Ortuzar EAJ-PNVk 124 urte bete dituen egunean: “Ez dugu ahazten alderdia zertarako sortu zen: emakume eta gizon askeen Euskadi askea eraikitzea da gure xedea”

EAJk uztailaren 31n urtero egin ohi duen ospakizunean, EBBko presidenteak iragarri du talde jeltzaleak datorren urtean egin behar duen Batzar Nagusia egingo dela alderdiaren 125. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan
31 Uztaila | EBB

“Helburu zehatz batekin sortu ginen eta une bakar batean ere ez dugu ahazten. Euskadi aberri gisa eta alderdi sozialean askatzeko sortu ginen. Emakume eta gizon askeen Euskadi askea eraikitzea izan da eta da gure helburu nagusia. Bide onetik goaz. Euskadi nazioa da gaur egun, inoiz baino gehiago. Gure autogobernua daukagu, babestu behar dugu eta aurrera egiten jarraitu behar dugu Herri honi are ongizate maila handiagoa ekartzeko. Euskadi gure Aberria delako, jarrai dezagun ideia horrekin eta errealitate bihurtzeko tresnarekin, Euzko Alderdi Jeltzalearekin”. Esaldi horiekin eta ‘Gora Euskadi askatuta’ aldarriarekin amaitu du Andoni Ortuzarrek EAJ-PNVk uztailaren 31n San Inazio eguna ospatzeko eta 1895ean sortu zela gogoratzeko egin duen ekitaldi politikoa. “Gaur EAJ-PNVk 124 urte bete ditu eta onenean dago. Maila honetara iritsi gara hamarkada hauetan guztietan Alderdia burukideen gainetik egon delako, eta Herria eta denon ongia Alderdiaren gainetik egon direlako”, baieztatu du jeltzaleen buruak. Ekitaldia 11:30ean hasi da Albia Lorategian. Urtero bezala, lore eskaintza egin da Sabino Arana EAJ-PNVren fundatzailearen aurrean eta jarraian eskaini da ohorezko aurreskua. Ortuzarren hitzek eman diote amaiera ospakizun hunkigarriari, eta urtero bezala bertan izan dira Iñigo Urkullu Lehendakaria, Bizkai Buru Batzarreko presidente andre Itxaso Atutxa, Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibar, Araba Buru Batzarreko presidente José Antonio Suso, Ipar Buru Batzarreko presidente Pako Arizmendi, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente andrea eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea.

Diputatuen Kongresuan inbestidurak huts egin duenez geroztik Espainiako Estatuan sortu den egoera politikoaren aurrean, Ortuzarrek ez du aipamenik egin gabe geratu nahi izan. “Inori leziorik eman gabe eta are gutxiago moral merkea saldu gabe”, Ortuzarrek bai esan du “gauzak horrela eginez ezinezkoa da gauzak ondo ateratzea. Gol kopuru handiarekin irabazi nahirik, bileren erretransmisio zuzena eginaz, gatazka bilatuaz elkar ulertzea bilatu beharrean, akordioak ezinezko bihurtzen dira. Hori ez da eredua”, esan du eta Euskadiko akordioa eskaini du eredu gisa. “Euskadin hiru hamarkada luze daramatzagu ia erakunde guztietan koalizioan gobernatzen. Gure barruko zatiketa izan zen Euskadiko mapa politikoa zatitu zuena eta koalizioak beharrezko egin zituena. Eta, ordutik aurrera, kolore eta joera guztietakoak izan dira. Gurean, beharra bertute bilakatu dugu. Eta berrikitan oso denbora laburrean koalizio-gobernuak adostu ditugu hiru aldundietan eta EAEko hiru hiriburuetako udaletan. Laster gauza bera gertatuko da Nafarroako Gobernuarekin. EAJ dagoen lekuan akordioa dago. Besteak baino azkarragoak garelako? Ez. Beharra bertute bilakatu dugulako”, baieztatu du Ortuzarrek. “Eta hori da, hain zuzen, Madrilgo eragile politikoei buruan sartu behar zaiena. Gehiengo absolutuak iraganean geratu dira Diputatuen Kongresuan, eta erakundeak kudeatu behar dira beste batzuekin akordioetara iritsiz. Eta adosteak esan nahi du partekatzea, amore ematea, transakzioak egitea… Ezin dena da nahi den emaitza lortu arte sei hilero hauteskundeak egiten ibiltzea. Ezin da horrela ibili”, gaineratu du. Talde jeltzaleko presidenteak eskua luzatu du berriro “paralisi politiko honetatik irteteko. EAJk egoerak eskatzen duen mailan egoten jakingo du. Elkarrizketa baino ez dugu eskatzen. Ez dago beste errezetarik: elkarrizketa eta akordioa”, esan du, baina gainerako eragileei esan die premiaz ekin behar zaiola “arazoek hor jarraitzen dutelako, presazko eta premiazko erantzunaren zain. Ekonomian moteltze zantzuak agertzen hasi dira, erronka batzuk ditugu: klima aldaketa, biztanleriaren zahartzea, enpleguaren tenporalitatea, pentsio sistema, Europaren paralisia… Arazo bat daukagu, Estatuaren lurralde eredua Kataluniarekin eta Euskadirekin; eta irtenbide demokratikoak eskatzen ditugu arazo horiek konpontzeko. Hori dena eta gehiago dago. Hori dena konpondu behar da”, gogoratu du.

Halaber, Ortuzarrek Euskadiko egoera politikoaz hitz egin du eta gogora ekarri du eragile politiko batzuk egon daitezkeela Estatuko ezegonkortasuna Euskadira ekartzeko asmotan hauteskundeetan etekina ateratzea xede. “Hemen ere ditugu erronkak. Lehendakariak behin eta berriz eta argi eta garbi adierazi ditu azken aldian: Aurrekontuak, DBE-RGIaren erreforma, enplegua hobetzeko planak eta soldaten arrakalaren kontra eta abar… Horren aurrean batzuk egon daitezke blokeoa egiteko gogoarekin, Madrilen moduan egon gaitezen eta Euzko Jaurlaritza ahultzen saiatzeko. Hutsegite handia izango litzateke eta, gainera, beren ahultasuna baino ez luke erakutsiko. Lehendakariak oposizioko alderdiei elkarrizketa argi eta zintzoa eskaini die, gai garrantzitsu horiek guztiak adosteko. Eta, eskaintza horren aurrean, guk indar politiko guztiei eskatzen diegu Lehendakariaren eskua onartzea. Egoera politiko nahasi honetan, Euskaditik itxaropenezko mezua zabaldu nahi dugu. Ezberdinen arteko akordioak onak dira, komenigarriak dira; baina ez hori bakarrik, posible ere badira, hau da, akordioetara iritsi gaitezen hiritargoaren onbeharrez”.

Amaitzeko, Ortuzarrek iragarri du EBBk datorren urtera begira hartu duen erabakia, Batzar Nagusia Alderdiaren sorreraren 125. urteurrenarekin batera egiteko. “Iragana, oraina eta etorkizuna prozesu berean. Une egokia izango da berriz ere gizartera zabaltzeko eta gugandik zer espero duen galdetzeko”, baieztatu du jeltzaleen buruak.

PARTEKATU