldaketaren erronka handiari aurre egiteko; digitalizazioari benetako bultzada emateko beharra, Europak lehiakortasun alorrean duen erronka nagusienetakoa den aldetik; eta, oso bereziki, Europako benetako oinarri soziala ezartzeko lana , beste hainbat gauzaren artean, desberdintasunaren arazoari erantzun egokia ematera begira. “EAJren eta EAD-PDEren erronkak dira Europak gaur egun dituen erronka berberak: indartzea eta batzea”, baieztatu du Ortuzarrek. “Gaur kide berriak hartu ditugu erakunde honen baitan eta Europako Parlamentuari oreka ematen dion taldean integratuta gaude. EAD-PDE bide onetik doa. Legealdi hasieran gaude eta helburuak ezarri behar dira. Europaren ideia indartu behar dugu hodei beltz ugari dauden une honetan: Brexita, ultraeskuinaren gorakada, inmigrazioaren fenomenoaren aurrean dagoen ulermenik eza, Trump-ek Txinarekin dauzkan ezbaien ondorioz Europako ekonomiarentzat etor daitezkeen arazo ekonomikoak … baina Europa da horren guztiaren konponbidea, inoiz ez da arazo bat. Europa da hiritargoaren arazoak konpontzeko soluziorik onena, baina gaur egun eraikitzen ari dena ez bezalako Europa eraiki behar dugu. Merkatuaren eta Estatuen Europaren aurrean, guk herrien eta herritarren Europan sinesten baitugu”, adierazi du jeltzaleen buruak. “Erronkak argi eta garbi daude: klima aldaketa, digitalizazioa eta oinarri soziala. Gutxieneko bizi baldintza duinak sortu behar ditugu Europako hiritar guztientzat. Euskadin daukagun hori, nolabaiteko gizarte ongizatea, Europako txoko guztietara eraman behar dugu”, gaineratu du Ortuzarrek.

EAD-PDEren Kontseiluak alderdi berriak onartu ditu gaur bere baitan, gehienak ekialdeko Europakoak. Hasi berri den legealdira begira, beraz, indartuta egongo da PDE alderdia. Talde berri horien artean ere badago Compromiso por Galicia, hau ere EAJ-PNVren kide Europa Solidarioaren aldeko Koalizioaren barruan(CEUS) maiatzean Europako Parlamentua osatzeko egin ziren hauteskundeetan.

Gaur arratsaldean, PDEren Kontseiluaren baitan, Europako Institutu Demokrataren Batzarra eta Kontseilua egingo dira. Topaketa honetan Mikel Burzako EBBko Kanpo Harremanetarako burukide arduraduna izendatuko dute idazkari nagusi.

PARTEKATU